Hunkituta eta harro itzuli dira

Hunkituta eta harro itzuli dira

Irati Saizar Artola

Aiztondoko udal ordezkariek hamar egun egin dituzte El Salvador inguruan, azaroaren 13tik 23ra. Aurten, 25 urte bete dira El Salvadorko Segundo Montes komunitatea eta Aiztondoko udalerriak senidetu zirela, eta, haiei bisita egiteaz gain, Euskal Fondoak gauzatu dituen uraren eta berdintasunaren aldeko proiektuak ikusi eta ezagutzeko ere hartu dute tartea. Mikel Arrastoa Euskal Fondoko presidenteordearekin batera —zizurkildarra da—, Pili Legarra Asteasuko alkateak, Josu Amilibia Adunakoak, Joxe Mari Luengo Zizurkilgoak eta Eva Usandizaga Zizurkilgo parekidetasun eta giza eskubideen arloko zinegotziak hartu dute parte bidaian.

Meangueran egin zuten senidetzearen mende laurdena ospatzeko lehen geldialdia. Aiztondon urtero egiten duten moduan, han ere senidetze eguna prest zeukaten bisitariak iristerako. Harrerarekin hunkituta itzuli da Legarra: “Bidaia hunkigarria izan da, harreman zuzena izan dugulako eurekin, gertukoa. Izugarrizko harrera egin digute, mila esker entzun dugu behin eta berriro”.

Senidetzea dela eta, urte osoan hainbat ekitaldi egiten dituzte Aiztondo bailarako udalerriek, dirua lortu eta Segundo Montes komunitateari modu batera edo bestera laguntzeko. Besteak beste, kros solidarioa egiten dute Asteasun, eta baita tortilla eta talo solidarioak edo santa eskea ere. Segundo Montes komunitateko hainbat ikasleri ikasketak ordaintzen laguntzen diete ekitaldi horietan bildutako diruarekin. Hain zuzen ere, ikasle horien graduazio ekitaldian presente egoteko aukera izan zuten udal ordezkariek. Arrastoa “harro” dago diruz lagundu ezean ikasteko aukerarik izango ez luketen ikasleak graduazio ekitaldian ikusita: “Ostalaritza eta turismoa, ingeniaritza zibila edo soldatze ikasketak egin dituzte gure laguntzari esker, eta norbera bete egiten du horrek”. Errealitateaz jabetzeko hara joan beharra dagoela uste dute udal ordezkariek. “Ekitaldiak egiten ditugu hemen, baina ez gara konturatzen zertan ari garen. Borondatea badaukagu, baina hara joan arte, hangoa ikusi arte, zaila da gure laguntza zertan islatzen den jakitea. Zirrara eragiten du hori guztia bertatik bertara ikusteak”, adierazi du Amilibiak.

Denbora askorik gabe ibili dira txoko batetik bestera. Aiztondoko udalerriak Euskal Fondoaren parte direnez, haiek antolatu diete bidaia. Nazioarteko garapen lankidetza sustatu, lagundu eta koordinatzen du Euskal Fondoak, eta El Salvadorko uraren eta berdintasunaren aldeko proiektuak gauzatzen laguntzeko konpromisoa hartua dute Aduna, Zizurkil eta Asteasuko udalek. Managuan dagoen Euskal Fondoko koordinatzailea da Aitor Landa, eta hark egiten die jarraipena, kontrola eta mantentzea inguru hartan garatzen diren proiektuei. Horietako batzuk ikusten eta inaugurazio ekitaldietan parte hartzen ibili dira euskal ordezkariak. Legarrak azaldu duenez, “oso garrantzitsua” da ikustea euren bizi kalitatea, eta zenbatekoa den bizi diren inguruan duten uraren beharra. Hainbat ur sistema jartzen dituzte martxan; besteak beste, biltegiak, putzuak eta iturriak. “Leku batzuetan badaukate ura, baina bi egunetan soilik, agian, edo astean, egunero, bi orduz soilik. Helburua da hango biztanleek egunero 24 orduz ura edukitzea”, azaldu du Amilibiak.

Berdintasunaren bila

Laura Lopez, San Francisco Menendez eta Rosario komunitateetako ur sistema berriak ikuskatu eta inauguratu dituzte euskal ordezkariek. “Ura nondik hartzen zuten erakusten zieten inaugurazio ekitaldietan, eta herritarren aurrean irekitzen zuten iturria. Horrez gain, ura zenbat metrora zegoen eta ur horrek zenbat familia hornitzen zituen, informazio hori guztia ematen zuten”, azaldu du Luengok. Suchitoto ingurua ere bisitatu zuten Pedrina Rivera alkatearen laguntzarekin, eta, guztiek azaldu dutenez, inguru hartan ez da erraza uraren proiektuak gauzatzea, etxebizitzak oso sakabanatuta daudelako.

San Salvador hiriburuan egin zituzten azken egunak, eta emakumeen etxe baten inaugurazioan parte hartu zuten han. Oscar Ortiz presidenteordearekin egoteko aukera ere izan zuten, eta baita Asanblea Nazionalean egotekoa ere.

Ur faltak emakumeei eragiten die gehienbat. Goizero-goizero, haiek egin behar izaten dituzte kilometroak etxeko kide guztiek ura izan dezaten; haiek behar dute ura, harrikoa egiteko edo arropa garbitzeko. Horren jakitun, eta berdintasunaren alde, Euskal Fondoa ahalegina egiten ari da emakumeak gauzatzen ari diren uraren proiektuen parte izan daitezen. Iturgintza erakusten diete, edo gizonezkoak nagusi diren uraren batzar nagusietan parte hartzen dute. Proiektu horietan, derrigorrezkoa da emakumeen presentzia bermatzea. “Lankidetza hori asko eskertzen dutela esaten ziguten beti”, hasi du azalpena Usandizagak. “Izan ere, emakumeen bizi kalitatea askoz okerragoa zen horrelako proiektuak garatzen hasi aurretik. Gauza handia da eurak ere Euskal Fondoaren proiektuen parte izatea eta ura etxean edukitzea”.

El Salvadorko biztanleei ondo gogoan gelditu zaie Legarrak ekitaldietako batean aipatutakoa: “Emakumea lanera ateratzen da kalera, baina gizona inoiz ez da sartzen etxera lanera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.