Elkartuko dituen harrera

Elkartuko dituen harrera

Ane Ubegun Goikoetxea

Xarranca Katalunian, ?otron Errumanian, Sunda Manda Indonesian eta Hopscotch ingelesez: txingoaren jolasa esaten zaio Euskal Herrian. Joko berari egiten diote erreferentzia aipatutako izenek, funtsean berdin jolasten baita herrialde horietan: lurrean lauki zerrenda bat marraztu, eta harri txiki bat jaurtiz, aurrera. Euskal Herrian hain ezaguna den jolasa beste hainbat tokitan ere ezagutzen dute, beraz, izendapen desberdinak erabili arren.

“Gure ideia nagusia da ikustea zerk elkartzen gaituen, zerk bereizten gaituen oso argi daukagulako denok: hizkuntzak, koloreak, janzkerak, kulturak. Baina zerk elkartzen gaitu?”. Galdera horri erantzuna bilatu nahi dio Nekane Martiarena Oiartzungo Abaraxka ludotekako arduradunak. Astero hainbat gai lantzen ditu haurrekin ludotekan, baina desberdina izango da biharko saioa: azken hilabeteetan Oiartzunera iritsi berri diren familiei harrera egingo diete, eta festa bat antolatu dute horretarako. Abaraxka ludotekak eta Oiartzungo Udaleko euskararen eta gizarte zerbitzuen sailek antolatu dute biharko saioa, elkarlanean.

“Etorri berriak ziren familia batzuekin elkartu ginen orain dela hamabost egun, eta konturatu ginen badirela hainbat jolas elkarren antzekoak direnak eta kultura desberdinetan erabiltzen ditugunak: txingoa, puxtarriak, txapak, sokasaltoa eta abar”. Martiarenak azaldu du jolas horiek egingo dituztela antolatutako saioan, eta iritsi berriei “modu berezian” egingo dietela harrera: “Begiratu dugu zenbat etorri berri dauden Oiartzunen, eta haien kulturako musika prestatu dugu: txinatarra, pakistandarra eta abar. ‘Ongi etorri’ idatziko dugu haien hizkuntzan, banderak jarriko ditugu, eta munduko mapa handi batean nondik datorren esan ahal izango du bakoitzak”.

Oiartzungo Udalak orain dela hiru urte inguru jarri zuen martxan egitasmo hori: “Euskara Saila eta Ongizate Saila harremanetan jarri ginen, eta urtean etorri berriak direnentzat lau harrera saio antolatzen hasi ginen”, azaldu du Ioritz Aizpuru Oiartzungo Euskara zinegotziak. Abenduko harrera saioa, ordea, “berezia” izango da, lehen aldiz parte hartuko baitute Abaraxka ludotekako umeek. Azken saioetara jende gutxiago joan zela ikusirik, gonbidapena herriko familia guztiei bidaltzea erabaki zuten: “Udalak eskutitz baten bitartez egiten zien gonbidapena iritsi berriei, baina jende gutxi etortzen zen, iruditzen baitzitzaien hotza zela udaletxearen eskutitz bat jasotzea, halako gonbit bat eginez. Hoztasunagatik, beldurragatik, ez ziren animatzen”, azaldu du ludotekako arduradunak. Arazo hori konpontzeko, Martiarenak dio saioa beste era batera antolatzea erabaki zutela: “Herriko zenbait elkarte elkartzea erabaki genuen. Deialdia ere aldatu dugu: eskolaren bitartez egin dugu orain, haur guztiak gonbidatu ditugu, eta gonbidapen pertsonalizatuagoak egiten saiatu gara, modu informalago batean”.

Saioa ez da soilik etorri berriak diren familientzat: irekia da deialdia, eta edonork parte har dezake. Izan ere, Martiarenak esan duenaren arabera, helburua “elkar ezagutzea” da, eta “sare berri bat sortzea”. Saioaren xedea bada oiartzuarren kontzientzian eragitea ere: “Oiartzunen gero eta kanpotar gehiago daude, eta nazionalitate desberdinekoak, gainera; lehen, sahararrak etortzen ziren batik bat, baina, orain, herrialde guztietatik etortzen dira. Herritarrak kontzientziatu egin behar ditugu; ikusi behar dugu gure herrian baditugula kanpotarrak, eta, gure herrikoak izatea nahi badugu, ateak ireki behar dizkiegula”, dio Martiarenak.

Udalak orain arte antolatutako saioetan, Oiartzunen aurki ditzaketen oinarrizko zerbitzuak zein diren eta non dauden azaltzen diete iritsi berriei, bideo baten bitartez: “Bideo bat jartzen dugu, Oiartzunen dauden zerbitzuak zein diren ikusteko eta zer esana emateko. Taldeko elkarrizketak sortzen saiatzen gara, edo, norbaitek zalantzaren bat izanez gero, horri buruzko galderak egin ditzan; baina egia da kosta egiten zaiela zalantzei buruzko galderak egitea eta besteen aurrean hitz egitea”, adierazi du Aizpuruk. Horregatik, esan du azken saioaren ondoren formatua aldatzea erabaki zutela, eta Oiartzungo taldeekin jarri zirela harremanetan. Familiek ez ezik, Aizpuruaren aburuz, garrantzitsua da herriko elkarteek ere deialdian parte hartzea, “elkarlana bultzatzeko”.

Euskara, herriaren ardatza

Aizpuruk azaldu du euskarak pisu handia izaten duela antolatzen dituzten harrera saioetan: “Etortzen direnei Oiartzunen euskaraz bizi garela eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugula azaldu nahi izaten diegu”. Gainera, euskara irakasteko, Aisa izeneko ikastaroak antolatzen ditu udalak, AEK euskaltegiaren bitartez: “Arrakasta izan dute, eta urtean bi ikastaro antolatzen dira. Ia debalde egin dezakete, eta garrantzitsua iruditzen zaigu euskararekiko eta euskal kulturarekiko lehen hurbilpen bat izateko”. Azaldu duenez, euren helburua da ikastaro horietan hasten direnek ondoren AEK-ko eskola arruntetan izena ematea.

Nolanahi ere, Oiartzunen antolatzen diren harrera saio horiek ez dira bakarrak Gipuzkoan: Azpeitian eta Errenterian ere antolatzen dituzte halakoak, besteak beste. Azpeitian, esaterako, iaz egin zuten lehen saioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.