Hamar andrek Varela salatu dute, “engainuz” argazkiak egiteagatik

A. Arzallus

2017ko uztailean egin zen publiko kasua, Sortuk “Donostiako militante ezagun bat” kanporatu zuela jakinarazi zuenean, emakume gazteei biluzik argazkiak egin zizkielako “engainu” bidez. Sortuk salatu zuenez, militante horrek ezker abertzalean zuen “erreferentzialtasuna” baliatu zuen emakumeak “engainatzeko”. Donostiako Piratetako kidea ere bazen gizon hori, eta kanporatu egin zuten handik ere. Haritz Varela da gizon horren izena.

Auzitara jo dute emakume horietako hamarrek. Donostiako epaitegi batean jarri dute salaketa, eta aurrera doa auzibidea. Deklaratzera deitu dute akusatua. Halaxe jakinarazi zuten epaitegira jotzeko urratsa egitera ausartu diren emakumeek, urriaren 9an Donostian egin zuten agerraldian. Orduan ohartarazi zutenaren arabera, salaketa jarri duten emakumeek baino askoz gehiagok jasan zuten engainua: Berrogei bat neskak, gutxi asko. Haietako gehienek, ordea, ez dute jarri Varelaren kontrako salaketarik; oraingoz ez, behintzat.

Emakume horietako batzuek abuztuan BERRIAri kontatu zioten gertatutakoa. Azaldu zutenez, proiektu artistiko baterako argazkiak egiten ari zela esaten zien Varelak, eta gizonak eta emakumeak biluzik ageri ziren irudiak behar zituela. Dirua agintzen zien. Horietako batzuek onartu egin zuten, eta argazkiak egin zizkien Varelak; eurek egindako argazkiak bidali zizkioten beste batzuek. Zinez, ordea, ez zegoen inolako proiektu artistikorik: beretzat nahi zituen irudiak.

Epaitegietan izandako oztopoak salatu dituzte emakumeek; “epaitegien izaera matxista eta eraso matxistei ematen dieten trataera egokirik eza”, hain zuzen.