“Harrotasuna ez da pertsonala; taldean bizi izan genuen aldaketa guztia”

“Harrotasuna ez da pertsonala; taldean bizi izan genuen aldaketa guztia”

Unai Zubeldia

Atzera begira jarri, eta Maribi Alonsori (Donostia, 1957) urruti ageri zaio 1980a. Oraindik gogoan dauka urtarrilaren 20 hartan, 07:00etan, zer-nolako urduritasun sentsazioa zeukaten lehen aldiz danborradan parte hartzera zihoazen Kresala elkarteko 25 emakumeek. Baina Donostian ordutik egoera asko normalizatu dela azpimarratu du. Berrogei urte geroago, upela joz aterako da etzi ere. Donostian eta Azpeitian guztia prest daukate San Sebastian egunarekin gozatzeko.

Danborrada besterik ez da, hala da, baina inguruan a zer saltsa sortzen den urtero…

Bai… 24 orduko jaia da, zarata handikoa, donostiarrok barru-barrutik bizi izaten dugun bakarrenetakoa. San Tomas eguna eta San Sebastian eguna, niretzat umetan horiek biak izaten ziren egunik berezienak.

Gaur egungo danborradak zerikusi gutxi izango du 1980an bizi izan zenutenarekin, ezta?

Tira… Funtsa berbera dela uste dut. Kresalak 1972an atera zuen, lehen aldiz, danborrada, eta 1980an eman genuen pausoa emakumeok. Baina ordurako oso elkarte bizia zen Kresala, kultur eta gizarte arloan oso aurreratua; hainbat hitzaldi antolatzen zen, jendea Kresalan elkartzen zen… Oso garai bereziak izan ziren lehenengo haiek, eta oso giro berezia geneukan gure artean ere. Danborradako batzorde buruak aldatu egin ziren 70eko hamarkadan, gure kuadrillako hiru lagunek hartu zuten ardura, eta, bakoitzaren egitekoa bizi osorako mantendu gabe, txandakatze sistema martxan jartzea erabaki zuten orduan, gizonezkoen danborradan lehenengo, eta emakumezkoen kasuan ere bai gero.

Emakumeak danborradan sartzea ez zen izango bat-bateko erabakia, ezta? Nola hasi zen gorpuzten erabakia?

Saiakera bat izan zen 1979an. Nerabezaroan geunden gu, eta borondate handia geneukan, baina ezinezkoa izan zen, ez zegoelako denborarik. Argi geneukan egin behar bagenuen, ondo egin behar genuela. Elkartean babes handia geneukan pausoa ematea erabaki genuen 25 emakumeek; guztiz naturala izan zen dena. Elkarrekin ibiltzen ginen dantza taldean, mendian, elkarteko beste hainbat batzordetan… Oso parekidea zen harremana, askea, eta horregatik izan zen zilegia guk egin genuen eskaria. Ez zen izan emakumeen eskaera soilik, ados zeuden elkarteko bazkide gehienak.

“Gehienak” esan duzu, baina kontrako iritziren bat edo beste ere entzun behar izan zenuten, ezta? Bazkide izateari ere utzi zion bakarren batek, eta txisturen batzuk ere izan ziren egunean bertan.

Bai… Izan zen kontrako joeraren bat edo beste, baina nik ez nuen horrela bizi izan. Ez dakit helburuarekin oso itsututa geunden edo zer, baina oso argi geneukan zilegia zela eskatzen ari ginena. Ez genuen eskatzen ezer berezirik: danborradan parte hartzea, besterik ez. Jende askoren babesa sentitu genuen, eta, besteren artean, historia aldetik asko lagundu zigun [Javier] Sadak. Berehala ikusi genuen danborradan parte hartzeko aukera geneukala.

Pausoa ematea erabaki zenuten, baina gauza asko zeuden lotzeko. Jantzien kontua, esaterako.

Bai… Garai bateko Donostia txiki hartan kalean elkartzen ziren hainbat ogibidetako herritarrak; iturrietatik jasotzen zen ura garai hartan, ez baitzen iristen etxeraino. Emakumeak joaten ziren ur bila, eta, horri helduta, nahiko erraz lotu genuen garai bateko historia eta urketarien jantzia.

Uneren batean arriskuan ikusi al zenuten erabakia?

Ez. Oso argi geneukan atera beharra geneukala; hori zen taldearen helburua. Hala bizi izan nuen nik. Ezetza bageneukan, eta aurrera egitea tokatu zitzaigun guri.

Iritsi zen 1980ko urtarrilaren 20a. Goizeko zazpiak. 25 emakumeak Kresala elkartearen barruan, gogotsu eta urduri. Nola gogoratzen duzue momentu hura?

Oso urduri geunden hasieran. Ardura handia geneukan, ematera gindoazen pausoa ez zelako gurea bakarrik; bagenekien ondorioak izango zituela. Pozik geunden, gure eskaera gauzatzera zihoalako, baina bagenekien ondo egin beharra geneukala egin beharrekoa. Kalera atera ginenean argi gelditu zen emakumearen presentziak ez zuela txikitzen danborrada bera edo jaia; guztiz kontrakoa, ekarpen handia egin zion. Denontzat lekua egon beharko luke; inori ezin zaio ukatu bere eremua.

Orduko kontakizunak entzunda, ikusmin handia sortu zen Donostiako Euskal Herria kalean. Lepo beteta zegoen dena.

Bai, bai. Kamerak, jende pila bat bazterretan… Txaloka aritu ziren asko eta asko, eta txistuka ere bai beste batzuk, baina berehala isildu ziren txistuak. Oso gogorra izan zen irteera, oso latza, baina uste dut guk ohore handiz egin genuela gure lana. Pauso horri esker, Antiguan eta beste txoko batzuetan berehala hasi ziren emakumeei atea zabaltzen.

Ateak aipatuta, elkarte askok ateak itxi zizkizueten euren paretik igarotzean, ezta?

Hala da, bai. Baina denborak bere lekuan jartzen du bakoitza, eta argi gelditu da pauso garrantzitsua izan zela 1980koa. Berrogei urte geroago, Donostian normalizatuta dago prozesu hori, eta iraganeko kontuak direla uste dut.

Gogoan duzu, behin ibilbidea amaituta, nola ospatu zenuten balentria hura?

Oso pozik geunden, oso-oso pozik. Gure danborradaren ordutegia ez da onegia. 07:00etan abiatzen gara, eta gogorra izaten da eguna; bezperako afaria, atseden pixka bat hartu, 07:00etan jotzen hasi, 11:00etan amaitu… Ordutegi horrek asko baldintzatzen du eguna, eta oso nekatuta amaitzen dugu. Baina oso gustura eta lasai bukatu genuen eguna.

San Sebastian eguna ospatzeko ereduan aldaketa ekarri zuen Kresala elkartearen erabakiak. Harrotasun pixka bat sentituko da berrogei urte geroago, ezta?

Harrotasun hori ez da pertsonala; nik, behintzat, ez dut horrela bizi. Pozik nago lehen danborrada horren parte izan nintzelako, baina taldean bizi izan genuen aldaketa, oso kolektiboa izan zen; 25 emakume geunden kalean, baina gizonak ere bazeuden ondoan.

1989an beste pauso bat eman zenuten: lehen aldiz urketarien zuzendari nagusi izan zen Lourdes Etxeberria.

Beste pauso natural bat izan zen hori, ordura artekoaren jarraipen guztiz logikoa. Zentzu horretan ez zen izan inolako gorabeherarik. Gerora, niri ere egokitu zitzaidan zuzendari izatea; hiru urtez eduki nuen ardura hori.

Donostian egoera normalizatuta dagoela aipatu duzu, baina aurten, oraindik ere, gizonezkoek soilik osatuko dituzte bederatzi danborrada. Zer esango zenieke elkarte horiei?

Ez daukat ezer berezirik esateko. Ez dakit elkarte horiek zer-nolako egitura daukaten. Eurekin bizi diren emazte eta alabek kanpokoek baino gehiago hitz egin beharko lukete, agian. Gizonezko horiek ez dakit gero, etxean, nola bizi izaten duten egoera hori. Euren ingurukoek hitz egin beharko lukete, baina, tira, beti egoten dira kontraesanak. Hori bai, pena litzateke bidea ixtea; niretzat oso garrantzitsua litzateke elkarte horietan emakumeak bazkide izan ahal izatea. Urtean behin 24 orduz izaten da danborrada, baina askoz garrantzitsuagoa litzateke bazkide izateko jartzen dituzten baldintzak aldatzea, urteko 365 egunetan bizi behar izaten delako errealitate hori. Badakit saiakerak izan direla, eta hor dago Union Artesanaren kasua. 1980an atea itxi ziguten guri, baina bazkide gizonak soilik izatetik emakumeak ere izatera igaro den lehenengo elkarteetako bat izan da. 150 urte beteko ditu hurrengo urtean, eta niretzat oso garrantzitsua da ospakizun horien aurretik emakumeei atea ireki izana.

Berrogei urteko ibilbide luzean, gogoan izango dituzu bi egun: 2004ko urtarrilaren 10a, lehenengo; egun horretan omenaldi goxoa jaso zenuten udaletxean.

Oso polita izan zen egun hori. Orduan Odon Elorza zen Donostiako alkatea, eta uste dut parekidetasunaren alde ahalegina egin zuela hark. Donostiak zor dio hori Odon Elorzari.

2013an, berriz, Konstituzio plazako balkoian izan zineten sei emakume, festari hasiera emanez. Zer esanahi izan zuen keinu hark?

Niretzat oso pauso garrantzitsua izan zen garai hartako alkateak [Juan Carlos Izagirrek] herritarrei Konstituzio plazako eraikinaren ateak irekitzea, eta baita gaur egun herritarrak, zozketa bidez, balkoian egon ahal izatea ere.

Kontuak zer diren, aurten, berriz ere, zalaparta handi samarra sortu du Urrezko Danborrerako hautagaiak emakumezkoak soilik izateak. Zer iritzi daukazu horren inguruan?

Hori bai dela kontu zaila! Oso zaila da erabaki zuzena hartzea, oso zaila. Mundu mailan emakumeen aldeko hainbat ekimen izan da 2018an, eta horri segika hartutako erabakia izan dela uste dut. Ez dakit zenbateraino izan den egokia; ez daukat argi. Garrantzitsua da diskriminazio positiboa egitea, baina hainbat alorretan lanean ari den emakumea islatu beharra dago horretarako, ondoren Urrezko Danborrerako hautagai izateko. Artearen munduan, agian, beste zenbait alorretan baino gehiago ireki zaio atea emakumeari, baina emakume ingeniariak ere badaude, adibidez, eta gutxitan azaltzen dira horiek. Erakunde publikoek ahalegin berezia egin beharko lukete parekidetasunaren alde. Emakume profesional asko dago munduan, baina horietako gehienak ezkutuan geratzen dira sarri. Urrezko Danborra irabazteko bost hautagai gizonezko eta bost emakumezko aurkeztu beharko lirateke agian, eta ondoren aztertu. Urte batzuetan hiru sari ere banatu izan dira urte berean. Ez dakit… Ez daukat argi. Nola ez dakit, baina momentu oro islatu behar da prozesu hori.

1976tik irakasle lanetan ibili zara Oiartzungo Haurtzaro ikastolan. Neska-mutikoei nola helarazi behar zaie berdintasunaren aldeko diskurtso hori?

Arazoa ez da irakasleak zer irakasten duen, haurrek zer ikusten duten baizik. Irakatsi gabe ere ikasi egiten dira gauzak askotan, ikusiz, eta ikusten duten hori da hezkuntzarik egokiena. Eguneroko hori parekidea eta askea izatea da kontua.

Urrutira joan gabe, ordea, Hondarribian eta Irunen, urtero, diskriminazioaren ariketa argia islatzen da alardearekin. Berdintasunaren bidean pareta asko daude hausteko oraindik?

Prozesu horiek oso modu desegokian enkistatu direla uste dut. Zailtasunak zailtasun, Irunen pausoak ematen ari dira emakumeak. Oso momentu gogorrak eta larriak igaro behar izan dituzte azken urteotan, baina egoera hori bigundu egin da nolabait esatearren. Hondarribiakoa, ordea, ezinezkoa da ulertzea. Gauza asko elkartu ziren bere garaian, eta egoera bideratu ezinik jarraitzen dute, hartzen duten erabaki bakoitzak ez duelako laguntzen giroa lasaitzen.

Liskar giroa alboratuta, ordu gutxi falta da San Sebastian egunerako. Zer mezu bidaliko zenieke festarako prest dauden horiei guztiei?

Disfrutatzeko. Urtean behin 24 ordu baino ez ditugu izaten gure jaiaz gozatzeko. Eutsi animoari, eutsi gogoari, eta disfrutatu musikarekin, danborrarekin edo upelarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.