Lizentziadun berrien ehizan

Aitziber Arzallus

Triatloiko lizentziadunen kopurua jaitsi egin da azken bi urteotan. Horregatik, triatloia sustatzeko eta jendea lizentziak egitera animatzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako Triatloi Federazioak. “Gipuzkoako triatloi taldeei kanpainarekin bat egin zezaten eskatzea pentsatu genuen, jende gehiagorengana irits gaitezen”, adierazi du Iban Perez federazioko presidenteak. “Triatloia ezagutarazteaz gain, jendeari lizentziak egiteko erraztasunak eman nahi dizkiogu”. Zazpi triatloi taldek erabaki dute federazioaren kanpainarekin bat egitea: Aloña Mendik, Azkoitri Triatloi Klubak, Deba Extremek, Nik Tri Triatloi Taldeak, Trinko Lasarte-Oria Triatloi Taldeak, Ordizia Triatloi Taldeak eta Zarautz Triatloi Elkarteak.

Kanpaina “batez ere, bisuala” izango da, Perezen arabera. “Kartela diseinatzeko, inprimitzeko, banatzeko eta taldeei formakuntza emateko konpromisoa hartu genuen guk. Eta taldeek konpromisoa hartu dute kanpainaren kartela herrian jendeak ikusteko moduko leku batean jartzeko, eta urtarrilean gune horietan ikusgai izateko”. Talde bakoitzak aukeratu du kartela ezartzeko lekua. “Gure gomendioa izan da leku hori kiroldegia edo kirola egiten dutenak ibiltzen diren lekuren bat izatea. Talde batek baino gehiagok erabaki dute herriko leku batean baino gehiagotan jartzea”, azaldu du Perezek.

Azkoitri Triatloi Klubekoek, esaterako, Azkoitiko Elkargunean eta Azpeitiko kiroldegian jarri dute kartela. Zarautz Triatloi Elkartekoek, berriz, Zarauzko kiroldegiko sarreran. Bi aukera dituzte triatloiko lizentzia egiteko interesa dutenek: bata, herri bakoitzeko triatloi taldera jotzea; bestea, Gipuzkoako Triatloi Federazioarekin harremanetan jartzea, gipuzkoakotriatloifederazioa@gmail.com helbidera edota 677 243 198 Whatsapp zenbakira idatzita —17:00etatik 20:00etara—. Perezek adierazi du, lizentzia egiteko interesa duen norbait joango balitzaie, dagokion zonaldeko taldera bideratuko luketela eurek, “talde bakoitza mundu bat baita”. “Bere eskaintza egiten du bakoitzak: talde batzuek beren gain hartzen dute lizentzien kostuaren erdia, esfortzu froga doan egiteko aukera eskaintzen dute beste batzuek…”.

Azken bi urteotan triatloian aritzeko lizentzia gutxiago banatu izanak, ez du esan nahi, ezinbestean, triatloia jende gutxiagok egiten duenik. Izan ere, triatloi proba guztietan parte hartzeko ez da beharrezkoa federatuta egotea. “Euskadiko triatloi egutegi ofizialeko probetan parte hartzeko bai, ezinbesteko baldintza da lizentzia izatea”, azaldu du Perezek. “Baina, badira super sprint distantziako proba herrikoiak ere, eta horietan parte hartzeko ez dago federatuta egon beharrik, atleta herrikoiek ere parte har dezakete”.

Horrelako zerbait gertatu da Gipuzkoan: lehen adina kirolari aritzen dira triatloian, baina lehen baino gutxiago dira lizentziadun kirolariak. Perezek eta haren taldeak 2006ko udan hartu zuten Gipuzkoako Triatloi Federazioko zuzendaritza. “Ordutik nabaritu dugu lizentzietan beherakada, baina, bestalde, egia da partaidetza ez dela jaitsi. Iaz proba batzuk ez ziren egin, 2017an baino triatloi proba gutxiago egin ziren, baina, batez beste, mantendu egin zen partaidetza. Beraz, lizentzietan egon da beherakada, baina ez triatloia praktikatzen duen jende kopuruan”. Eta Araban eta Bizkaian ere gauza bera gertatu dela gaineratu du. “Han ere lizentzia kopurua jaitsi egin zen iaz, eta urte askoan halakorik gertatu gabe zegoen. Ez dakit beste lurraldeetan zer irakurketa egiten duten, baina Gipuzkoan beherakada hori zergatik egon den jakin nahi dugu guk”.

Perezek uste du, abian den kanpainari esker, gai izango direla egoeraren azterketa egiteko eta jaitsiera horren arrazoietara iristeko. “Orain badaukagu tarte bat lizentziekin zer gertatzen ari den eta arazoa zein den lasai aztertzeko. Komunikazio arazo bat da agian, lizentziei ez diegula ematen daukaten garrantzia, eta kirolariek ez dakitela lizentzia bat izateak zer-nolako onurak eragiten dizkien”. Izan ere, lizentzia bat izateak eskubide eta berme batzuk ematen dizkio kirolariari: “Esate baterako, kirol istripuetarako asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua, eta baita txapelketetan parte hartzeko eskubidea ere. Baina litekeena da jendeak hori guztia ez jakitea”.

Taldeetan, kezkarik ez

Gorka Benitez Azkoitri Triatloi Klubeko koordinatzaileak eta Gorka Silvan Zarautz Triatloi Elkarteko lehendakariak ez dakite zeintzuk izan daitezkeen lizentzia kopurua jaitsi izanaren arrazoiak. Benitezek dio, 2011n, bera hasi zenean, Azkoitiko taldeko sei edo zazpi kidek besterik ez zutela lizentzia, eta duela bi urte, berriz, 35 bat kidek zutela. Aurten, badaki sei edo zazpi kide berrik ateratzeko asmoa dutela, baina ezer gutxi aurrera dezake hortik aurrera. “Gainera, uztaila aldera arte zaila da zenbat lizentziadun izango garen jakitea, batzuek urtarrilean ateratzen dutelako lizentzia eta beste batzuek martxoan”. Silvanen arabera, berriz, Zarauzko taldea osatzen duten 80 kideetatik erdiek edo gehiagok ateratzen dute lizentzia, “40-50 bat kidek”, eta azken urteetan ez dute antzeman jaitsiera nabarmenik.

Biek ala biek onartu dute urtetik urtera aldatu egiten dela taldeko lizentziadunen kopurua, baina “norberaren etxeko gorabeherengatik” izaten dela. Silvanen hitzetan, aldaketak izaten dira urtetik urtera, “baina norberak dituen helburuen edo etxeko kontuen arabera”. Ez dute uste aldaketen edo jaitsieraren atzean arrazoi jakinik dagoenik.