Zirriborroentzat geldialdiak

Zirriborroentzat geldialdiak

Asier Perez-Karkamo

Mendian korrika ibiltzen direnek entrenatzeko hitzorduak adosten dituzten bezala, eta literatura zaleak irakurketa tailerretan elkartzen diren modu berean, artista amateurrek ere egiten dituzte euren saioak. Joan den igandean hogeigarrenez elkartu ziren Hondarribiko Garabateando tailer irekiko kideak, aurreko hemeretzi aldietan bezala, kalean elkarrekin zirriborroak egiteko.

Hilean behin egiten dute Garabateando tailerra; urtarriletik abuztura, hileko bigarren igandean, eta, irailetik abendura, hirugarrenean. Otzazki kultur elkarteko Juncal Alfonso irundarraren ekimenez sortu zen egitasmoa, eta Otzazki inguruan elkartzen hasi ziren lehen saioetan, inguruko txokoak marrazteko: Zumardia, harresiak, Kale Nagusia… Geroago, taldea handitu zenean, ibiltaria bilakatu zen jarduera, eta leku desberdin batean egiten zuten topo aldiro: San Pedro kalean, portuko eliza inguruan, kasino zaharreko lorategietan… “Adin eta jatorri askotako pertsonak elkartzen gara, eta marrazteko beharra duen edozein etor daiteke. Herriko hainbat eremu biltzen ditugu gure koadernoetan, eta, hala, ondare historikoa barneratzen dugu”, azaldu du Alfonsok. Igandekoa zenbaki biribila izanik, Otzazkin egin zuten topo. Eguraldiak ez zien gehiegi lagundu, eta aterpea bilatu behar izan zuten lan egiteko: udaletxeko arkupeak, Damarriko tabernetako terraza itxiak… Hogeiko taldea osatu zuten, nolanahi ere.

Garai batean ohikoa zen bai Hondarribian bai Irunen artistak kalean margotzen ikustea, baina erabat galduta zegoen usadio hori. Garabateandok berreskuratu egin nahi du ohitura hori: “Hiri paisaiaren parte gara gu; kalean margotzen dugu, jarduera artistiko hori egiten dugu, eta oso errotuta egon da Bidasoa eskualdean”, nabarmendu du Otzazkiko kideak.

Pixkanaka-pixkanaka, euren estudioetan gorde dira artistak, eta horrek ez du eragin hiri paisaian bakarrik; margolariaren teknikaren kalterako ere izan da, Olga Begino tailerreko kideak aitortu duen bezala: “Teknikari begira, oso garrantzitsua da kalean margotzea”, adierazi du hondarribiarrak. “Estudioan erraza da, argazkia hor duzu, zure zain. Baina azkartasuna behar da kalean, unean uneko argia eta mugitzen diren pertsonak eta objektuak harrapatu behar dituzu”.

Pintura zale guztiek parte har dezakete Garabateando egitasmoan, edozein dela ere norberaren teknika eta maila. Parte hartzaile gehienak bidasoarrak diren arren, Zumarraga, Donostia, Errenteria eta beste hainbat lekutatik ere inguratzen da jendea, baita Gasteiztik ere. Bere materiala eraman behar du bakoitzak. Yolanda Etxezarreta azpeitiarrak, esaterako, koadernoa eta errotulagailuak eraman ditu: “Errotulagailu finak erabiltzen ditut nik. Zuzenean egin beharrean, arkatzez marrazten dut lehenbizikoz eta gero errotulagailuz pasatzen dut gainetik. Bi orduko saioak izaten dira eta ez da egoten denborarik gauza askotarako”. Errotulagailuak eta ur-margoak eraman ditu Sofia Arostegi hernaniarrak: “Errotulagailu fin batekin marrazten dut normalean eta lodiagoarekin kolore pixka bat ematen diot gero, itzalak egin… Denbora edukiz gero, akuarelak ere erabiltzen ditut, kolore mantxa batzuk egiteko, batez ere”.

Hondarribiko ondarea deskubritzeaz eta marrazketa azkarrean trebatzeko aukera eskaintzeaz gain, artistek elkar ezagutzeko modua izaten dute hileroko topaketetan: “Niretzat garrantzitsua da hori”, adierazi du Etxezarretak. “Izan ere, beste zale batzuekin hitz egiteko eta euren lanak ikusteko aukera izaten dut saio horiei esker, eta aholkuak eskatzekoa”.

Arostegirentzat ere garrantzitsua da “elkartzea, besteekin zaletasuna konpartitzea, besteen teknikak eta materialak ikustea… Elkarri kontatzen diogu norberaren egiteko modua zein den, gustuko eszenak zein ditugun… Asko hitz egiten dugu”.

Arostegiren hitzetan, normalean luzatu egiten dira jardunaldiak, behin lanak aurkeztuta erakusketei, ikastaroei eta euren zaletasunei buruz hitz egiteko baliatzen dituztelako tailer egunak. Etxezarretak ere ondo pasatzen du eguerdi alde horretan: “Niri momentu hori gustatzen zait gehien. Argazkia ateratzen dugu eta hurrengo egunerako hitzordua zehazten dugu. Gordeta izaten dut egun hori”. Kideen arteko giro ona nabarmendu du Beginok: “Interes berberak dituztenekin elkartzeko aukera izaten dugu, besteen lanak ikustekoa. Inor ez da beste inor baino gehiago; elkarri laguntzen aritzen gara, hobetzeko”.

Oso balorazio ona

Udaberrian bi urte beteko ditu tailerrak, eta orain artekoaren balorazio oso ona egin du Alfonsok. Lehenik eta behin, hilero elkartu direlako: “Oso ona da balantzea; bi urte inguru daramatzagu eta hilero elkartu gara hutsik gabe. Neguak eta udaberriak ez dira errazak, eguraldiagatik, baina egindako deialdi guztietara hurbildu da jendea”. Taldea handituz doalako ere gustura dago tailerraren sortzailea: “Gero eta gehiago gara, sare sozialetan mugitzen ari gara, eta ziur naiz taldeak handitzen jarraituko duela. Oso positiboa da kultur eskaintzaren parte izatea eta diziplina honen zaleei horrelako jarduera batean parte hartzeko aukera eskaintzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.