Ikasi egiten da janarekin gozatzen

Kerman Garralda Zubimendi

Ez da erraza janarekin harreman osasuntsua izatea, emakumeentzat bereziki. “Modu jakin bateko gorputzak izatera behartzen gaitu patriarkatuak, eta, inkontzienteki bada ere, presio estetiko horren erruz, emakumeok gureak ez diren gorputzak izateko jarrerak barneratzen ditugu”, azaldu du Miriam Herbonek, emakumeen ahalduntze prozesuetako hezitzaileak. Bihar eta datorren larunbatean, elikadura kontzientearen inguruko tailer bat gidatuko du Urola Garaiko Emakumeen Etxean, Urretxun. “Jakin behar dugu zerk bultzatzen gaituen jatera, nola jaten dugun, eta gure emozioek zer eragin daukaten”.

Herbonen hitzetan, emakumeek “oso barneratuta” daukate patriarkatuak ezarritako edertasun kanonak bete behar dituztela “onartuak, maitatuak eta arrakastatsuak” izateko. “Edertasunaren paranoian bizi gara”, laburbildu du. “Gero eta ugariagoak dira krema kosmetikoak eta operazio estetikoak. Elikadura nahasmenduren bat dutenen hamarretik bederatzi emakumeak dira. Ez da kasualitatea”.

Presio estetikoak kate motzean lotzen ditu emakumeak, eta ezin izaten dute gozatu janarekin. “Geure buruari jaki batzuk galaraztea, jateari uztea, osasuntsu jatearekin itsutzea… Indarkeria da hori ere. Patriarkatuak eragindakoa, baina emakumeok geure buruaren aurka gauzatutako indarkeria. Indarkeria sinboliko hori jorratuko dugu tailerrean, era praktiko eta teorikoan”, azaldu du. “Patriarkatuaren presioak zuzenean emakumeoi eragiten digunez, emakumeei bideratuta dago tailerra”, nabarmendu du Erbonek. “Guztiak daude gonbidatuta: janarekin harreman osasuntsua izan nahi duen edozein emakume, pisua galdu edo irabazi nahi izanda ere lortu ezin duena, elikadura nahasmenduren bat duena…”.

Jana kontrolatu behar hori muturrera eramanda, egoera arriskutsu bihur liteke. “Itsutu egin gaitezke. Emakumeak hainbeste obsesionatzen badira janarekin, elikadura nahasmenduak sor daitezke”. Horren ondorio dira, esaterako, anorexia eta bulimia.

Hebronek argi du presiopetik irteteko bidea ez dela jan kontuetan norberak bere buruari mugak jartzea, baizik eta, “barrutik eta kanpotik, norbera den bezalakoa maitatzen ikastea”. “Bizitza honetan, egin beharreko guztiak norbere buruarekiko maitasun ekintza bat izan behar du; jateak ere bai”. Beraz, den bezalakoa dela onartuz gero, bere buruarekin bakean egongo da, eta janarekin gozatu ahal izango du. “Oinarrizkoa da kaloriak kontatzeari uztea eta gozatzeko jaten hastea. Bizi izateko jan behar da, gozatzeko”.

Herbonen ustez, aldaketarako gakoa buruan dago: “Nork ez du ezagutzen dietarekin emaitza onik lortu ez, eta pisua galdu ezinik dabilen emakumeren bat? Gure gorputza ez dago prestatuta pisua galtzeko; buruak ere lagundu egin behar du lan horretan”. Ondorioz, elikadura kontzienteak dietaren osagarri izan behar du.

Errealitate hori argi ikusten da pisua galdu ezinik dabiltzan emakumeen kasuan. “Patriarkatuaren edertasun kanonek egiten duten presioak psikologikoki eragindako arazoak direla eta, beren burua ez dute sekula argal ikusten”. Zaila izaten da egoera horri buelta ematea, buruak galga lana egiten duelako. “Argi eduki behar dugu egoera horretara nola heldu garen, gero neurri egokiak hartu ahal izateko”.

Janaria, ihesbide

Era berean, Herbonek argi du janaria tapaki bat dela: “Alkohola eta drogak bezalaxe. Estresa, antsietatea, frustrazioa… Horiek guztiak estaltzeko tapaki bat da”. Haren hitzetan, sarri, goseagatik ez, “sentsazio desatseginak estaltzeko” jaten dute askok. “Zer ari zara jaten? Pizza bat edo frustrazioa?”, galdegin du.

“Zenbat aldiz iritsi ote gara etxera pizza edo hanburgesa afaltzeko gogoz, egun luze eta neketsu baten ostean? Janarekin estaltzen ditugu eguneko sentsazio negatiboak”. Halere, argi utzi du izatez ezer ez dela txarra: “Ez dago jaki on eta txarrik. Jakina, pizza bat baino osasuntsuagoa da sagar bat, baina pizza zergatik jan nahi dugun baldin badakigu, eta neurrian jaten badugu, ez dago arazorik”.

Goseari izena jartzea garrantzitsua dela uste du adituak. “Hozkailuari, askotan, ez diogu goseagatik erasotzen. Pentsa dezagun zerk bultzatzen gaituen hori egitera”. Hau da, jakinik jateko gogoa frustrazioak, estresak edo dena delakoak eragiten duela, emozio horiek kontrolatuz errazagoa da jakiei neurria hartzea. “Eta, hala, ez gara errudun sentituko”.

“‘Zergatik jan dut hainbeste?’ Zenbat aldiz pentsatu ote dugu antzeko zerbait?”, bota du galdera Herbonek. “Errudun sentitzeak are gehiago zigortzen du geure burua, eta janarekin harreman osasuntsua izatea galarazten du”. Errudun sentitze hori “edertasunaren presioarekin” lotzen du Herbonek. “Arazoa ziklikoa izaten da askotan”, eta hezitzaileak gogorarazi du zurrunbilotik irten eta nork bere burua maitatu behar duela.