Ametzetatik errealitatera

Ametzetatik errealitatera

Asier Perez-Karkamo

Gizakiak esku hartu izan ez balu, Jaizkibel mendiaren ia %89 ametzez beteta legoke jada, %8 haritzez, %2 itsaslabarrak hartuko zukeen, eta gainontzekoa, haltzek, erreka ertzeko zuhaitzek. Ametzak izango lirateke hamar hektareatik ia bederatzi, eta, haritzak gehituz gero, %96tik gora lirateke. Egun, eremu osoaren %12 da basoa, eta ametzek mendiaren %6 baino ez dute betetzen.

Duela bizpahiru hamarkada arte, urtetik urtera murriztu egiten zen basoa Jaizkibelen. Ohikoak ziren, gainera, Pasaiako, Lezoko eta Hondarribiko hareharrizko formazioa beltzez janzten zuten suteak. Eten egin da bilakaera hori, eta, oso tantaka bada ere, egoerari buelta ematen ari dira. Jaizkibel Natura 2000 sarean sartzearekin batera, erakunde publikoak lanean hasi ziren ordura arte gaizki egindakoak zuzendu eta mendiari berezkoak dituen ezaugarriak itzultzeko.

Helburu bera izan dute Hondarribiko Talaia institutuko ikasle batzuek. Garai bateko Jaizkibel irudikatu dute; begiak itxi, eta ametzez beteta ikusi dute euren mendia, eta ekarpentxo bat egitea erabaki dute. Udazkenean, ezkurrak bildu zituzten, eta, astelehenean, ehun bat zuhaitz aldatuko dituzte mendian. Jaizkibel ameztu izena jarri diote programari, eta bertako espezieak berreskuratzeko lanetan ari diren erakundeen arreta piztu dute.

DBHko laugarren mailako Zientzia Aplikatuko hamalau ikasleak ari dira Jaizkibel amezten, baina institutuko maila guztietako ikasleak inplikatu dituzte proiektuan. Hala azaldu du Izaskun Cenozek, haien irakasleak: “Urri erdialdean ezkurrak biltzera joan ginen, eta hainbat metodorekin hasi ginen ezkurrak ernaltzen. Lauzpabost ezkur eta ezkurrak ernaltzeko materiala eraman genituen DBHko gela guztietara. Gela bakoitzak egunero ezkurrak zaintzeko ardura zuen: hezetasuna mantentzen ote zuten ikusi; lehortzen baziren, busti… Zer egin behar zuten erakutsi genien, eta proiektuaren helburua zein zen azaldu”.

Cenozek Biologiako hiru irakasle izan ditu ondoan, laguntzen: Amaia Agirre, Maier Gereka eta Iñaki Sanz-Azkue. Azken horrek kontatu duenez, irakasleak ikasle bilakatu dira prozesuan, metodologia zehazterakoan: “Ez da ezkurrak lurrean jartzea eta haztea bakarrik: metodologia bat dago atzean, eta ikasi egin behar izan dugu”. Ezkurrak ur balde batean jarri zituzten lehenbizi, eta baztertu egin zituzten hondoratzen ez zirenak. “Barrutik ustelak edo hutsak daudela esan nahi du horrek”, argitu du Biologiako irakasleak. Erortzen zirenak jaso eta horiek ernaltzen aritu dira, baina Cenozek onartu du ez zaiela nahi bezala atera. “Askok harrak zituzten, eta beste batzuk ekarri behar izan genituen. Ikasleek ikasi dute dena ez dela ongi ateratzen lehenengoan; hainbat saiakera egin ditugu, emaitzak lortu arte”.

Ikasturte hasieran sortu zuten programa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritzan aurkeztu zuten. “Guk diseinatu dugu proiektua, baina dakienari galdezka ibili gara beti”, nabarmendu du Sanz-Azkuek. Hain zuzen ere, Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren, eta bereziki Jaizkibelgo basozainarekin partekatu dituzte zalantzak; baita aldundiak Urnietan duen mintegiko langileekin ere.

Aldundiko gomendioei jarraikiz, ezkurrak paper bustien artean bildu zituzten. Beste aukera baten berri ere izan zuten gerora: “Biltzar batean azaldu genuen programa, eta landareen fisiologian doktorea den batek esan zigun hondarretan jartzeko, Jaizkibelen habitataren parte bat hareharria delako. Ezkurrek negua sentitu behar zutela ere esan zigun, eta, horregatik, ezkur batzuk hondarretan jarri eta hozkailuan eduki ditugu, negua igaro dezaten”. Bi metodoak erabili dituzte; ezkur gehienak, paper bustian bilduta, eta, gutxiago, hondarretan sartuta, horietako batzuk hozkailuan. “Hozkailuko batzuk atera egin ditugu gelako beroarekin esnatzen ote diren ikusteko —kontatu du Cenozek—. Eta batzuen sustraiak ateratzen hasi dira. Hasieran, ikasleak etsita zeuden, baina asko poztu ziren aurrera egiten ari zirela ikusi zutenean”.

Aldatu, astelehenean

Astelehenean ametzak aldatzea da hurrengo pausoa. Zientzia Aplikatuko irakasleak jakinarazi duenez, ametzak ez dira haiek jasotako ezkurretatik ateratako: “Zuzenean lurrean jarriz gero, zuhaitzek bizirik irauteko aukera gutxi izango lukete. Guk lortutako zuhaitzak Urnietara eramaten ari gara, eta eurek zainduko dituzte hurrengo urtera arte. Trukean, 2017ko udazkenean bildutako ezkurretatik sortutako ametzak emango dizkigute, astelehenean aldatzeko”.

Ehun bat zuhaitz aldatuko dituzte. Higer itsasargiaren inguruan jarri behar zituzten, baina beste eremu bat aukeratu dute azken orduan: “Aranzadi Zientzia Elkartea eta Hondarribiko Udala, aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, soilguneak egiten ari dira hortik oso gertu, bertako landaredia bultzatzeko. Gaztainondo japoniar batzuk ateratzen aritu dira, eta aldaketa bertan egitea proposatu ziguten. Gu pozik, noski, hainbat helburu elkartuko ditugulako”.

Ikasleek bildu zituzten ezkurrak, eta eurek aldatuko dituzte arbolak: “Basozainak erakutsiko digu nola egin”. Baina ikasleek aldatuko dituztela erantsi dute irakasleek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.