Hiru gatazka “potolo” mahai gainean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak protesta egin zuen astelehenean, Tabakalera aurrean, aldundiak “gobernantza onaz” antolatutako jardunaldien harira. “Gobernantza berriaz ari dira hizketan, baina publizitate kanpaina handi bat da dena; etxe barruan justu alderantziz gobernatzen dute gero”, adierazi du Amaia Arruti Agirre aldundiko Langile Batzordeko lehendakariak (LAB).

Arrutiren esanetan, “hiru borrokaldi potolo” dituzte esku artean, eta hirurak jaso zituzten elkarretaratzean. Suhiltzaileen egoera da horietako bat. Eibarko Egogain zaharren egoitzari buruzkoa bestea. Arrutiren esanetan, egoiliar gehiago hartu nahi dituzte bertan, baina langile kopurua handitu gabe. Egogain da diputazioaren kudeaketa zuzena duen zahar etxe bakarra. “Egogaineko baldintzek eredu izan beharko lukete beste zahar etxeetarako, baina alderantziz da; aldundiak kudeaketa pribatua duten zentroetako baldintzak —kaskarragoak— jarri nahi ditu Egogainen”.

Beste “gai potoloa” aldundiko 1.800 langileei eragiten dien lan hitzarmena da. Aldundiak udazkenean eginiko proposamenak aldundiko lau sindikatuen ezezkoa jaso zuen, “lan baldintzetan atzerakada nabarmena” zekarrelako. LAB, lehen indarra, negoziazio mahaitik altxatu zen; eta beste hirurak ere (ELA, CCOO eta Bazkuna) kontra daude. “Urtarrilean, berriro mahaia martxan jartzeko eskatu genien. Ezetz erantzun, eta itxitzat jo dute negoziazioa. Esan dute otsailean onartuko dutela hitzarmen berria, aldebakarrez eta langile batzordearen babesik gabe. Gobernantza berria!“.

Leave a Reply

Your email address will not be published.