Ainhoa Lasa: “Betiko ‘hitz egin euskaraz’-ek ez digu balio umeekin”

Ainhoa Lasa: “Betiko ‘hitz egin euskaraz’-ek ez digu balio umeekin”

Eider Goenaga Lizaso

Hizkuntza Praktika Ekologikoak ikastaroan gidari lanak egingo ditu Ainhoa Lasa Emun kooperatibako aholkulariak (Lovaina, Belgika, 1976) datozen hiru asteetan: martxoaren 6an, 13an eta 20an. Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko Kultur eta Hizkuntz Aniztasuneko arduradunarekin elkarlanean sortutakoa da ikastaroa. UEUn eman zuten, lehendabizikoz, eta harrera paregabea izan zuen bai Baionan eta bai Iruñean. Kutxa Ekogunean (Donostia) ere egin zituzten tailerrak, iaz, eta bigarrengoz antolatu dituzte orain.

Zer dira praktika ekologikoak euskarari buruz aritzean?

Etorkizunera begira, eta euskararen iraunkortasuna bermatu behar bada, hiztunok gutxieneko baldintza batzuk eta indar orekatzailea behar ditugu. Egoera hori sustatzeko praktikak dira hizkuntza praktika ekologikoak. Haur eta gazteekin hartu-emanetan gaudenengan eragin nahi dugu tailer honekin: guraso, hezitzaile, irakasle, izeba-osaba… Zer egin behar dugu guk eta zer-nolako elkarrizketak izan ditzakegu haurrekin eta gazteekin beraiek etorkizunean libre izan daitezen nahi duten hizkuntza hautatzeko, hizkuntza hegemonikoa erabiltzeko presioari aurre egin eta gainditu ahal izateko?

Zein arlotakoak dira jorratu beharreko praktika horiek?

Jokatzeko eta egiteko moduak, sortzen ditugun sareak, haur eta gazteei hitzez zein ekintzaz ematen dizkiegun mezuak… Hizkuntzaren gaineko autoestimua garatzen laguntzeko praktikak dira azkenean; gure praktikekin baldintzatu egiten baitugu ume batek etorkizunean hizkuntzarekiko izango duen lotura, jarrera, hizkuntzari emango dion balioa…

Zeini buruz ari zara “gure” esaten duzunean?

Haur baten inguruan dagoen edozein helduri buruz. Irakasleak, hezitzaileak, gurasoak… dira, normalki, gure tailerretara etortzen direnak, eurak direlako kezkarik handiena dutenak; baina edonor etor daiteke. Adibidez, izeba naiz ni, eta lagunen umeekin ere harremana dut, badut aukera eta gaitasuna nire hizkuntza praktikekin haiengan eragiteko; beraz, niretzat ere baliagarria da.

Zeintzuk dira praktika horiek?

Haurrengan eragiten duen sarean aukerak sortzea, erabiltzen ditugun guneak euskaraz izan daitezela eskatzea, eredu izatea eta gogoetara bultzatzea: gaizki esandakoa ikusaraztea, aurreiritziak puskatzea, jendeari adieraztea erosoago gaudela euskaraz ari garenean. Praktika linguistiko bat da, halaber, bi hizkuntzatan egin dezakedana hizkuntza minorizatuan egitearen aldeko hautua egitea… Alegia, etorkizunean baldintza berdinetan egon ahal izateko, orain minorizatua dagoena sustatuko duten praktikak egitea.

Egoera horretan, helduengan eraginez, umeak eta gazteak ahalduntzea da helburua?

Bai, indartu egin behar ditugu, ahaldundu… eta, horretarako, tresnak eman behar zaizkie beraiei, bizi dugun desoreka horretan eroso eta seguru senti daitezen; baina, aldi berean, plaza berri bat eraiki behar dugu, errealitate honekin hustu egiten garelako. Eta berdintasun egoerarik ez dagoela jakinda, nik nahi dudana da haur eta gazteak orain euskara hutsean aritzea, edo nagusiki euskaraz aritzea. Zertarako? Estrategiak garatzeko, lotsak astintzeko, ezinak konpontzen ikasteko, erregistro guztietan hizkuntza ondo menperatzeko, euskaraz ondo pasatzen ikasteko, euskaraz tristatzeko eta frustratzeko… Eta helduok bide horretan laguntzaile izateko estrategia batzuk garatzea, praktika batzuk izatea da tailerrean lortu nahi duguna eta lantzen duguna: zer egin euskaraz aritu daitezen motibatzeko eta eroso erabiltzen erakusteko.

Praktika horiek aldatzeko moduak lantzen dituzue tailerrean?

Helduok hizkuntzaren aukeraketa ez dugu egiten modu librean, eta, askotan, menperatuak sentitzen garen egoera bat kudeatzen ez dakigunean, uko egiten diogu gureari eta erdarara jotzen dugu. Gu sinistuta gaude helduok ikas dezakegula eredu izaten eta hizkuntzari prestigioa ematen, umeen identitate hori eraikitzeko garaian diskurtso egoki bat ematen eta egoerak kudeatzeko moduak proposatzen. Haurrek eta gazteek euskararen aldeko hautua egin dezaten nahi dugu, baina desarmatuta egoten gara askotan, ez dakigulako zer eta nola esan. Betiko Hitz egin euskaraz-ek ez digu balio umeekin eta gazteekin. Sortu beharreko elkarrizketa horiek saiatzen ditugu tailerrean, esan nahi dugunaz hausnartzen dugu, eta behar denean egokitzeko urratsak irudikatu. Kontuan izaten ditugu adin tarteak eta haurren momentuko testuingurua; bateko eta besteko ezaugarriak desberdinak baitira eta mezuak ere ezaugarri horien baitakoa izan behar baitu.

Euskara hautu libre bat izatea bada xedea, euskaraz hitz egitera behartu behar da umea?

Helduok ez dugu dena euskaraz egiten: gaztelerazko liburu bat hartzen dugu gogoak ematen digulako, eta berdin telebistarekin, ulertzen digun jende batekin ere erdaraz egiten dugu… Beraz, hori egiten duen heldu batek umeari eskatu behar dio euskara hutsean aritzeko? Ikastaroetan hori da galderarik mingarriena; ispilu aurrean jartzen gaitu. Horri erantzuten saiatzen gara, gero egingo ditugun urratsei zentzua emateko.

Umeak gazteleraz egiten duenean, beraz…

Ni ez nago behartzearen kontra, norberaren erabakia da hori. Kudeatzeko gai diren askatasun maila eman behar zaie umeei, eta, mugak jarri behar zaizkien bezala, ez dut gaizki ikusten ume bati etxean edo eskolan euskaraz hitz egin behar duela esatea. Dena den, galdetu zergatik ari den erdaraz, eta saiatu ulertzen. Batzuetan, jolasean aritzen dira erdaraz; bueno, bada, galdetu zergatik, eta gazteleraz jarraitu behar badu, izan dadila kontzienteki, izan dadila jolas horretan eta eremu edo testuinguru horretan bakarrik, ez dezala eraman beste eremuetara.

Hala ere, zuen lanketa norberari begirakoa da batik bat, ezta?

Hizkuntzaren ekologian kokatzen dugu ikastaroa; hizkuntza komunitateaz eta hiztunoi buruz hitz egiten dugu, eragiten diguten faktoreez eta praktika ekologikoez. Eta plano teoriko orokor horretatik oso-oso plano indibidualera jaisten gara. Garrantzitsua da helduak bere praktikez gogoeta egitea; zergatik eta noiz egiten duen euskaraz edo erdaraz, nola sentitzen den hizkuntza bakoitzean… Eta behin hori ulertuta, has gaitezke ume eta gazteen premiez eta motibazioaz gogoeta egiten. Sartu-atera ibiltzen gara hor. Egoera zehatzak ateratzen dira, eta denen artean lantzen ditugu: “Nola jokatuko zenuke?”, “eta horrela egingo bazenu, zer?”…

Leave a Reply

Your email address will not be published.