Bidea ez dadila orain amaitu

Bidea ez dadila orain amaitu

Kerman Garralda Zubimendi

Transhumantzia bideak jaten ari dira sastrakak, eta Jose Ramon Hidalgo abelbideetan adituak etorkizuna ez du argi ikusten. Gero eta jende gutxiago bizi da abereak ustiatzetik, eta Hidalgok kezka du transhumantzia ez ote den ekintza folkloriko bilakatuko. Batis Otaegi Arantzazuko Artzain Eskolako zuzendaria ez dago hain ezkor, tradizioa “modernizatu” egin dela azaldu du hark; “hil egiten da, bestela”.

Transhumantzia tradizio handiko ekintza da Gipuzkoan. Neolito garaiko ohitura dela baieztatu du Hidalgok, eta teoria hori balekotzat jo du Otaegik: “Ardi latxa betidanik izan da gure larreetan. Atzo arte, gehienek ez zuten ez dirurik ez eta jabetzarik ere, eta, ardiei jaten emango bazieten, lekualdatzen ibili behar izaten zuten, naturarekin sinkronizatuta”. Udaberrian, haranetatik mendietara jotzen zuten artzainek eta unaiek, eta udazkenean itzultzen ziren haranetara. Hala, transhumantziari esker, urte sasoi gehienean belar freskoa jateko aukera izaten zuten abereek. “Lurrari oso lotuta dagoen artzaintza da gurea, eta horregatik dugu berdegune asko. Era bikainean elikatutako eta hazitako abereak ditugula frogatzen dute, besteak beste, Eusko Label eta Idiazabal jatorri izenek”, borobildu du Otaegik.

Bizimodua, baina, aldatu egin da urte gutxiren buruan. Otaegiren datuen arabera, ardiekin lan egiten duten 5.000 familietatik soilik seiehunentzako da etxeko jarduera nagusia, eta horietatik berrehunek besterik ez dute egiten ekoizpen produkzio osoa etxean. “Gainera, bizimodu sedentarioagoa dugu orain, eta askorentzat ez da erraza izaten artaldeak lekualdatzea”, azaldu du. Halere, argi utzi nahi du osasuntsua dela abereen eguneroko elikadura. “Martxotik azarora arte, bai mendian eta bai haranetan, belar freskoa jaten dute abere horiek guztiek. Ez da egia zortzi hilabetez pentsua jaten dutela ukuiluan sartuta”.

Gero eta txikiagoa da, nolanahi ere, transhumantzia bideen erabilera. “Hein batean, galdu egin da transhumantzia bera, eta, horrekin batera, baita transhumantzia bideak ere. Autopistek eta goi tentsioko lineek moztu egin dituzte bideak, eta ia ezinbestekoa bilakatu da kamioen erabilera”, salatu du Artzain Eskolako zuzendariak. Era berean, osasun arrazoiengatik abeltzainek neurri zorrotzak hartu behar izaten dituztela adierazi du.

Hidalgorentzat, “jasangaitza” da egoera: “Gaur egun, industria da sektore estrategikoa, eta alboratu egin dugu lehen sektorea”. Aldaketa hori arriskutsua dela nabarmendu du. “Lurra beti izango dugu bertan, baina, gauzak okertzean, alde egiten dute enpresek”. Artaldeen presentzia “irudi erromantiko bat baino gehiago” dela gaineratu du Hidalgok. “Behar bat da, kalitatezko elikagaiak, naturarekiko oreka eta ekonomia jasangarria bermatzen dituen behar bat”.

Naturarekiko harremanari tiraka, transhumantzia bideak nabarmentzeko eskatu du Hidalgok: “Aberastasun ekonomiko, natural eta kulturalak dira”. Kexu agertu da Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dituela ongi zaintzen —bideak publikoak izanik, haren ardurapean daude—. “Ondorioz, jendeak ez ditu ezagutzen, eta ez daki zertarako diren eta nora iristeko diren”.

Pentsamolde aldaketa eske

Euskal Herrian, martxa txikiak eta martxa handiak deitzen zaie transhumantziei. Hala azaldu du Otaegik. “Egun bakarreko martxak egiten dira Gipuzkoan, lau eta zazpi ordu artekoak; martxa txikiak dira horiek”. Aralarko eta Aizkorriko larreak kostaldearekin lotzen dituztenak dira Gipuzkoako abelbide nagusiak, baina badira bailaren arteko bide txikiagoak ere; elkarren arteko sarea osatzen dute horiek.

“Mende luzez, jakinduria zabaltzeko eta elkarrekin nahasteko bidea izan da sare hori. Artzainek eta unaiek ez ezik, fededunek nahiz merkatariek ere erabiltzen zituzten bide horiek”, zehaztu du Hidalgok. “Gure kultur identitatea da”, borobildu du. Haren hitzetan, animalientzako ere mesedegarria da transhumantzia. “Estres handia eragiten die kamioiak, eta hura saihesten dute. Pentsuaren ordez, belar freskoa jaten dute, gainera. Jateko hobea da ongi jaten duen aberea”, azpimarratu du. “Naturari dagokionez, bioaniztasuna bermatzen dute transhumantzia bideek, eta euri urak bideratzeko modu naturalak ere badira”.

“Pentsamolde aldaketa bat” behar dela defendatu du Hidalgok, belaunaldi bakarrean alboratuta utzi delako naturarekiko harremana. “Transhumantzia bideena aukera ona da hiriguneak eta natura elkarrengana hurbiltzeko. Porlanez inguratuta bizi garen garaiotan, abelbideak baliatu behar ditugu baserri munduarekin dugun lotura ez galtzeko”. Ez du nahi bide horiek guztiz aisialdira bideratzerik, “martxa txikiei tokia utzi behar zaielako”. Baina abelbideak kalekumeen eta naturaren arteko zubia izatea nahiko luke. “Planifikazio egoki batekin, hauspotu eta balioztatu egin behar dugu abelbide sarea. Denon onurarako izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.