Herria erdigunean jarrita

Eneritz Maiz Etxarri

Ikaztegietako Gazte Taldea hilabetero elkartzen da, eta, etxebizitzaren gaiak kezkatuta, Etxebizitza Bizimodu hitzaldi zikloa egin du urte hasieratik joan den astera arte. “Kezkatuta gaude. Gazteak ez dira herrian geratzen; kanpora joaten ari dira bizitzera”, azaldu dute gazte taldeko kideek. Herrian duten egoera ikusita, hainbat ereduri buruzko informazioa ematea izan da lehen helburua.

Etxebizitzaren gaia eta eguneroko bizimodua eskutik helduta doazela uste dute gazteek, eta hiru adibide eraman dituzte herrira: Zeraingo alokairu soziala, Errenteriako etxebizitza komunitarioa eta Tolosaldeko Antolakuntza Komunala. Informazio hori guztia jasota, hogei bat herritar Eta Ikaztegietan zer? galderari erantzuten saiatu ziren joan den ostiralean, bilera ireki batean.

Zeraingoa izan zen lehen azalpena. 2016tik alokairu babestuaren proiektua gauzatzen ari dira bertan. Ikaztegietan bezala, kezka zegoen Zerainen ere, herritarrak herritik joaten ari direlako, eta bertakoek ez daukatelako non bizi. Azterketa eginda, ondorioztatu zuten alokairuko etxeak nahi zituztela, alokairu merkeak nahi zituztela. Gazteei eta helduei begirakoa izan da prozesua; gazteek emantzipatzeko aukera izan dezaten, eta helduak, irisgarritasun arazoak tarteko, egokiago bizi daitezen.

Hausnarketa horretatik abiatuta, arkitekto talde bat kontratatu zuten prozesua garatzen jarraitzeko, eta etxebizitza batzorde bat ere sortu zuten, astero elkartzeko. Herriak hiru lur gune zituela ikusi zuten, eta horietako batek zortzi apartamentu eraikitzeko baimena zuela dagoeneko. 550.000 euroko aurrekontua lortu zuten, eta “erraz” lortu zuten Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza; Zeraingo Udala finantza plan batean sartuta dago, eta ezin du gasturik bere gain hartu. Alokairu babestuaren alde egin dute herrian, eta 85 eta 260 euro arteko alokairua ordaindu beharko luke etxebizitzan sartzen denak, soldataren eta metro koadroen arabera, betiere.

Ikaztegietarrek Errenteriako gazteei begirako proiektua ezagutu zuten bigarren saioan: gazteei begirakoa eta komunitarioa. 2016an sortu zen hori ere, eta martxan jartzear daude. Gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak aztertuta otu zitzaien ideia. Lehenik eta behin, gutun bat bidali zuten orduan gazteren bat bizi zen etxebizitza guztietara, eta erantzun ona izan zuen egitasmoak. Laurogei gazterekin ekin zioten bideari, eta udalak talde bat kontratatu zuen guztia dinamizatzeko.

Udalaren jabetzakoa den etxebizitza batean sortu dute proiektu hori. Bost pisu ditu eraikinak, eta 80 metro koadro ingurukoa da pisu bakoitza. 18-30 urte arteko 26 gazterentzako tokia egongo da, eta gazte bakoitza, gehienez, hiru urtez bizi ahal izango da bertan. Izena eman eta gero, zozketa bidez sartuko dira gazteak etxebizitza komunitarioetara.

Lau aukera dituzte etxebizitza komunitario horiek: norberaren beharrak asetzeko gela bat edukitzea litzateke lehenengo aukera; norbanakoaz gain, beste bizpahiru pertsonarekin bizitzea bigarrena; ikasgela, egongela, garbigailua eta trastelekua partekatzea hirugarrena; eta gela balioaniztun bat edukitzea azkena, auzotarrentzat irekita egongo litzatekeena. Errentari dagokionez, diru sarreren %15 ordaindu beharko du bakoitzak, eta komunitatearentzat lanak ere egin beharko ditu.

Denbora bankuaren ideiari tiraka, hilean bakoitzak bederatzi ordu eskaini beharko dizkie lan komunitarioei edo auzoari. Bidelagun figurarekin adostuko dute prozesua, eta Errenteriako Udalak marko juridiko osoa sortu behar izan du, ez delako existitzen halakorik. Etxebizitzaren eredua aldatzen hasteko, adineko jendearekin ere jarri nahi dute martxan antzeko proiektu bat. Horrez hain, gazteei bideratu nahi dizkiete libre geratzen diren adinekoen etxebizitzak.

Etxebizitzaren arazoaz harago, Tolosaldeko Antolakuntza Komunaleko kideek bizitzeko arazoei ere begiratu nahi diete. Etxe eskubidearekin batera, oinarrizko beste behar batzuk ere identifikatu dituzte: garraioa, ura, argia, garbiketa, elikadura, arropa eta segurtasuna. Tolosako San Blas auzoan daukate okupatuta etxebizitza. Ibarran, berriz, jada martxan jarri dute arropa kolektiboaren proiektua, eta edozeinek dauka arropa uzteko edo hartzeko aukera, doan. Baratze bat ere jarri nahi dute martxan, eta baita doako denda bat eta jantoki kolektibo bat ere.

Beharrak zerrendatzen

Urte hasieratik, adin ezberdinetako herritarrek hartu dute parte Ikaztegietako hitzaldi zikloan, udal ordezkariekin batera. Etxebizitzen arazoa eta bizitzeko moduak kontuan hartuta, hainbat ikuspegi eta eredu jarri dituzte mahai gainean. Epe motzera eta luzera hasi dira lanean, herria bera erdigunean jarrita; gaur egungo eta etorkizuneko gazte eta adinekoek aukerak izatea da erronka.

Gazteak ziur daude etxebizitza motak bizitzeko modu jakin bat sortuko duela, eta nahi batzuk zerrendatu dituzte bide horretan: bizirik eutsi nahi diote bostehun biztanleko herriari; herri euskalduna nahi dute; herriari zerbait emango dioten herritarrak nahi dituzte, askotarikoak; herriko eskola txikia bizirik mantenduko duten herritarrak nahi dituzte; eta jasangarria den herria nahi dute, auzolanean ariko dena.

Lehen pausoa emanda, herritar gehiagok parte hartzea nahi dute orain; talde txikitan elkartu, eta ideiak eta ekarpenak jasoko dituzte, ikaztegietarrek zer behar eta nahi duten jakiteko.