Aisialdia, heziketa ez-formaletik

Aisialdia, heziketa ez-formaletik

Josu Artutxa Dorronsoro

Urteak zeramatzaten beste aisialdi talde edo enpresa batzuentzat lanean, udaleku itxietan zein irekietan, eta baita gazteleku eta ikastetxeetan ere. Aitor Altuna Ausartu kultur elkarteko kidea da ametsa egia bihurtzeko asmoa zutenetako bat. Elkarteko kideak hezkuntza ez-formalean lanean aritu izan dira hainbat proiekturekin. “Ez nuke esango akats sistematikorik zegoenik, baina gauza batzuekin ez geunden ados”.

Elkarteko kideak ohartu ziren sarritan gazteak “udalekuen gisako esperientzia baliagarririk bizi izan gabe” geratzen direla. “Eta horren jakitun hasi ginen bide berri bat eraikitzen bestelako proiektu batekin”. Erabaki “ausart” horri tiraka jarri zioten izena elkarte sortu berriari. Gazte asko eskaintza zehatzik gabe gelditzen direla ondorioztatu zuten elkarteko kideek. “Hezkuntza ez- formal osoa, agian, ez, baina elkarteko kideok ondo ezagutzen genuen aisialdiaren mundua; gure esperientzia oinarri hartuta abiatu gara, beraz”. Onena zer den ikusi, funtzionatzen ez duenak zergatik ez duen balio ondorioztatu, eta nola funtziona dezakeen aztertu dute, besteak beste.

Gaur-gaurkoz, hiru kidek osatzen dute elkartea, baina ez diote mugarik jarri kopuruari. Altunak azaldu du “adin bertsukoak” direla guztiak, 23 eta 25 urte artekoak. Herri mailakoa ez, “Euskal Herri osoko elkartea” izan nahiko lukete; oraingoz, ez dauka gune fisikorik, baina, legez, Hernanin daukate emanda izena.

Bi gauza zeuzkaten argi hasieratik: 16 urtetik gorako gazteentzat ez zegoela eskaintza handirik, eta leku askotan gazteek proiektuan integratzeko eta autonomiaz jokatzeko tresnak falta dituztela. “Oso erraza da esatea proiektua guztiok osatzen dugula, baina begiraleak egiten du programazioa, komeni zaion moduan”. “Mekanizatutako kudeaketa” amaitu eta “talde modura” funtzionatuko duen proiektu bat osatu nahi izan dute Ausartu kultur elkarteko kideek.

Elkartearen helburua da datorren udan 12 eta 18 urte arteko gazteei “aisialdirako eskaintza desberdin bat” ematea: udaleku itxiak izango dira. “Eta ilusio berezia dugu”. Hiru txandatan banatuko dituzte egonaldiak, eta lauzpabost hezitzaile egongo dira bakoitzean, 30 gazterekin batera. Astigarragako Santiagomendi aterpetxean egingo dute egonaldia, uztailean. “Herritik gertu eta urrun dago aldi berean, ingurune natural apropos batean”.

2005ean eta 2006an jaiotakoak elkartuko dituzte uztailaren 7tik 13ra bitarte, 2003an eta 2004an jaiotakoak hilaren 14tik 20ra, eta 2001ean eta 2002an jaiotakoak 21etik 26ra. 190 euro ordaindu beharko du bakoitzak. “Harremanak oso gertukoak izan daitezen nahi dugu, eta baita talde aktibo bat lortzea ere”. Euskal Herriko gazte guztientzat da eskaintza. “Eta, hain zuzen ere, eremuarena izan da helburu nagusietako bat: jendea hainbat txokotatik etor dadin nahi dugu, askotariko talde bat osatzeko”.

Hutsetik sortutako udaleku bat antolatzen duten lehen aldia izango da elkarteko kideentzat. “Horregatik, guretzat egokiagoa zen astebeteko egonaldi txikiak egitea, nahiz eta askotan esaten den zazpi egunetan ezin dela gauza askorik egin”. Ez zeukaten oso argi gazteak bi asteko egonaldietan parte hartzera animatuko ote ziren. “Eta gure ustez, gainera, astebete nahikoa da ezarritako helburuak betetzeko eta emaitzak izateko. Seinale ona izango da gazteak etxera penatuta eta epea motza izan den irudipenarekin itzultzea”.

Euskaraz bakarrik

Hizkuntza da elkartearen gakoetako bat: euskaraz soilik aritzen dira. “Euskal Herrian gazteak aisialditik hezi nahi baditugu, euskaraz egin beharko dugu derrigor, guk ere hala bizi dugulako errealitatea”. Altunak azaldu du batzuentzat “euskarazko udaleku arrunt bat” izango dela, hizkuntzarekiko pertzepzioan eraginik izango ez duena. “Beste askorentzat, berriz, arnasgune bat izan daiteke. Anima dadila jendea proiektua barnetik bizitzera, ederki pasatuko dugu eta!”.

Udalekuez harago, elkarteak bestelako ekintzak ere antolatzen ditu, eta herriko eta inguruko aisialdian eragiteko erronka dauka. Jakitun daude gaur egun edozein albiste, gertaera edo informazio “mila aldiz bizkorrago” heltzen zaiela denei. “Eta, batez ere, gazteei”, zehaztu du. Sare sozialei dagokienez, elkarteak jada badauka orrialde bat Facebooken, eta kontu bat zabaldu berri du Instagramen ere. Gazte asko eta asko gaztelekuetan ibiltzen direla ere jabetu ziren elkarteko kideak, eta horietara ere joan dira informazioa eskaintzera.

Komunikazio kanpainari dagokionez, webgune bat ere sortu dute: www.ausartu.eus. “Guretzat garrantzitsua zen .eus domeinua eskuratzea, eta lortu dugu azkenean, nahiz eta denbora behar izan dugun”. Otsailaren 25etik dago martxan webgunea, eta bertan dago elkartearen eta udalekuen inguruko informazioa. Martxoaren 11n irekiko dute udalekuetan izena emateko epea, eta webgune bidez egin beharko da. Izen emate bakoitza bi zatitan banatzea erabaki dute. Batetik, gurasoek edo tutoreak bete beharreko zatia egongo da, eta, bestetik, gazteak bete beharrekoa. “Hainbat arau hautsi nahi genituen. Argazkiak sare sozialetan publikatzeko, esaterako, gurasoen edo tutoreen baimena behar da gaur egun, baina zergatik ez utzi gazteek ere erabaki dezaten? Ez dezala soilik gurasoak edo tutoreak erabaki gaztearen irudiak publikatuko diren ala ez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.