Belaunaldi guztiak borroka berean

Belaunaldi guztiak borroka berean

Aitziber Arzallus

Martxoaren 8a da, eta Euskal Herriko emakumeak 24 orduz lanuztera deitu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak. Iazko lanuzteek izan zuten erantzuna ikusita, aurtengo greba ere arrakastatsua izango dela pentsa liteke, eta egunean zehar han eta hemen egingo diren mobilizazioetan jende askok parte hartuko duela. Baina pertsona adina errealitate daude, eta, batzuetan, nahi izatea ez da nahikoa izaten. Izango dira greba egingo dutenak, egunerokoan dituzten ardura eta eginbeharrak egun batez bertan behera edo gizonen gain uzteko modua dutelako. Baina izango dira horretarako zailtasun handiagoak dituztenak, ardurapean jendea dutelako eta haien zaintza beste batzuen gain uzteko modurik ez dutelako. Edo izango dira greba egiteko beharrik ikusten ez dutenak ere. Bakoitzak beretik hitz eginda, gaiaren inguruko iritziak partekatu dituzte bost emakumek.

Pilar Mantillak 75 urte ditu, eta Toron jaio zen (Zamora, Espainia), baina 13 urte zituela familiarekin Donostiara etorri zen bizitzera. “Oso donostiar” sentitzen dela nabarmendu du, Gipuzkoako hiriburuan egin baitu bere bizitza guztia. Hiru seme-alaba eta bost biloba ditu, eta alarguna da; duela hamar hilabete hil zitzaion senarra. Bikote harremanari dagokionez, “zorteduna” izan delakoan dago. “Oso zapalduta bizi ziren nire amaren garaiko emakumeak; ni, berriz, sekula ez naiz sentitu horrela. 1964an ezkondu nintzen nire senarrarekin, eta bikote harremanean askatasun handia eman izan diogu elkarri. Elkar errespetatuz, baina norberak bere gauzak egiteko askatasuna izan dugu beti”.

Bere gauzetarako askatasuna bai, baina lana gogotik egin ostean. Etxean zein etxetik kanpo aritutakoa da Mantilla. Aurrena, seme-alaben zaintzaz arduratu zen, eta, gerora, baita biloben zaintzaz ere. “12 urte ditu txikienak, eta, dagoeneko, ez dute nire beharrik, baina hemeretzi urtean arduratu naiz biloben zaintzaz. Hamar urte egin nituen bilobetako batekin, eta bederatzi beste batekin. Gainontzekoak zaintzea ere egokitu izan zait nire seme-alabek laguntza behar izan dutenean”.

Lanegun luze eta neketsuak ditu gogoan. “05:00etan jaikitzen nintzen lanera joateko, eta, handik irtendakoan, 16:00etan, bilobak jasotzen nituen eskolan; haiekin egoten nintzen arratsaldean. Eta, artean, etxera joandakoan, hango lanak egin behar, noski”.

Haren gain egon izan da beti etxeko lanen eta seme-alaben zaintza. “Etxetik kanpo lan egiten zuen senarrak, margolaria zen, eta soldatapeko lan hura egitea zen haren betebehar eta ardura bakarra. Nik, aldiz, etxetik kanpo lan egin nuen garaietan ere berdin-berdin gobernatu behar izaten nuen etxea”.

Alde horretatik, gauzak aldatzen ari direla uste du, gizonezkoek ardura gehiago hartzen dituztela etxean eta euren seme-alaben zaintzari dagokionez. “Ez nuke esango familia guztietan gizonek emakumeek adina egiten dutenik, baina, oro har, garai bateko gizonezkoek baino askoz gehiago egiten dute gaur egungoek, eta zoragarria iruditzen zait hori”. Bere seme-alaben etxean ikusten du hori. “Gizonezkoek arropa lisatzen dute, garbigailua jartzen, edo bazkalondoan mahaia jaso eta harrikoa egiten. Garai batean, pentsaezina zen hori”.

Gauzak aldatzen ari dira, beraz, “baina, oraindik, ez behar luketen beste”. Horregatik, gaur greba egingo du Mantillak, aparteko arazorik gabe, bakarrik bizi baita eta ez baitu inor zaintzeaz arduratu beharrik. Uste du emakume guztiek egin beharko luketela gauza bera. “Daukagun indar guztia erakutsi behar dugu; munduak ezin duela funtzionatu gu gabe, eta nahikoa jo digutela adarra dagoeneko”. Astelehenero joaten da Alderdi Ederrera pentsio duinak aldarrikatzeko egiten dituzten mobilizazioetara, eta bere pankarta hartuta joango da gaurko manifestazioetara ere. “Borroka, borroka eta borroka, horixe da egin dezakegun gauza bakarra”.

Mantso bada ere, aldatzen

Amaia Gonzalezek 66 urte ditu, eta Aretxabaletakoa da, baina Donostian bizi da urte askoan. Hark ere erabateko greba egingo du gaur. “Ez daukat seme-alabarik, ez gurasorik, ez nire zaintza behar duen beste inor. Bakarrik bizi naiz; beraz, erraza izango da niretzat. Etxeko lanik ez dut egingo, ez dut kontsumituko, eta antolatuta dauden ekintzetan eta mobilizazioetan parte hartuko dut, iaz bezala”.

Orain dela 30 urte, ordea, emakumeek 24 orduz lanuztea egitea “pentsaezina” zela dio, egoera “oso bestelakoa” zelako. “Nik orduan ere ospatzen nuen Emakumeen Eguna, manifestazioetara-eta joaten nintzen, baina ordukoek ez zuten zerikusirik gaur egungoekin. Orduan, jendeari azaldu egin behar izaten genion zergatik atera ginen kalera eta zergatik zen garrantzitsua emakumeek indarrak batzea. Orain ere azalpenak eman behar izaten ditugu, baina beste era batekoak”.

Azken urteotan asko aurreratu dela uste du, emakumeen egoerak hobera egin duela, nahiz eta, oraindik, nahikoa ez izan. “Horren ondorioz hasi gara nabaritzen aldaketa gizon batzuengan, baina gutxiengoa dira oraindik ere, eta esparru horretan lan asko dago egiteko. Nahiz eta jakin gure aldarrikapenak zentzuzkoak direla, kosta egiten zaie euren pribilegioei uko egitea”, azaldu du Gonzalezek. “Martxoaren 8an ahalegina egingo dute batzuek, eta hainbat ardura euren gain hartuko dituzte emakumeei greba egitea eta mobilizazioetan parte hartzea errazteko. Baina martxoaren 9an atzera lehengora bueltatuko dira horietako asko. Eta egunerokoan ardurak banatzen hastea, hori lortu nahi dugu guk”.

Antzeko iritzia dauka Ana Serrano hernaniarrak ere. 63 urte ditu, eta greba egingo du gaur, aparteko arazorik gabe. “Amaiaren egoera berean nago ni ere: ez daukat seme-alabarik, ez senarrik, ez beste ezer. Beraz, arazorik gabe egingo dut 24 orduko greba”. Haren ustez ere, duela 30 urte “ezinezkoa” zatekeen horrelako zerbait. “Baina, azken urteotan, emakumeok gizartean lekua hartzen ari gara, eta iaz sekulako indar erakustaldia egin genuen milaka eta milaka emakume kalera aterata. Lehen ere egiten genituen manifestazioak, mobilizazioetara joaten ginen, baina askoz jende gutxiago biltzen ginen; bestelakoa zen egoera: ez zeukan zerikusirik gaur egungoarekin”. Gizon batzuengan jarrera aldaketa nabaritzen hasi direla dio Serranok. “Baina nahiko genukeen baino askoz gutxiagorengan eta nahiko genukeen baino askoz mantsoago”.

Eztabaida handia

Araia Camarvallenek 24 urte ditu, eta Tafallakoa da (Nafarroa), baina Donostian bizi da azken urteotan. Gaur ez du lanik: libre du eguna. “Primeran egokitu zait, baina lana izan banu ere greba egingo nukeen, eta kalera aterako nintzatekeen”. Ane Zubirik, berriz, 22 urte ditu, eta Lemoizkoa da (Bizkaia), baina hura ere Donostian bizi da, han ari delako ikasketak egiten. Hari ere egun librea egokitu zaio; ez du eskolarik, eta ezta lanik ere, baina izan balitu ere argi du greba egingo zukeela. “Eguna disfrutatzera aterako naiz, lagunekin eta ospakizunetan eta mobilizazioetan parte hartu nahi duten beste guztiekin batera”.

Belaunaldi berekoak dira Camarvallen eta Zubiri, hizketaldiko bost emakumeetan gazteenak, baina badira aldeak bataren zein bestearen etxean emakumeak izan duen lekuan. Camarvallenen etxean “beti” egon izan dira banatuta lanak eta ardurak; Zubiriren etxean, ez horrenbeste. “Badakit salbuespena zela gurea”, dio nafarrak. “Eskolan gaiaz hizketan hasten ginenean, konturatzen nintzen gainontzeko familietan gauzek ez zutela horrela funtzionatzen. Hala ere, uste dut gauzak aldatzen ari direla denborarekin; behintzat, askoz gehiago hitz egiten da gauza horiei buruz, eta arazoak begien bistara ekartzeko balio du horrek”. Aldaketarik handiena “praktikotasunean” antzematen dela iritzi dio Zubirik. “Gero eta zalantzagarriagoa da emakumeok eduki dugun rola, baina oraindik ere badaukagu burutik kentzeko ideia pila bat, zaintzari lotutakoak eta”.

Gaur egun, emakume zein gizon, teoria “denek” dakitela dio Camarvallenek. “Oso ondo ikasita daukagu teoria hori, baina gero gabeziak ikusten dira praktikan, eta handiak, gainera”. Teoriatik praktikarako jauzia egitea falta da, beraz. Eta, Zubiriren irudiko, horretan eragina du emakumeen jarrerak ere. “Emakumeok egoeraz jabetzen ari gara, kontzienteago gara, eta hori nabaritu egiten da gizonekiko harremanetan. Ondorioz, haiek ere euren rola aldatzen ikasten ari dira gutxinaka. Kosta egiten zaie gauza asko aldatu behar dituztela onartzea, eta eztabaidak ere izaten ditugu horren inguruan, baina pixkanaka gauzak bere tokian jarriko ditugula uste dut”. Gaur, adibidez, zaintza guneetan parte hartuko dute haien lagun gizonezkoetako askok, eta beren gain hartuko dituzte lantokietan greba egingo duten emakumeen ardurak. “Eta bihartik aurrera ere euren gain orain arte baino ardura gehiago hartzea nahiko genuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.