Arduragabekeria egotzi die EH Bilduk beste alderdiei

Luis Intxauspe Hernaniko alkatea (EH Bildu) haserre agertu da Bizikidetza Mahaian esertzen diren beste hiru alderdiekin: EAJ, PSE-EE eta Orain Hernanirekin. “Aurreko legealditik ari gara Bizikidetza Mahaian lanean, modu diskretuan. Gai gehienetan ez gara ados egoten, eta adostasunak lantzea da helburu nagusia; adostutakoak izan dira ezagutarazi ditugun gure erabaki eta jarduera guztiak”. Aranzadiri eskatutako txostena da horren adibide.

Joan den astean, baina, EAJk, PSE-EEk eta Orain Hernanik 2017tik Bizikidetza Mahaian bueltaka zebilen mozio bat eraman zuten osoko bilkurara, lau alderdien adostasunik gabe eta osoko bilkuran aurrera egiterik ez zuela lortuko jakinda, EH Bilduk gehiengo osoa duelako.

Mozio hori “onartezina” dela dio Intxauspek. Batetik, soilik “ETAren eta haren ingurukoen” biktimak omentzea proposatzen duelako, eta biktima horiek “gehien sufritu dutenak” direla dioelako. “Nazioarteko estandar guztiek esaten dute ezin dela egin biktimen mailaketarik. Arduragabekeria politiko handia da orain halako aitorpen bat planteatzea, eta, are gehiago, Aranzadiren txostenak mahai gainean utzi dizkigun datuak utzita”. Alkateak dioenez, EH Bilduk ez du inolako arazorik ETAren biktimei omen egiteko, “baina beste termino batzuetan, modu adostuan, eta errekonozimendu integral eta inklusibo baten baitan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.