“Euskaratik eta euskaraz sortuko duten gazteak behar ditugu”

“Euskaratik eta euskaraz sortuko duten gazteak behar ditugu”

Aitziber Arzallus

Hiru umeren aita eta institutuko euskara irakasle izatearekin beteko lituzke eguneko 24 orduak, baina “kabitu ezinak” hamaika saltsatan sartzera eraman du Imanol Epelde (Zarautz, 1977). Sortzea atsegin du, izan musika, izan poesia, izan antzerkia. 27 zapata bloga du horretarako agertoki nagusia.

Gazteagoa zinenean bertsotan ibiltzen zinen, baina utzi egin zenuen, gaizki pasatzen zenuelako. Hain gaizki pasatzeko, ez al zara nahikoa plazagizon?

Kosta egiten zait jendearen aurrean inprobisatzea, eta uste dut hor dagoela diferentzia; gaizki pasatzen nuen bertsotan. Bertso afari batean, adibidez, mundu guztia isiltzen zenean eta kantari hasi behar nuenean, zertaz kantatuko eta zertaz jardungo eta… Gerora konturatu naiz nirea ez dela bat-batean jardutea, eta errazago moldatzen naizela testuak-eta aurretik prestatuta edukiz gero.

Noiz utzi zenuen bertsolaritza?

Aspaldi. Hogei bat urterekin egingo nuen azken saioa, eta 42 badauzkat dagoeneko, baina ordukoak ez dauzkat ahaztuta. Gero, kosta egin zitzaidan askatzea. Hainbeste urtean bertsotan ibilita, neurrietara eta errimetara josita sortzen nuen dena. Askatu nahi eta ezin. Hasi poema bat edo testu bat idazten, eta zortziko txikian edo zortziko handian etortzen zitzaidan dena. Horregatik, plazera izan zen aske sentitzea. Hala ere, asko zor diot bertsoari, eta Zarauzko bertso eskolari zer esanik ez. Pello Esnal izan genuen irakasle, eta hitzekin jolasten eta plazan nola jokatu erakutsi zigun. Hark irakatsitakoarekin eta garai hartan egindako lagunekin geratzen naiz.

Bertsolaritza izan zen landu zenuen lehen alderdi artistikoa?

Bertsotan aritzen nintzen garaian antzerkian ere ibiltzen nintzen Zarauzko Alproja taldean. Geroago hasi nintzen idazten, bertsolaritza utzi nuenean edo.

Zer ikasketa egin zenituen?

Euskal Filologia.

Berehala hasi al zinen irakasle?

Ikasketak bukatu, eta urtebete inguru pasatu nuen itzulpenak eta beste lantxo batzuk egiten, baina segituan deitu zidaten Zarauzko Antoniano ikastetxetik, eta hantxe hasi nintzen.

Irakaskuntzan ari zara ordutik?

Bai. Etorkinei euskara irakasten hasi nintzen, eta, handik gutxira, DBHko eta batxilergoko ikasleei euskarako eskolak ematen. Horretan jarraitzen dut.

Zer moduz moldatzen zara ikasleekin?

Hasieran, gaztea nintzen ni ere, eta ez nuen arazorik izaten konektatzeko; deskonektatzen jakitea izaten zen kontua, irakaslea nintzelako, eta ez laguna. Orain, antzematen dut tarte handiagoa dagoela ikasleen eta nire artean, baina ondo moldatzen gara.

Gaur egun, agian, bideoblogari gisa zara ezaguna, baina beste hainbat sorkuntza esparru jorratutakoa zara: musika eta poesia, adibidez. Nola egin duzu bidea?

Orain dela 10-11 urte hasi zen dena, 27 zapata bloga sortu nuenean. Aurretik ere nire gauzak idazten nituen koadernoan, eta orduan erabaki nuen blog bat sortzea eta idazten nituenak han publikatzen hastea. Hango poema batzuetatik sortu zen Komuneko paperean proiektua, eta poesia errezital batzuk eman nituen.

Gero etorri zen Etxepare RAP, euskal literatura eta rap doinuak uztartu zenituen proiektua. Nolatan bururatu zitzaizun?

Literaturako eskolak ematen nituenean, konturatzen nintzen gauzak beste era batera azal zitezkeela ikasleentzat erakargarriagoak izan zitezen. Gainera, iruditzen zitzaidan testu haiek bazeukatela musikaltasuna. Probak egiten hasi nintzen, eta nahikoa erraz atera zitzaizkidan kanta batzuk. Mendez mende autore batzuk hartu, eta euskal literaturaren historia txiki moduko bat osatu nuen. Eta, kantak eginda, “zergatik ez jendaurrean kantatu?”, pentsatu nuen. Klaserako prestatutakoak ez zuen balio jendaurrerako, eta ikuskizun oso bat sortu nuen, musika emanaldi baten eta antzezlan baten arteko zerbait. Egia esan, klasean lotsa handiagoa pasatzen nuen jendaurrean baino.

Lortu zenuen ikasleak euskal literaturara erakartzea?

Edukiak erakargarriago egitea behintzat lortu nuen. Baina abesti haiek klasean izan zuten eraginak baino gehiago harritu ninduen handik kanpora izan zuten sonak. Euskal Herrian oro har ezagutza falta handia zegoela konturatu nintzen: jende askok ez zekien Etxepare zein zen ere, ez zer esaten zuen, ez zer garaitakoa zen…

Euskara eskolak erakargarri egiteko saio gehiago egin dituzu?

Nik sorkuntza lan gisa planteatzen ditut klaseak, eta ez goitik behera programatutako zerbait gisa. Ni aspertzen banaiz, ikasleak nola ez dira aspertuko? Iruditzen zait konbentzituko baditut eta pasioa transmitituko badiet, nik pasioz bizi ditudan gauzekin eta moduekin lortuko dudala. Beti saiatzen naiz ahalegina egiten. Argi eduki behar ditugu helburuak, baina lortzeko modu asko egon litezke. Gainera, uste dut euskara ezin dugula irakatsi gaztelania irakasten dugun modu berean. Euskarak behar ditu sortzaileak, idazleak, utopia baten alde borrokatuko diren ikasleak eta gazteak, zinemagileak, kazetariak… Presazkoa eta ezinbestekoa da hori. Uste dut EGA aterako duten ikasleak lortzeko baino gehiago borrokatu beharko ginatekeela lubaki bandak sortzeko, literatura taldeak sortzeko eta euskaratik eta euskaraz sortuko duten gazte sortzaileak hezteko.

Zer egoera dauka euskarak gazteen artean Zarautzen?

Hizkuntza gutxitua da euskara. Jakin, denek dakite, etorri berriek izan ezik, baina askoz txikiagoa da erabilera; herritarren erdiek hitz egingo dute, gazteen artean zertxobait gehiagok —%60k edo %65ek—, baina DBHn, ikastetxe batzuetan, erabilera ez da %30era iristen. Oso egoera ahula da gurea. Beraz, jarrerak landu behar dira gazteekin; zergatik erabaki euskaraz egitea eta euskaraz bizitzea. Ideologia bat eman behar zaie. Badirudi demokrazian denok dauzkagula eskubide berdinak eta norberak libreki aukeratzen duela euskaraz ala erdaraz hitz egingo duen, baina hori ez da hala. Euskaraz hitz egiten duenak hautu bat egiten du, hautu politiko bat, hautu ideologiko bat, eta, euskara biziko bada, horretara ekarri behar ditugu gure ikasleak.

Zure sorkuntza eremuetara bueltatuz, hor daukazu 27 zapata bloga. Zergatik izen hori?

Ez dauka misteriorik. Izenburu bat behar nuen bloga sortu nuenean. Zapata mordo bat ikusi nuen etxea txukuntzen ari nintzen batean, eta orduantxe bururatu zitzaidan 27 zapata izena.

Gurasotasuna, sare sozialen erabilera, turismo eredua, feminismoa, maskulinitatea… Era askotako gaiak jorratzen dituzu blogean. Zer maiztasunez argitaratzen dituzu edukiak eta nola aukeratzen dituzu gaiak?

Gustatuko litzaidake astero zerbait argitaratzea, horixe iruditzen zaidalako maiztasun egokiena blog baterako, baina hirugarren umearen aita izan nintzen abenduan, eta familiak ere denborak markatzen ditu. Neure buruari jarri diodan helburua da hilean bi sarrera argitaratzea. Saiatzen naiz astearteetan publikatzen beti. Eta, gaiei dagokienez, gaiak berez etortzen dira data batzuen bueltan, eta beste batzuetan topatu egin behar izaten ditut. Apirilean, adibidez, Liburuaren Egunaren atarian, litekeena da hori aipatzea… Argi neukan aste honetakoak Martxoaren 8arekin izango zuela zerikusia. Gainera, uste dut gabezia handia neukala gai horren inguruan irakurtzeko eta gogoeta egiteko, eta, ideiak argitu nitzan, neure buruari jarri diodan ariketa bat izan da feminismoaz eta maskulinitateaz hausnartzea.

Aurretik ondo lantzen duzu, beraz, sarrera bakoitzaren edukia.

Bai, noski. Aukeratzen dudan gaiaren inguruan ahalik eta informazio gehien biltzen saiatzen naiz, liburuak eta artikuluak irakurtzen, diskurtsoa eraiki ahal izateko.

Lehen, idatziz bakarrik argitaratzen zenituen edukiak, baina bideoan ere jartzen dituzu azkenaldian. Zergatik eman duzu pausoa?

Gogoeta egin nuen iazko udan, eta bi gauza erabaki nituen: bat, blogean erregulartasun handiagoz idatziko nuela; eta bi, edukiak idatziz eta bideoan grabatuta jarriko nituela. Eta horretan hasi naizenean konturatu naiz bideoak jartzeko kontua guztiz emana datorrela: Youtubek erraztasun handiak ematen ditu zuzeneko emisioak egiteko, eta Facebookek eta Instagramek ere bai. Jendea ari da hor zuzeneko emisioak egiten eta bideotxoak jartzen. Baina zer dago euskaraz? Zenbat dago euskaraz? Oso gauza gutxi. Uste dut gauza interesgarriak egiteko sekulako aukera daukagula hor esku-eskura. Nire ekarpena egingo dudala erabaki dut nik. Gainera, idatziz baino jende gehiagorengana irits naiteke modu horretan, eta nire edukiek hedapen handiagoa izan dezakete. Egia da idaztea baino ausartagoa dela bideoak egitea, aurpegia jartzen duzulako, baina merezi duela uste dut.

Ondorioek ez al dizute ematen erreparorik?

Erreparoa bai, handia, eta are handiagoa aurpegia jartzen hasi naizenetik, baina nik onartzen dudan arriskua da hori. Badakit batzuei gustatuko zaiela esaten dudana, eta beste batzuei, ez. Hala ere, euskaldunok ez daukagu joera handirik erantzuteko. Youtuben ez dute izaten batere iruzkinik. Oso gutxi izaten ditut blogean; Facebooken, gehixeago. Izan da kritikatu nauen bat, jendea bakean uzteko esan didan bat. Onartzen dut balitekeela minduta egotea, eta ulertzen dut nik esandakoak ez zitzaizkiola gustatuko, baina nik nire iritzia eman nahi dut, eta saiatzen naiz kritika horiei balioa ematen, uste dudalako baliagarriak direla herri gisa eta pertsona gisa aurrera egiteko.

Zergatik sentitzen duzu kontzientziak mugiarazteko behar hori?

Oso azaleko kontuetan geratzen gara, konturatu gabe askoz gauza baliagarriagoak egiteko aukera daukagula. Lehengo batean, adibidez, sare sozialei ematen diegun erabilera kritikatu nuen blogean. Izan ere, sartzen naiz Facebooken, Twitterren eta Instagramen, ikusten ditut batzuek igotzen dituzten edukiak, eta pentsatzen dut: honek guztiak zer ekarpen egiten digu herri edo pertsona gisa? Gauza banalak dira ia denak. Eta ez dut esaten hori ere egin behar ez dugunik, baina ez ote gauden guztiz emanak horretara… Erakutsi nahi dugun irudia kritikatu nuen horrekin batera: dena ona, dena guay-a, inork ez dauka akatsik. Hainbeste iragazkirekin, sortzen ari garen pertsonaiak gero eta urrutiago daude gugandik. Zein gara gu benetan: hor gaudenak edo egunerokoan gabiltzanak? Horrek denak identitate krisi bat eragin lezake. Nola egingo dugu aurrera komunitate, herri eta pertsona gisa? Horri erantzuten saiatzen naiz ni, eta gustura jasoko nituzke jendearen ekarpenak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.