Hitza lagun duten artistak

Hitza lagun duten artistak

Irati Saizar Artola

Batez ere hitza erabiltzen duten artistak eta haien lanak sustatzeko helburuarekin antolatu du Ahoz Aho jaialdia, hamabigarrenez, Intujai Teatroak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako eta Ordiziako udalen laguntzaz.

Komunikazioan, ahozkotasuna “ardatzik indartsuenetakoa” dela adierazi du May Gorostiaga Intujai Teatroko kideak: “Gizakiak betidanik izan du ahozko tradizioa. Jaialdi honen kasuan, aurrean daukazu komunikatzailea, eta horrek ez dauka preziorik”. Antzerkian laugarren pareta dagoela aipatzen da beti, baina narrazio kontaketetan ez dago halakorik: “garbia” da begirada, “eta kontalariek asko komunikatzen dute ezohiko komunikazio bidez”, dio Gorostiagak. Hitzek ez ezik, gorputzak, begiradak, isiluneek eta arnasa hartzeko egiten diren pausek ere josten dute kontakizuna, “eta horiek bizi egin behar dira”.

Joan den asteburuan hasi zen Ahoz Aho jaialdia, VII. Ipuin Narrazio Lehiaketarekin. Bost lagunek hartu zuten parte, eta horietatik hiruk lortu zuten finalean sartzea: Amaia Ruiz de Galarreta tolosarrak —iazko garaileak—, Aitor Martinez Vinagret gasteiztarrak eta Marta Alzate donostiarrak. Hiru lagun horiek Urrezko Kalabaza lortzeko lehian ariko dira martxoaren 29an Ordiziako Barrena jauregian egingo duten Ahozkotasunaren Gala Nagusian. Gaurtik hilaren 30era, berriz, askotariko ipuinak zuzenean entzuteko aukera izango da. Gipuzkoako sei herritan ariko dira kontalariak: Donostian, Ordizian, Tolosan, Albizturren, Ibarran eta Ataunen.

Euskal Herriko nahiz nazioarteko kontalariak batu ditu Ahoz Ahok. Venezuela, Kolonbia eta Kubako ipuinak kontatuko dituzten hiru lagun gonbidatu dituzte aurten. Venezuelatik iritsi da Ruben Martinez Santana, Kubatik Marieta Sanchez eta Kolonbiatik Nicolas Buenaventura. “Lurralde haiek ezagutuko ditugu etxetik mugitu ere egin gabe”, azaldu du Gorostiagak. Denboran ere bidaiatzeko aukera izaten dutela gaineratu du Intujai Teatroko kideak. Izan ere, jatorrizko ipuinak kontatzen dituzte askotan.

Ahoz Ahok “familia bat sortzea” du helburu, bai artisten artean, bai publikoaren artean: “Familia handi bat osatu, eta elkarrekin bizi izaten dugu esperientzia. Izan ere, askotan, lanean aritzen gara denok, bakarka, eta ez gara egoten elkarrekin. Jaialdietara joan, antzeztu eta etxera joaten gara. Galtzen ari da elkarrekin egote hori. Baina jaialdi honetan, elkarrekin egoten gara denok, eta oso garrantzitsua da esperientzia partekatzea”.

Gorostiagaren hitzetan, ez da erraza ahozko narrazioan dihardutenen lana: “Gure lana ez dago baloratuta. Egunkari bat hartu eta agenda begiratzen hasten bazara, antzerkia, dantza eta musika ikuskizunak agertuko dira. Horren ostean, bestelakoak jartzen du beste kapitulu batean, eta hor gaude narratzaile eta ipuin kontalari guztiak”.

Horri aurre egiteko antolatzen dute jaialdia, eta topiko bati buelta ematea ere badute helburu Intujai Teatrokoek: “Ipuinak umeentzako soilik ote diren galdetzen digute askok. Bada, entsaladak beganoentzat soilik ote diren galdetzearen parekoa da hori, absurdoa”. Orokorrean, familientzat osatu dute egitaraua, eta bereziki umeentzat diren ikuskizunak zehaztuta jarri dituzte egitarauan bertan. “Ordutegien arabera ere jakin ahal izango da zein publikorentzat den ikuskizun bakoitza”.

Kontakizunez harago

Jaialdian dena ez da ipuina, eta guztia ez da kontaketa. Bihar eta etzi, adibidez, Ruben Martinez Santanak hamabi orduko narrazio ikastaro trinkoa eskainiko du Tolosan. Horrez gain, jaialdiaren azken egunean, martxoaren 30ean, euskal narratzaileen topaketa egingo dute, hirugarren urtez jarraian. 10:00etan, hitzaldi batekin ekingo diote egunari, Tolosako Amarotz auzoan. Maialen Morenok eta Antton Irustak eskainiko dute, Leire Diaz de Gereñuren gidaritzapean. Jarraian, 12:30ean, Buenaventuraren kontakizuna izango da, eta bazkalostean, Jabi Ibañezek diseinatutako Urrezko Kalabaza sariak banatuko dituzte Tolosako Zuloaga-Txiki gunean; Oihana Iguaran eta Haritz Mujika bertsolariak ariko dira bertso kantuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.