Omenaldi goxotik bultzadara

Omenaldi goxotik bultzadara

Unai Zubeldia

Eskaera bat baino gehiago jaso zituzten urtea hasi berritan. Batean eta bestean, elkarte askoren parte izan zen Aitor Sarasua, eta haren oroimenez ekitaldiren bat egiteko beharra sentitu zuten horietako askok eta askok. Iazko azaroaren 14an hil zen Sarasua, gaixotasun larri baten ondorioz, eta, omenaldi giroan, herritar talde batek haren bizitza oinarri izango zuen ikuskizun bat gorpuzten hastea erabaki zuen. Hilabete gutxi geroago, bihar taularatuko dute Hegotik Iparrerantz ikuskizuna, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian, 18:00etan. Aretxabaletan jaio zen Aitor Sarasua, 1967an, eta Itsasun (Lapurdi) bizi izan zen azken urteotan.

Sarasuak VHL sindromea zeukan, Von Hippel Lindau sindromea, eta, hain zuzen ere, gaixotasun horren ikerketari bultzada emateko baliatu nahi dute biharko ekitaldian bilduko duten dirua. Arkupe kultur etxera deituta erreserba daitezke emanaldirako sarrerak (943-08 10 01), eta bihar bertan Ibarra kiroldegian eskuratu ahal izango dira, 16:30etik 17:00etara; bihar ehun sarrera jarriko dituzte salgai leihatilan.

Gaur-gaurkoz, 36.000 pertsonaren artean bakarrari eragiten dio VHL sindromeak, eta horregatik da hain zaila detektatzea eta tratatzea; oraingoz, ez dago sendatzeko tratamendurik, baina, genetika alorreko ikerketei esker, diagnostiko goiztiarrak egiten ari dira. Iaz sortu zuten Sendabide elkartea, eta Aitor Sarasuaren anaia Josu Sarasua da lehendakaria. “Sindromeak eragindako familiek elkar ezagutzea eta elkarri sostengua ematea da erronketako bat, baita ikerketa ildo berri bat martxan jartzeko finantzaketa bilatzea ere”. Sarasuak azpimarratu du garrantzitsua dela gaia gizarteratzea. “Ezaugarri genetikoek sortutako gaitza da VHL sindromea, eta gorputzean hainbat tumore haztea eragiten du behin eta berriro, giltzurrunetan eta nerbio sistema nagusian, bereziki. Horrez gain, erretina eta beste zenbait organo ere erasaten ditu”.

Bi orduko emanaldia

Martin Berrizbeitia Hegotik Iparrerantz ekitaldiaren antolatzaile lanetan aritu da, eta hark azaldu du artista askok egin nahi izan dutela ekarpena biharko ekitaldirako. “Aitorrek hainbat diziplinatako jendearekin topo egin zuen Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira egin zuen ibilbidean, eta pentsatu genuen polita izan zitekeela diziplina horietako batzuk batzea”.

Bi ordu ingurukoa izango da emanaldia, eta hauek igoko dira taula gainera: Anje Duhalde, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Maitena Beheran eta Xebastian Sedez musikariak; Miren Artetxe, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak; Ildoka antzerki taldea; Leizarra eta Loramendi dantza taldeak, eta errezitatzaileak. “Aitorren hainbat testu irakurriko dituzte azken horiek; bere sormen ondarea presente egongo da ikuskizunean”.

Berrizbeitiak azpimarratu du pertsonalki ezagutzen zutenek eta ez zutenek estimu handia ziotela Aitor Sarasuari. “Debagoiena inguruko bertsozaleok aldare batean geneukan Aitor, eta ziur nago oso ekitaldi polita izango dela”. Goxotik eta hunkigarritik, denetik izango du biharko emanaldiak. “Baina tonu alaia eman nahi diogu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.