Argia ahanzturaren zakuari

Argia ahanzturaren zakuari

Eider Goenaga Lizaso

Ez dugu etsiko. Pasaiako badian egin zuten sarraskiak behar duen errekonozimendua eta aitortza jaso bitartean, tinko jarraituko dugu lanean”. Rafael Delas Txapas, Jose Mari Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dioni Aizpuru Kurro-ren senideek aste honetan bertan egindako adierazpenak dira. Azken 35 urteetako balantzea egiteko eta urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien berri emateko agerraldia egin zuten herenegun, Azpeitian, lau gazteen senitartekoek eta Pasaia Argitu taldeak. Argia da mezua: sufrimendu guztiek merezi dute aitortza eta erreparazioa, “salbuespenik gabe”.

Euskal Herriko gatazka politikoa milaka familiarentzat “tragedia handia” izan dela azaldu dute Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen senideek, baina aurrera begira jarri dira aldi berean. Euskal gizartea bakea, bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko bidean “une erabakigarri batean” dagoela diote, eta aurrera egiteko ezinbesteko baldintza bat bete behar dela: “Tragedia hori aitortu, onartu eta erreparatu beharra dago. Kasu bat bera ere ezin da geratu ahanzturaren zakuan zokoratuta”.

Datuak mahai gainean

Alde bateko zein besteko biktimen aitortza eskatzen dute, eta giza eskubideen urraketa guzti-guztien inguruko kontakizuna osatzea. “Gaur egun, kontakizun eta gertaera horietako batzuk bakarrik nabarmentzen dira, eta beste batzuk, ukatu, ezkutatu eta minimizatu”. Egoera hori gainditu egin behar dela diote, eta hainbat datu jarri dituzte mahai gainean, ezberdintasun horren erakusgarri. 216 dira 1960tik aurrera, polizia indarrek eragindako heriotzak; gerra zikinak hildakoak, 78; salbuespenezko neurri politikoen aplikazioaren eraginez hildakoak, 63; eta eraso faxista edo eskuin muturrekoetan hildakoak, lau. 364 hildako horien artetik, 82k baino ez dute jaso nolabaiteko aitortza ofizialen bat; alegia, %22,5ek.

Egiari Zor fundazioak “Espainiako eta Frantziako estatuek praktikara eramandako biolentzien” ondorioei buruz egindako ikerketatik ateratako datuak dira, eta horrek gabezia bat agerian uzten duela diote Pasaiako sarraskian hildakoen senitartekoek: “Lan asko dugu oraindik itzalean dauden gertaera guztiak argitara ekartzeko”.

Justizia administrazioaren aldetik ezer gutxi espero dute, ordea. Esperientziak hala erakutsi die 35 urteotako ibilbidean. “Justizia administrazioak inoiz ez ditu ikertu hainbat gertaera, ez ditu bideratu sumarioak edo zigortu errudunak, ez lehen eta ez orain”. Nabarmendu dute ezer gutxi espero daitekeela bide horretatik. “Argi daukagu zaila izango dela Espainiako Justizia Administrazioaren aurrean tratu berdintasuna lortzea. Gure azalean frogatu dugu hori”. Horregatik, ezinbesteko ikusten dute egia ezartzeko mekanismo eta batzordeek egin beharreko lana.

Justiziaren ateak, itxita

Espainiako Poliziak egindako segada hartan jazotakoaren egia Joseba Merinoren —segadatik bizirik irten zen komandokide bakarra— eta Rosa Jimenoren —segada egiteko amu gisa erabili zutena— ahotik jaso dute lau gazteen senideek eta euskal gizarteak. “Urte luze hauetan”, berriz, ezinezkoa egin zaie egia judiziala ezagutzea eta aitortzea, horretan “gogotik” saiatu diren arren.

Espainiako Estatuko bide judizial guztiak probatu dituzte, eta, kasuari argia emango dion froga berririk azaltzen ez den bitartean, kasua artxibatuta dago. Espainiako Auzitegi Konstituzionaleraino iritsi ziren Azpeitiko Udala ordezkatzen zuen herri akusazioa —azpeitiarrak ziren Isart eta Aizpuru— eta akusazio partikularra; eta hark atea itxi ostean, Giza Eskubideen Europako Auzitegian aurkeztu zuten Espainiako Erreinuaren kontrako salaketa: bizitza eskubidea urratzeagatik eta gertakariak behar bezala ez ikertzeagatik. Justu orain dela urtebete jakin zen, 34. urteurrenaren atarian, Estrasburgok ez zuela salaketa tramiterako onartu.

Kasua 2016 arte egon zen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Instrukzio Epaitegian. Akusazio partikularrak eta Azpeitiko Udala ordezkatzen zuen herri akusazioak hainbat ahalegin egin zituzten kasuak aurrera egin zezan, baina epaitegiek ez zuten ia inoiz onartu haiek eskatutako frogarik: polizien identifikazio saioak, autopsia osagarriak, gertaerak berreraikitzeko saioak, froga balistikoak…

Eta 2016ko azaroan behin betiko artxibatzea erabaki zuen epaileak. “Artxibatzeko autoan ‘hilketa zantzuak’ daudela aitortzen bazuten ere, urte hauetan guztietan ezer gutxi egin dute erantzuleak identifikatzeko eta zigortzeko”, salatu dute senideek. Hain zuzen ere, hori izan zen kasua artxibatzeko arrazoia: erantzuleak topatzeko eta parte hartu zuten poliziak identifikatzeko ezintasuna.

Bide judiziala itxita ere, senideek behin eta berriro nabarmendu dute ez dutela etsiko. Hala, Nazio Batuen Erakundera joatea aztertzen ari dira.

Argitu gabekoak gogoan

Pasai Donibaneko sarraskiaren urteurreneko ekitaldietan urtero oroitu dituzte Espainiako Poliziak tiroz josita hildako lau gazteak. Aurten, baina, berezia izatea nahi dute senideek. “Estatu indarkeria jasan duten hainbat kasu mahai gainera ekarri eta ezkutatu nahi duten sufrimendu guztia azaleratu nahi dugu”. Hala, bihar, 19:00etan, Azpeitiko Azoka plazan egingo duten ekitaldian inoiz aitortza ofizialik izan ez duten hainbat hildakoren senitartekoek parte hartuko dute: Txiki eta Otaegirenek, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an hildakoenek, 1978ko sanferminetan hildako German Rodriguezenek, hil arte torturatutako Joxe Arregirenek, Ramon Oñederra Kattu GALek bere gain hartutako lehen hildakoarenek, Josu Muguruzarenek eta Jose Miguel Etxeberria Naparra-renek. Horrez gain, urteurrena gaur denez, lore eskaintza egingo dute, 19:00etan, Enparanen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.