Mairuen Alarde berrituaz balorazio saio irekia egingo dute bihar, Antzuolan

Unai Zubeldia

Irungo eta Hondarribiko alardeek “distortsionatu” egin dituzte gainerako alardeak. “Baina gureak ez dauka zerikusirik bi horiekin; hori baino gehiago da alardea”, defendatu du Iñigo Ramirez de Okarizek, Antzuolako Mairuaren Alardea kultur elkarteko kideak. 1880an hasi ziren ospatzen Antzuolako alardea, eta festak berrikuntza bat baino gehiago izan du ordutik, 1980an eta 2009an nabarmenenak: izan zezakeen kutsu arrazista alboratu, eta mairuari hitza emanda, haren figura duintzea, genero ikuspegiari helduta ordura arte gizonenak ziren postu batzuetan emakumeak sartzea…

“Gizartea asko aldatu da azken urteotan, eta modu naturalean egin ziren aldaketa guztiak”, azaldu du Ramirez de Okarizek. Koreografia eta estetika aldetik egin zituzten mendeurreneko aldaketarik gehienak, eta 2009an hasi ziren mezua aldatzen. “Kultura bat, pertsonaia bat baztertzen zelako. Belaunaldi berriek argi ikusi zuten aldaketak behar zirela, eta, alardea ziurtatzeko, beharrezkoa zen gizarteari ez bizkar ematea”. Kultur elkarteko kideak azpimarratu du 2009ko prozesuan “bere aletxoa” jarri zuela Eusko Ikaskuntzak. “Urte hartan iritsi zen benetako iraultza”.

“Herritarrena da alardea”

Urteroko kultur adierazpen hori ez dela estatikoa jakinda, “eta findu beharreko zenbait gauza badaudela aitortuta”, alardearen balorazio saio irekia egingo dute bihar, 09:30etik 12:30era, Olaran etxean, azken aldaketak egin zituztenetik hamar urtera. “Herritarrekin aztertu nahi dugu duela hamar urteko helburuak betetzen ari ote garen edo ez, zein atal hobetu behar diren…”. Kultur elkarteko kideek “garrantzi handia” ematen diote herritarren ekarpenari. “Herritarrena delako alardea, eta ez beste inorena. Alardeak pribatizatzeko joera dago, baina antzuolarrek Antzuolatik sortutakoa da gurea”.

Ramirez de Okarizek azaldu du euskal foruen garaian —1876an desagertu ziren— “euskaldunek armada izateko zeukaten askatasunarekin” lotura daukala alardeak. “Baina antzuolarrek Valdejunquerako borrokan parte hartu izana ere ospatzen da alardearen bidez”. 920ko uztailaren 26an izan zen borroka hori, Muetzeko gotorlekuan, Nafarroan; gudaroste txiki bat osatuta, lurraldea inbaditzen ari ziren mairuen kontra borroka egin zuten antzuolarrek, eta irabazi egin zuten. Errege mairua harrapatu eta herriko plazara eraman zuten, atxilotuta.