Amaia Ramos: “Eraso asko ez dira erregistratzen, ez direlako salatzen”

Amaia Ramos: “Eraso asko ez dira erregistratzen, ez direlako salatzen”

Eider Goenaga Lizaso

Erizaina da Amaia Ramos (Hernani, 1972), eta hogei urte daramatza lanean. Azken 11 urteak Osakidetzaren Emergentzia Zerbitzuan pasatu ditu lanean, eta arlo horretan lan egiten duten langileen arriskuaz ohartarazi du. Babesgabezia egoera horri aurre egiteko topaketa egingo dute, bihar, Hondarribian.

Zergatik egingo duzue topaketa? Zerk bultzatu zaituzte horretara orain?

Iragan abenduan 31 eraso gertatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Abenduaren 9ko goizaldean, Bilbon, paziente batek ukabilkadaka eraso zion Osasun Emergentzietako Teknikari bati, eta eskuekin itotzen saiatu zen. Emakume hori bajan dago oraindik. Joan den astean, halaber, hiru eraso izan ziren; langileen kontra izan ziren bi —bajan daude bi langileak—, eta anbulantzia baten kontrakoa bestea. Erasoak asko dira, nahiz eta orain konturatu garen gaiak benetan duen dimentsioaz.

Eta zergatik ohartu zarete orain?

Orain arte ez geneukan daturik, eta, ondorioz, arazoaren larritasunaren kontzientzia erabatekorik ere ez. Izan ere, 2018ko apirilera arte ez ziren erregistratzen ospitalez kanpoko larrialdietan gertatutako erasoak; baina, orain, 2018ko apirilaren 1etik abenduaren 31rako datuak jakin ditugu, eta kopuru oso handiak dira. Bederatzi hilabetean, Osakidetzako Emergentzia Zerbitzuetako langileek 249 eraso sufritu zituzten; horietatik 119 Gipuzkoan izan ziren (%48,8). Halere, badakigu askoz gehiago direla; eraso asko ez dira erregistratzen, langileok ez ditugulako salatzen.

Bilbokoaren modukoak izaten dira eraso guztiak?

Ez, denak ez. Hitzezko erasoak dira kasuen %84: mehatxuak, irainak, laidoak… Emergentzietako Koordinazio Zentroko langileek sufritzen dituzte horietako asko, telefonoz. Batzuk oso urduri jartzen dira galdezka hasten zarenean; arreta egokia emateko dira galderak, baina irainka eta mehatxuka hasten zaizkizu. Eraso fisikoak %11,6 dira, eta, batez ere, Osasun Emergentzietako Teknikariek sufritzen dituzte. Kontaketa horretan ez dira sartzen langileen arteko indarkeria eta lan jazarpena, ez eta isildua den beste arazo bat ere: sexu jazarpena.

Testuinguru zehatz batean gertatzen dira erasook?

Ekain, uztail, abuztu, irail eta abenduan izaten dira eraso gehien. Iaz, abuztuan izan ziren eraso gehien: 46. Festa hilabeteak dira, alkohol eta droga kontsumoak gora egiten du, eta faktore horrek badu eragina. Azterketa bat egin beharko litzateke.

Ospitaleko mediku, erizain eta langileak baino babesgabeago zaudete zuek kalean?

Ez gara seguru sentitzen gure lanean, eta uste dugu gure arduradunak ez direla behar bezala arduratzen eta ez dizkigutela ematen gure babeserako eta segurtasunerako baliabide egokiak. Alde horretatik, Emergentzia Zerbitzuko Zuzendaritzak martxoaren 15ean jakinarazi zigun halakoei aurre egiteko prozedura bat lantzen ari direla eta laster zabalduko digutela langileei. Langileok ados gaude prozedura bat behar dela, baina kontua da prozedura hori ospitalez kanpoko eraso batean inplikatuta gauden langileon parte hartzearekin egin beharko litzatekeela, eta ez da horrela izan. Horregatik egingo dugu apirilaren 6an topaketa Hondarribian.

Zeintzuk dira seguru lan egiteko hartu beharreko neurriak?

Sinpleenetik hasita, langile bakoitzak walkie-talkie bat izan beharko genukeela iruditzen zaigu. Hala eramaten dugu bizi euskarri aurreratuko anbulantzia medikalizatuetan, baina Osasun Emergentzietako Teknikarien kasuan eta beste anbulantzietan walkie-talkie bat egoten da bi pertsonako. Berriki, arazoak izan dira horregatik: langile batek anbulantzian pazienteari kasu egiten zion bitartean, ohatilaren bila joan zen bestea, eta fisikoki eraso egin zioten anbulantzia gaizki aparkatzeagatik. Langile guztiei komunikazio tekniken inguruko prestakuntza ematea ere garrantzitsua iruditzen zaigu, indarkeria ekintza horiei aurre hartzeko edo horiek kudeatzen jakiteko.

Azkenik, beharrezkoa iruditzen zaigu arazoari buruzko azterketa bat egitea, metodologia egoki batekin eta gertakari bakar bat ere kanpoan utzi gabe; arrisku mapa bat egiten eta puntu kritikoak identifikatzen lagunduko liguke horrek. Garrantzitsua da, halaber, azterketa hau egitean langilearen maila eta sexua kontuan hartzea, eta baita gertaera bakoitzak dituen ondorioak —bajak eta abar— aztertzea ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.