“Euskaraz bizitzeko ahalegin handiagoa egin behar dugu euskaldunok”

“Euskaraz bizitzeko ahalegin handiagoa egin behar dugu euskaldunok”

Unai Zubeldia

Donostiarra da jaiotzez, Oiartzunen bizi da, amonaren baserrian, eta Astigarragan eta Hernanin lan egiten du, AEKren euskaltegietan. Aize Otañok (1988) ume-umetatik “modu berezian” bizi izan du Korrika, eta hurrengo ostirala noiz iritsiko irrikan dago, lasterketa orduan helduko baita Donostia, Astigarraga eta Hernanira. Gurasoen eskutik jaso zuen euskararekiko maitasuna, eta ikasleei sentimendu hori bera helarazten saiatzen da orain.

Abian da Korrika, baina AEKn, bi urteko tartean, lortzen al duzue lasterketa hori burutik kentzea?

Tira, bai… Euskaltegian lanean ari garenok lortzen dugu txip hori aldatzea, baina egia da Korrika urtea ez denetan ere hainbat kontu egoten direla fintzeko. Hori bai, Korrika urtea izaten da intentsitaterik handienekoa.

Batzuentzat bi urtez behin egiten den 11 eguneko festa txiki bat besterik ez da Korrika. Zuretzat?

Euskararen alde egiten den ekitaldirik hunkigarrienetakoa eta politenetakoa da niretzat. AEKn lan egiten ez nuenean ere oso modu berezian bizi izaten nuen Korrika, eta, orain, zer esanik ez.

Ume-umetatik sartu zizuten, beraz, Korrikaren harra barruraino.

Bai, bai. AEKn ibilitakoa da aita, eta euskara irakaslea ama. Ume-umetatik sentitu izan dut euskararekiko maitasuna.

Nola gogoratzen dituzu ume garaiko Korrika haiek?

Korrika Txikiak-eta ez dauzkat gogoan, baina urte batean Baionara joan ginenekoa, bai. Azken kilometroan lekukoa hartu zuen aitak, eta han igaro genuen eguna. Oso hunkigarria da Korrika. Negargura sentitzen dut iristen den bakoitzean; barrua mugitu eta sentimendu asko azaleratzen dizkit.

Zenbat aldiz entzun behar izan duzu “Joxe Leon Otañoren alaba!”. Amorrurik ematen al dizu horrek?

Askotan entzun behar izan dut, eta, oraindik ere, entzun behar izaten dut. Baina ez dit ematen amorrurik. Bera bera da eta ni ni naiz; neure bidea egingo dut nik. “Joxe Leonen alaba” esango dute askok, baina Aize naiz ni. Hori bai, harro nago Joxe Leonen alaba izateaz.

Zizurkilgo baserri batean jaioa da aita, eta, berak hala aitortuta, gaztelaniaz hazia… zure ama ezagutu zuen arte, ezta?

Hala da, bai. Nire amak argi esan zion: “Nirekin egon nahi baduzu, euskaraz hitz egiten ikasi beharko duzu”. Aita euskaltegian hasi zen berehala. Gure etxean betidanik hitz egin izan dugu euskaraz.

Aita AEKren Donostiako arduradun izan zen lehenengo; Gipuzkoakoa gero; eta AEKren koordinatzaile nagusia ondoren. Gustatuko litzaizuke antzeko ibilbidea egitea?

Gustatzen zait erronka berriei heltzea. Irakasle lanetan hasi nintzen AEKn, eta pixkanaka-pixkanaka ari naiz ardurak hartzen. Gustatzen zait pauso horiek ematea, AEK barru-barrutik ezagutzeko eta funtzionamendua barneratzeko. Hori bai, nire ibilbidea egingo dut nik. Arte Ederrak ikasi nituen arren, argi neukan irakaskuntzan murgildu nahi nuela, euskaltegian lan egin nahi nuela. Beldurtuta hasi nintzen, ez nekielako helduei euskara irakasteko gai izango ote nintzen.

Gaur egun, titulu baten bila etortzen dira asko, beharra daukatelako, eta haserre etortzen dira horietako batzuk. Baina, oro har, ez dut izan esperientzia txarrik. Ikasleei euskararekiko maitasuna txertatzen saiatzen naiz beti.

Garestia omen da euskara ikastea…

Bai… Gaur egun, zoritxarrez, garestia da. Desagertzea da AEKren erronka, nahiz eta ez dakidan noizbait lortuko dugun. Erretiroa hartu zuenean, argi esan zuen aitak: “Nik ez dut izan aukerarik AEK desagertzen ikusteko, eta ea ba nire alabak aukera daukan”. Aurrerapausoak eman ditugu, eta baikorra izan nahi dut, baina asko dago egiteko.

Donostian jaio zinen, eta Donostian bizi izan zinen, erdialdean, baina Oiartzungo baserri batean bizi zara gaur egun. Nolatan?

Amonak ni jaio baino lehen erosi zuen baserria, baina inor ez da bizi izan han. Mutil-lagunarekin asteburu-pasa joaten hasi nintzen, eta afaltzera joan ginen batean hantxe gelditu ginen lotan. Beste egun bat iritsi zen gero, eta beste bat eta beste bat… Bioi ala bioi asko gustatzen zaigu bizimodu hori.

Bisitan joateko leku polita da baserria, baina lan handia dauka atzean. Baserriko lanetan ere buru-belarri ari al zarete?

Ez gara bizi baserritik, baina gauza batzuk egiten ditugu. Baratzea badaukagu, eta hortik hartzen ditugu guretzako produktuak; astoa ere badaukagu, belarra jateko; txekor bat ekarri berri dugu, gure kontsumorako; txerri bat ere eduki genuen; oiloak… Lorezaina da mutil-laguna, autonomoa, eta lanez lepo ibiltzen da bera ere. Oraingoz, ez daukagu asmorik baserritik bizitzeko.

Euskara kontuei helduta, eta donostiarra zarenez, 2016an Soziolinguistika Klusterrak egin zuen ikerketa baten arabera, Donostian %15,2koa da euskararen kale erabilera, haurren artean %26,9koa eta gazteen artean %13koa. Zer dago datu horien atzean?

Euskara dakiten askok ez dutela erabiltzen. Argi eta garbi. Eta horixe ikusi dut nire inguruan ere. Adin batetik aurrera, nerabezaroan, ez dakit zergatik, baina gaztelaniara jotzeko joera handia izaten dute gazteek. Niri ere horixe gertatu zitzaidan inguruan, nahiz eta nik beti eutsi izan diodan euskarari. Euskararen erabileraren kasuan, arazo bat daukagu hor.

Gero eta familia gehiagok aukeratzen dute D eredua, baina euskarak, oraindik ere, nekez ematen du ezagutzatik erabilerarako pausoa. Zerk huts egiten du?

Helduok gara txikienen eredu, eta etxean ikusten duten horrek eragin nabarmena dauka neska-mutikoengan. Oso erraza da esatea haurrak ikastolara eramango ditugula eta han ikasiko dutela euskaraz. Baina hori ez da nahikoa. Ardura handiegia uzten zaio eskolari.

Errealitate horretan, zein erronka dauka AEK-k?

Helduengan eta haien ondorengoengan eragin behar dugu guk. Euskaraz bizi nahi ez duten horiek inguruan ez daukate euskaraz hitz egiteko beharrik; gaztelaniaz bizi daitezke nahi izanez gero. Donostian, esaterako, toki askotan, gaztelaniaz egiten dute lehen hitza. Euskaraz bizitzeko ahalegin handiagoa egin behar dugu euskaldunok, behar hori transmititu behar dugu.

Zure amaren gisako maitale gehiago behar ditu euskarak? Ingurukoei baldintza zorrotzak jarriko dizkieten herritarrak?

[Barrez] Batzuek asko maite dute euskara, baina ez dute erabiltzen ondoren. Hori da kontua. “Maita, maita, maita nazazu gutxiago; goza, goza, goza nazazu gehiago“, dio kantuak, eta iritzi berekoa naiz ni ere. Unibertsitate garaian, esaterako, gaztelaniaz aritzeko joera handia zeukaten nire inguruko askok, eta nirekin bakarrik aritzen ziren euskaraz. Alde horretatik, argi eduki izan dut beti eurak errespetatuko ditudala, baina nik euskaraz bizi nahi dudala. Horixe eskatzen diot jendeari: niri euskaraz bizitzen uzteko.

Zure beste alor bati helduta, batxilergo artistikoa egin zenuen lehenengo, Arte Ederrak gero… Artista bat daukazu gordeta barruan?

Oso baztertuta daukat Aize artista hori. Ikasteko gogoa neukalako erabaki nuen Arte Ederrak ikastea, ez gerora horretan lan egin nahi nuelako. Tarte batean egin nituen lan batzuk, baina gaur egun beste gauza batzuk egiten ditut aisialdian.

Ikasketak amaitu aurretik, 2011n jarri zenuen lehen erakusketa, Donostiako Rekalde tabernan. Erabat alboratuta daukazu, beraz, bide hori?

Bai, bai. Lagunak nituen Rekalde tabernaren jabeak, eta ondoren Lasarte-Oriako Jalgi tabernan ere jarri nituen lan batzuk, bi aldiz. Ingurukoei ere oparitu izan dizkiet artelanak, baina alor horretan ez dut egin ahalegin handirik.

Kontuak nola diren, dagoeneko ateak itxi ditu Rekalde tabernak. Tira, ateak itxi behar izan ditu…

Bai… Grosen daude orain, eta aurrerantzean ere bide horri eustea espero dut. Beste gune batzuk ere badaude artista gazteentzat, eta, egia esan, horren inguruan ez dut egin gogoeta handirik.

Donostiarra zara izatez, erdialdean bizi eta bizimodua Parte Zaharrean egin duena. Zeure sentitzen al duzu Donostia?

Inola ere ez. Gero eta gutxiago gustatzen zait ikusten dudan Donostia. Parte Zaharrean ibili izan naiz beti, eta asko ari da aldatzen. Bertakoak ahaztuta, kanpotarrei begira eraikitzen ari dira dena, eta ikusi besterik ez dago gaztetxearekin zer gertatzen ari den. Gazteek ez daukate aukerarik euren guneak sortzeko. Izugarrizko pena ematen dit portuan zer egiten ari diren ikusteak. Kanpora begirako politikak garatzen ari dira etengabe. Komertzio txikiak ixten ari dira, hor dago pisu turistikoen auzia…

Zer dauka ederretik helduen alfabetatze eta euskalduntze lanak?

Dena. Ni euskarari esker naiz horrelakoa, euskalduna naizelako eta euskara daukadalako. Niri dena ematen dit euskarak; maite dudan hizkuntzarekin egiten dut lan, eta hori zabaltzea dut helburu. Zer dago hori baino politagorik?

Nola kontzientziatu behar dira herritarrak apirilaren 14tik aurrera ere euskaraz hitz egiten jarrai dezaten?

Erantzun zaileko galdera da hori. Euskaraldian ere parte hartu zuen jendeak, baina askori ahaztu egiten zaie konpromisoa eskatzen duela parte hartzeak. Askok ez dute ematen parte hartzetik hausnarketarako pauso hori. Euskara gure hizkuntza dela aldarrikatzen dugu, baina ez da nahikoa aldarrikapen hutsean gelditzea. Ez gara jabetzen gure aitona-amonek eta gurasoek zenbat lan egin zuten gaur egungo egoerara iristeko. Euskaraz dakiten askok ez dute hausnartzen horren inguruan, eta dakigunok erabili behar dugu; euskaraz ez dakiten horiei nola exijituko diegu guk erabiltzen ez dugun hori erabiltzeko? Maita dezagun euskara eta jabetu gaitezen daukagun altxorraz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.