Immobilismoa premiazkoa da

Danel Agirre

Zutabegintzaren Denis Itxaso naiz. Eternitatea daramat egitekorik aldatu gabe. Ispilura begiratu, eta hasi nintzeneko tipo guapoaren aztarnarik ez da geratzen ia. Baina aspaldi okupatutako txoko hau uzteko asmorik ere ez dut, beste ezertan sekula aritu ez naizenez.

Kontua da (hau berari ere gertatuko zaio seguru) gurari batek ekarri ninduela hona, eta oraindik konplitzeko daukadala. Duela bi edo hiru hauteskunde kanpaina aitortu nizun. Nire bizitzako ilusioa botoa eskatzeko editorial solemne bat idaztea da, The New York Times-ek argitaratu ohi dituenen gisakoa. Eta ez nuen aparteko itxaropenik, baina baieztatzeko moduan nago dagoeneko. Aurten ere ez da izango. Programa guztiak patxadaz arakatu, eta ez dago nire eskakizun bakarra beteko duenik: lau urteko etenaldi bat, inongo proiekturik abian ipini eta gauzatu gabe.

Gure ordezkariak euskotarrok gizatalde moduan kondenatzen gaituen jatorrizko bekatuaren biktima dira. Topikoa irudituko zaizu akaso, baina eginzaleak gara, pentsatuzaleak bainoago. Martxan dagoen herria, geratu eta zertan ari den hausnartzeak betidanik izua eragiten diona. Kaskoari lasai eragin beharrean, Erniora bizkarrean butano bonbona hartuta igo, bi mila kiloko harria plazari jiran arrastaka ibili, edo umearekin eskolara doan zinegotzia lau tirorekin akabatzea nahiago izan duten estajanobistaz josia. Zer marraztu erabaki baino lehen lapitzak astintzeari ekin eta folioa beltz lagatakoan mahaia zikintzen hasten diren haur hiperaktiboak bezalakoak gara.

#esanetaegin traolarekin biribiltzen ditu Zarauzko alkateak markesina, espaloi edo aparkaleku berri bat estreinatu ondorengo txio triunfalistak. Lelo sintetikoa eta gogoraerraza da berea, baina benetakobeharrakaztertu, lehentasunaknondaudendetektatu edo norabidezuzenahau- otedengureburuarigaldetu falta zaizkio aurretik itsatsita, gutxienez, nire gusturako. Dibertigarriena da, bertako ezker abertzaleak udalaren jardunari buruz igorri duen kexarik ozenena trenbidea ez lurperatu izana dela. Jeltzale bati nork obra handiagoa egingo erronka botatzera ausartu da, alegia. Segi dezala alkatea berotzen, eta hondartza ere asfaltatuko digu tipoak datorren legealdian. Bada halere azkenaldian apustu are suizidagorik egin duenik: maiatzeko bozetan EAJk Zarautzen irabaziz gero —irabazitakoan—, 27zapata-ren kontura afalduko dugu Ikerrek eta biok.Youtuber aparta, futurologo kaskarra, bistan denez.

Garabirik, inori axola ez zaizkion nazioarteko batzarrik eta berdelaren festarik gabeko bolada batek balioko liguke, akaso, psikoanalizatu eta benetako gobernantzarentzat —ikusezina, inauguraziorik gabea— dugun ezintasuna zuzentzeko. Frankismoa desagertu ez delako kexu diren berberek No-do txikiak nola edo hala elikatu beste egitasmorik ez dute. Mozteko zintarik gabe, ez dirudi herrigintza. Baina amestu ere ezin ditugun zerbitzu sozial, haurtzaindegi sare eta soldatak dituzten tokietan, gu baino errepide eta eraikin zaharragoekin konpontzen dira. Zer galdetu eman beharko liguke.

Lau urte geldirik ematea erokeria iruditzen bazaizu, begira Donostia. Koalizio berberak ekin eta ekin segitzen badu, espaziotik ikusten den noria eraikiko dute laster Kontxan. Gogoetarako Alderdi Immobilista (GAI) behar da ahalik eta lasterren, nora ote goazen patxada osoz eztabaidatzeko. Ideia nirea izanda, nik sortu beharko nuke berez. Baina sinetsidazu, ni zinegotzi sufritu baino, nahiago zenuke askoz Denis Itxaso Hitza-ko zutabegile.

Leave a Reply

Your email address will not be published.