Obligazioa, askapenerako bide

Obligazioa, askapenerako bide

Karmele Uribesalgo Alzola

Merkataritza ezin da ulertu emakumerik gabe”: Hori uste dute Irati Garai eta Jone Arrazola antropologoek. Oñatiko emakumiak errekautan. XX. mendeko komertzio txikixaren etnografia feminista bat lanaren egileak dira. Herriko merkataritzaren eta emakumeen arteko harremana aztertu dute. Selma Huxley Barkham bekari esker garatu dute ikerketa hori. Oñatiko Udalak lehenbizikoz eman du laguntza hori, emakumeek historian herriari egindako ekarpenak agerian jar daitezen. “Merkatari familietatik gatoz biok; gertu izan dugu gaia”, adierazi du Garaik. Hala ere, nabarmendu du oso gutxi ikertu izan dela horren inguruan. “Sektore feminizatua” izan delako, ondorioztatu du Arrazolak.

Garaik azaldu duenez, joan den mendean emakumeak arduratzen ziren erosketak egiteaz, eta erakusmahaian ere emakumeak izaten ziren sarri: “Ezkontzean, lana utzi behar izaten zuten askok, etxekoandre izateko. Errekadutara ateratzea aitzakia bat zen beste emakume batzuekin topo egiteko eta kalea hartzeko”. Arrazolak adierazi du modu horretan harremanak sortzen zirela: “Informazioa eskuratzeko aukera izaten zuten etxekoandreek, batak bestearen berri izatekoa, eta elkar zaintzekoa”. Sortzen zen konfiantzari lotuta dago emakumeen artean izaten zen zaintza ekonomikoa. “Produktuak probatzeko uzten hasi ziren merkatariak, eta bezeroei epeka ordaintzeko aukera ere ematen zieten”, zehaztu du Arrazolak.

Garaik dio Oñati geografikoki “nahiko bakartua” egon izan dela, eta behar guztiak asetzeko produktuak izaten zirela herriko komertzioetan. Halaber, hiriburuetatik eramaten zuten herrian erosi ezin zena. Errekadistek zuten ardura hori: “Gaur egun, gizonek egin ohi dute lan hori, baina, XX. mendean, emakumeak aritzen ziren horretan”.

Hasierako asmoa hamar testigantza jasotzea bazen ere, 42 pertsona elkarrizketatu dituzte. Aniztasunaren bila aritu direla azaldu dute, eta “oso etnografia zabala” osatu dutela. Hainbat azpisektore ikertu dituzte: elikadura dendak, jantzienak, ostalaritza eta jostunen jarduna, besteak beste. Elkarrizketatu gehienak kaleko merkatariak dira, baina auzoetako eta baserriko langileekin ere egon dira. Askotariko adin eta jatorriak dituzte protagonistek.

Bi antropologoek erantsi dute XX. mende erdialdera arte emakumeak etxekoandre izatera “kondenatuta” zeudela. Gainera, testigantzei esker jakin dute merkataritzan lanean aritu ziren asko “derrigortuta” zeudela postu horretan aritzera. “Komertzioa arnasbide bat zen etxekoandreentzat, baina zapalkuntza bide bat dendarientzat”, nabarmendu du Arrazolak. Garaik gogoratu du “salbuespen kasuetan” joaten zirela gizonak errekaduak egitera: “Denda batera sartzen zirenean, ez zuten ilararik egiten; presaz egin beharreko erosketa bat izango zela pentsatuta, emakumeek pasatzen uzten zieten”. Bien hitzetan, ostalaritzan “bestelakoa” zen egoera; gizonak ziren nagusi.

Azaldu dute gaur egun emakumeek harreman desberdina daukatela komertzioarekin eta errekaduekin, eta uste dute azken urteetan lortutako eskubideetan dagoela oinarria; emakumeek aukera daukate etxetik kanpo lan egiteko, diru propioa izateko eta aisialdiaz gozatzeko. Arrazolak esan du orain denborak beste balio bat duela, eta bezeroek “azkartasuna” eta “samurtasuna” nahi izaten dituztela: “Denbora galera moduan ikusten dugu produktu bakoitza denda batean erostea”. Merkatarien artean ere errelebo falta dagoela azpimarratu dute; “aldebiko krisia” dagoela iritzi dio Arrazolak.

Lana erakusteko hiru bide

Ia bi urteko lanaren ostean, hiru eratara erakutsiko dute emaitza Garaik eta Arrazolak. Batetik, lanaren laburpenaren ale bana bidaliko dute Oñatiko etxe guztietara —hilaren 8tik 10era egingo da banaketa—. Bestetik, erakusketa bat prestatzen ari dira. Maiatzaren 9tik ekainaren 2ra egongo da ikusgai, Egaña janari denda izandako lokalean. 90eko hamarkadan itxi zuten, eta zegoen bezala mantendu da. “Daukan xarma gustatzen zaigu; kultur etxeko erakusketa gelan egin beharrean, lokala bera berezia zela iruditzen zitzaigun”, azaldu du Garaik. Bisita gidatuak egingo dituzte erakusketan, eta egileek nahi dute bertara joandakoek esperientziak eta oroitzapenak kontatzea. “Sentitzekoa izango da erakusketa”, nabarmendu du Arrazolak. Bisita gidatu itxia eskatzeko, helbide honetara idatz daiteke: errekadutan@gmail. com.

Horrez gain, lana osorik jasoko duen liburu bat ere argitaratuko dute. Erakusketa martxan jartzen dutenean jarriko dute salgai. Arrazolak hiru esperientziak bizitzera animatu ditu herritarrak, “osagarriak baitira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.