Teknologia, zaintzaren lagun

Teknologia, zaintzaren lagun

Kerman Garralda Zubimendi

Teknologiaren funtsa bizimodua erraztea izanik, adinekoen artean aurrerapen handiak lortzeko aukera ikusi dute ikasleek. Eta, erronka horri tiraka, Mondragon Unibertsitateko Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko masterreko ikasleek adinekoen zaintza lanak errazteko proposamen teknologikoak aurkeztu zituzten, joan den astean, Urretxun. Dementziaren, bakardadearen eta iktusaren arloak landu dituzte, besteak beste.

“Behaketaren eta elkarrizketaren bidez, ikasleek pazienteen esperientziak jaso dituzte, eta horiek aztertu ostean garatu dituzte proposamen teknologikoak”, azaldu du Ester Valek, Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko koordinatzaileak. Oinarri-oinarrira joanda, mendekotasuna duten pertsonen zaintza arloan dauden gabezia teknologikoak identifikatu eta estaltzeko proposamenak egin dituzte ikasleek.

Heldu plataforma digitala garatu dute, esaterako, Ainhoa Apraiz, Andoni Cid, Miren Cuerdo, Sebastian Diaz eta Laura Parralejo ikasleek. “Dementzia duten pazienteen zaintzaileak ahaldundu nahi ditugu, haien lan zama arinduz eta informazioa eskainiz”. Gaixoak eta haren ingurukoak hobeto koordina daitezke sakelakorako aplikazio baten bidez; adituek egiaztatutako informazioa ere kontsulta dezakete…

Auzotu izeneko aplikazioa da ikasleen bigarren proposamena: “Etxerako banaketa zerbitzua da. Gaixoaren kontsumo ohiturak mantendu nahi ditugu, eta herriko komertzio txikiak sustatu”, azaldu dute Valeria Belleza, Oscar Escallada, Maite Iza, Idoia Landa eta Gorka Martin ikasleek. “Auzotu app-a jaitsi, nahi dugun saltokia eta produktua aukeratu, ordainketa automatikoa egin, eta etxean jasoko dugu erositakoa”.

Idec da hirugarren proiektua, Asier Etxeberria, Aitor Fernandez, Ivan Ruiz eta Maria Suberbiolak garatu dutena. Iktusa izan dutenei bideratuta dago, eta ariketa fisikoa eta garapen kognitiboa uztartzen ditu errehabilitazioa osatzeko. “Memoria, arreta, orientazioa eta abar lantzeko ariketak prestatu ditugu. Taldean nahiz bakarka egin daitezke, eta adituek jarraipen zehatza egin diezaiekete pazienteei”, zehaztu dute proiektuaren egileek.

Iñigo Aritzetak, Nerea Dorronsorok, Bingen Elgetak eta Arian Rosalesek, berriz, Act proiektua garatu dute. “Helduek pairatzen duten bakardadeari eta motibazio faltari aurre egiten dio gure lanak”, azaldu dute egileek: “Pazienteak bere zereginak antolatzen ditu, eta sakelakoak une oro gogoraraziko dio zer daukan egiteko”.

Unai Agorriak, Borja Alcantarak, Julian Canok, Iñigo Diezek eta Paula Tomasek prestatutako Look oroitzapen kutxa da bosgarren proiektua. “Familia giroa eta aisialdia sustatzeko zerbitzu bat da”, azaldu dute taldekideek.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, Urola Garapen Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean landu duten Zaintzeko Hub egitasmoan garatu dituzte proiektu guztiak. Hiru urteko iraupena du proiektu horrek, eta lehen fasea itxi berri dute aurkeztutako proposamenekin. “Lehen urtean erabili beharreko metodologia eta proiektuak definitu ditugu orain”, zehaztu du Valek. “Pazientearen esperientzietan oinarritutako metodologia zaintza esparru gehiagotara zabaltzea izango da datozen bi urteetarako erronka, arreta ahalik eta onena izan dadin. Proposamenetako bat gauzatzea lortzen badugu, ezin hobeto, baina bigarren mailako helburua da hori”. Diseinu Berrikuntza Zentroko koordinatzaileak azpimarratu du lehen urteko emaitzekin parte hartzaile guztiak”oso gustura” daudela.

ONBideratu proiektua

Uggasak, Urola Garaiko Garapen Agentziak, parte hartze zuzena dauka proiektuan, eta hala azaldu du Itziar Salaberria agentzia horretako kudeatzaileak. “Guk ere bat egiten dugu Zaintzeko Hub proiektuaren estrategiarekin, eta eskualdean proiektu piloturen bat egin nahi genuen. Izan ere, Urola Garaian ere badugu gizarte eta osasun arloa bere egiten duen estrategia zehatz bat: ONBideratu proiektua”.

Gizarte eta osasun arloan elkarrekin lanean ari diren erakunde guztien artean “ekosistema bat” sortzea da Uggasa agentziaren erronka. “Duela lauzpabost urte hasi ginenean baino sare indartsuagoa daukagu orain, eta hori baliatu behar dugu berriz ere Gipuzkoa mailako estrategia diseinatzeko eta salto kualitatiboa emateko”. Adibide gisa, ONBideratu zentroari epe motzean dinamismoa eman nahi diote arduradunek. Eskualdeko hainbat enpresatan eraikitako errehabilitazio robotikoko aparailuz hornituta dago ONBideratu zentroa, eta paraplegia arazoak dituzten gaixoei eguneroko errekuperazioan laguntzea du xede.

Valek eta Salaberriak, dena den, behin eta berriz azpimarratu dute pertsonek dutela protagonismoa, eta ez puntapuntako teknologia garatzeak. “Sektorea azkar ari da hazten, baina pertsonetan zentratzen gara gu, ez teknologian. Hori da gure gainbalioa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.