“Diseinuari dagokionez, nortasuna dago Euskal Herrian”

“Diseinuari dagokionez, nortasuna dago Euskal Herrian”

Karmele Uribesalgo Alzola

Goi mailako joskintza neurrira egiten du Amaia Albesek (Arrasate, 1989). Atelier bat dauka bere sorterrian, eta, gaur egun batez ere ezkongaientzako jantziak egiten dituen arren, izan ohi ditu beste proiektu batzuk esku artean; besteak beste, zinema jaialdi ezagunetan izan dira Albesen hainbat pieza. Esaterako, Donostiako Zinemaldiko, Canneseko eta Goya sarietako alfonbra gorrian izan dira diseinatzaile arrasatearrak egindako jantziak. Krisi garaian negozio propioari ekin, eta poliki-poliki bidea egiten ari da modan.

Betidanik izan duzu argi moda diseinatzaile izan nahi zenuela?

Nik esango nuke txikitatik datorkidala zaletasun hori. 11 urterekin hasi nintzen josten. Amonak bere konponketatxoak egiten zituen, baina bista galtzen hasi zenean, laguntzeko eskatu zidan. Orduan piztu zitzaidan grina. Gero, batxilergo artistikoa egin nuen, eta gehiago garatu nituen nire ezagutzak. Gainera, garai hartan ez nuen ikusten gustatzen zitzaidan arroparik, eta, ondorioz, nire lantxoak egiten hasi nintzen.

Beraz, nolabait, etxetik datorkizu josteko afizioa.

Neurri txiki batean, bai, ikusi izan ditut josten, baina ez profesionalki; ez naiz modista familia batekoa. Nire senide guztiek industrian egiten dute lan, ez dago modara dedikatzen den beste inor. Amonek josi ohi zuten, eta oso ondo gainera. Lehen, emakume guztiek ikasten zuten josten, baina gaur egun ematen du modista eta diseinatzaileok bakarrik dakigula josten.

Zeintzuk izan ziren zure lehen pausoak modan?

Moda ikasketak bukatu nituenean, bilduma bat egin nuen lagun batekin, eta ikuskizun baten bidez aurkeztu genuen Arrasaten. Horrez gain, hainbat enpresatan ere aritu izan naiz joskintza lanetan. Besteak beste, jendeari josten erakusten aritu nintzen gizarte lan batean. Hala ere, bestelako lanak nituen arren, nire proiektu propioa ez nuen utzi alde batera; bi gauzak uztartzen saiatu nintzen. Baina une batetik aurrera ez neukan denborarik konpromiso guztiak betetzeko. Orduan, nire enpresa propioari ekitera animatu ninduten etxean, eta horretan hasi nintzen. 2011. urtea zen; krisi garaia.

Nolatan egin zenuen apustu hori krisi garaia izanda?

Esan beharra daukat, orokorrean, jendeak ez ninduela animatzen lehen pausoa ematera. Autonomo izateko alta ematera joan nintzenean, erakusmahaian zegoenak galdetu zidan ea ziur nengoen, denak baja ematen ari zirela eta. Nik saialdi bat egiteko gogoa neukan, eta ahalegina egin nahi nuen.

Behin proiektua martxan jarrita, nolakoa izan zen hasiera?

Oso gogorra. Pozik gogoratzen dut gaur egun, baina garai latzak izan ziren. Inbertsio ekonomiko handia egin behar izan nuen, eta inork ez du laguntzen; ez nuen jaso inongo diru laguntzarik. Aurreztuta neukan dirua proiektu berrira bideratu behar izan nuen.

Atelierra zure herrian, Arrasaten, jartzea erabaki zenuen. Argi ikusi zenuen negozioa zabaltzeko leku aproposa izan zitekeela?

Hasi nintzenean, jende askok esaten zidan ea ziur nengoen negozioa Arrasaten zabaltzearekin. Hiri batean horrelako enpresa batek irteera gehiago izango zituela uste zuten. Baina niri ez zitzaidan iruditzen hain ideia txarra. Gainera, Bilbo, Donostia eta Gasteizen erdibidean gaude.

Erabaki ona izan zela esango zenuke? Zure bezeroak Arrasatekoak bertakoak dira, edo beste udalerri batzuetatik iristen zaizkizu?

Bailarako bezero asko ditut, baina kanpotik ere etortzen zaizkit, Bilbotik, Donostiatik edo Gasteiztik, besteak beste. Nafarroako bezeroak ere izan ditut. Oraingoz, behintzat, jendea etortzen ari da.

Zer bidetatik heltzen da jendea zuregana?

Ahoz ahokoak izugarri lagundu dit lekua egiten. Toki askotan sartzen dut muturra, hori ere hala da, baina esango nuke, batez ere, jendearen komentarioen bitartez zabaldu dela nire lana. Sare sozialek ere asko laguntzen dute, eta baita hedabideek ere.

Diseinatzaile bakoitzak bere estiloa dauka. Nolakoa da zurea?

Bezeroekin lan egiten dudanean, saiatzen naiz jantziek nire kutsu bat izan dezaten, baina bezeroaren nortasunean zentratzen naiz, bera baita protagonista. Nire kabuz sortzen dudanean, sormena libre uzten ahalegintzen naiz. Askotan esan izan didate rockera estiloa daukadala, eta kañeroak direla egiten ditudan lanak.

Neurrira egindako lanek mugatu egiten dizute sormena?

Bezeroaren araberakoa izan ohi da hori. Hala ere, oso polita iruditzen zait elkarlanean aritzea, eta, beraz, ez dut muga gisa ikusten. Azken finean, sortzeko beste modu bat da bezeroarekin batera egindakoa.

Bakoitzaren neurrira egindako piezak izanik, zorrotzak izaten dira bezeroak?

Askotan, ni neu bezeroak baino zorrotzagoa izaten naiz neure buruarekin. Denetik dago, baina oso polita da bion artean sortzen den lantalde eta elkarlan hori. Ez nuke esango esperientzia txarrik izan dudanik.

Jendeak badu ohiturarik neurrira egindako jantziak erosteko?

Betidanik egon izan da modisten ofizioa, baina azken urteetan ahaztuta egon dela esango nuke. Hala ere, poliki-poliki jendea baloratzen hasi da eskuz egindako lana. Nire proiektu propioari ekin nionean, nagusiak ziren etortzen zitzaizkidan bezero guztiak, eta igandeetako trajeak egiteko eskatzen zidaten. Bezero horiek ohituta zeuden neurrira egindako arropak janztera. Gazteen artean bestelakoa zen egoera, baina denborarekin, garrantzia hartzen joan dira neurrira egindako lanak. Sarri, ezkontzeko jantzi berezi bat behar dutela esanez etortzen dira, baina ikusten dute oso esperientzia ona dela neurrira egindako pieza bat sortzea. Bizi izandakoa hain positiboa denez, errepikatu egiten dute.

Zer izaten duzu kontuan jantzi bat sortzeko orduan?

Arreta handia jartzen dut bezeroaren nortasunean. Nolako gorputza duen ere begiratzen dut. Horrez gain, berebiziko garrantzia izaten dute oihalek, eta diseinuak ere bai. Josteko modua ere kontuan izan behar da.

Zerk inspiratzen zaitu?

Gehienbat, oihalek. Asko gustatzen zait oihal bat hartu, eta horrekin zer egingo nukeen pentsatzea; hau da, jolasten aritzen naiz, eta erronkak jartzen dizkiot neure buruari. Bestalde, beti eramaten dut koaderno bat aldean, eta hor apuntatzen ditut bururatzen zaizkidan ideiak.

Emakumezkoentzat bakarrik egiten dituzu jantziak?

Lehen, gizonezkoentzat ere egiten nituen, baina disfrutatu egiten dut emakumeentzako sortzen. Ez dakit zergatik den, aukera gehiago ematen didatelako, agian. Oraingoz, oso gustura ari naiz emakumeen jantziak sortzen, eta, beraz, epe laburrean, behintzat, ez dut egingo gizonezkoentzako lanik.

Neurrira egindakoak dira zuk sortzen dituzun pieza guztiak? Zure lanak eskura daitezke beste modu batera?

Neurrira sortutakoa da saltzen dudan guztia, eta, ondorioz, pieza bakarrak dira. Hala ere, egunero saiatzen naiz tartetxo bat hartzen nire sormena lantzeko. Prozesu horretatik ateratzen diren piezei ere saiatzen naiz irtenbidea ematen. Argazki saioetan, zinema jaialdietan eta bestelako ekitaldietan egon izan dira asko, baina ez ditut saltzen.

Eta urrun iritsi zara bide horretatik. Azken urteetan, besteak beste, Donostiako Zinemaldian, Cannesen eta Goya sarietan izan dira zure lanak. Zer-nolakoa da zuk egindako jantziak alfonbra gorrietan ikustea?

Aitorpen bat da. Sekulakoa da ordu askoren eta konstante izatearen ostean, zure lana horrelako erakusleiho batean izatea, ikusgarritasun handia duten tokiak baitira.

Zure lanak nola iritsi dira jaialdi horietara?

Euskal moda azaleratzeko proposamena egin zuten Donostiako Zinemaldian, eta oso ideia ona iruditu zitzaion zuzendaritzari. Gure lan batzuk artisten estilistei bidali genizkien, eta jasotakotik pieza batzuk hautatu zituzten. Hala, Cayetana Guillen Cuervo aktore eta aurkezleari nire jantzi bat gustatu zitzaion, eta horrekin joan zen joan den urteko Zinemaldira. Amaia Remirez zine produktoreak, berriz, Cannesko jaialdira eraman zuen nire lan bat 2018an, eta aurtengo Goya sarietarako ere nik jantzi nuen. Gainera, neurrira egindakoa izan zen azken hori. Nagore Ezeiza zine zuzendariaren bitartez iritsi zen nigana. Ezeizak 2016ko Goya sarietan izan zuen nire jantzia.

Erakusleiho izango dira horrelako jaialdiak, ezta?

Indar handia dute. Jende askok jarraitu ohi ditu zinema jaialdi horietako alfonbra gorriak. Niretzat aitorpen bat da Elle, Vogue eta antzeko aldizkarietan nire jantziei kritika onak egin dizkietela ikustea. Ametsetan nabilela ematen du.

Gainera, denbora gutxian izan duzu jaialdi horietara joateko aukera.

Oso azkar pasatu da dena, eta askotan ez naiz kontziente izaten. Batzuetan, gelditu egin behar izaten naiz gertatu den guztia asimilatzeko. Momentu gogorretan indarra ematen du horrek. Ahizpak ere askotan esaten dit pentsatzeko hain gaztea izanik zer lortu dudan, eta ikusteko borrokatzeak eman dituela bere fruituak.

Moda pasareletara ere eraman izan dituzu lanak, ezta?

Diseinatzaile lanetan hasi nintzenean, hainbat lehiaketa eta pasarelatara aurkeztu nintzen. Asko gustatu zitzaidan, baina beste bide bat hartu nuen. Lan bolumenak eragina izan zuen erabaki horretan. Sei edo zortzi pieza sortu behar izaten dira pasarela bakoitzerako, eta ezin nituen ekoitzi hainbeste. Nik egiten ditudan lanak ez dira astebetean egitekoak; soineko batekin urtebetez aritu naiteke lanean. Poliki-poliki pasarelak baztertzen joan nintzen, eta bezeroekin egiten dudan lanari garrantzi handiagoa eman nion. Haren falta sumatzen dut askotan, eta gustatuko litzaidake itzultzea, baina ziur nago noizbait egingo dudala pasareletarako proiekturen bat.

Lan bolumenagatik pasarelak utzi behar izan zenituela diozu. Orain, bakarrik aritzen zara zure atelierrean lanean. Nola moldatzen zara lan guztia zuk bakarrik egiteko?

Lantalde baten falta nabari dut. Etorkizunean, talde polit bat sortu nahi dut, eta espero dut gutxienez beste pertsona batekin aritzea lanean.

Zer egoeratan dago modaren negozioa?

Indarra hartzen ari da. Krisia dela eta, urte gogorrak bizi izan ditugu, baina ez modaren sektorean bakarrik, eskulana ardatz duen arlo guztietan baizik. Prezio apaleko jantziak ere oso presente egon dira azken urteetan, eta horrek, nolabait, eragin egiten digu guri. Beti esaten da moda ziklikoa dela, buelta asko ematen dituela, eta dena itzultzen dela.

Euskal Herrian badu indarra modak?

Diseinatzaile asko daude hemen, eta sekulako potentziala dago. Diseinuari dagokionez, nortasuna dago Euskal Herrian. Diseinatzaile gazte asko daude, eta indartsu datoz. Oso positiboa da hori. Ia desagertzear egon da modisten lana, eta orain badirudi indarra hartzen ari dela. Historikoki ere garrantzi handia izan du modak Euskal Herrian; diseinatzaile ezagun asko izan ditugu hemen. Horren adibide dira Cristobal Balentziaga eta Paco Rabanne, esaterako. Horrek esan nahi du badagoela gazteoi laguntzen digun oinarri bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.