Korrika, emozio kolektibo bat

Korrika, emozio kolektibo bat

Eider Goenaga Lizaso

Irunen eta Hondarribian astelehenean izan zuten 21. Korrikan parte hartzeko aukera; gainerako gipuzkoarrek gaur arte itxaron behar izan dute. Mutrikutik sartuko da Korrika, 06:00etan, eta Eibartik bihar 15:00 aldera aterako da; igandean, berriro sartuko da lurraldean, 03:30 inguruan, eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga pasatu ondoren, Gasteizerako bidea hartuko du.

Irudi bera errepikatuko da herri gehienetan: errepide bazterrean jendea zain, Korrika noiz iritsiko. Batzuk urduri, beste batzuk beroketak egiten, hunkituta gehienak… Eta iritsiko da Korrika, eta lasterka egingo du jendeak, eta, nekatutakoan, joaten utziko dute, bi urte barru arte. Inor gutxik erreparatuko dio korrika egindako zati horren atzean dagoen lanari. Aurten ohartu da horretaz Ane Arrizabalaga (Azkoitia, 1994) Korrikaren Urolako koordinatzailea. “Txikitatik parte hartu izan dut Korrikan, baina nola pentsatuko nuen nik atzean lan hau guztia zegoela? Ez, ez, ez. Nik ikusten nituen antxintxika pasatzen, eta listo; ez nuen espero hau dena”. Arrizabalaga otsailean hasi zen AEKn lanean, eta irakasle lana eta Korrikako antolatzaile lana uztartu ditu ordutik. “Sekulako lana dago Korrikaren atzean, baina gustura aritu naiz”.

Korrika antolatzen aritzea lan gustagarria dela diote Amaia Arrutik (Oiartzun, 1986) eta Edurne Ayusok (Itsasondo, 1977) ere. Oiartzualdeko koordinatzailea da Arruti, baita AEK-ko irakaslea ere. Ayuso iaz aritu zen Tolosaldeko eskualdean koordinatzaile gisa, eta, aurten, buru-belarri dabil lanean bere herriko batzordean, Iruran. “Ez naiz damutzen duela bi urtekoaz, inondik inora; baina, orduan langabezian nengoen eta orain lanean ari naiz. Ez daukat denbora nahikorik horretarako”. Herriko batzordean aritzearena, baina, argi zuen hasieratik. “Duela bi urte Korrikak aukera paregabe bat eskaini zidan, esperientzia zoragarri bat bizitzeko aukera, eta zorretan sentitzen nintzen. Batzordean lan eginez itzuli nahi diot jasotakoa bai Korrikari berari eta baita duela bi urte lagundu ninduten guztiei ere”.

Koordinatzaileek lan handia egiten dutela adierazi dute hirurek, baina nabarmendu dute, halaber, ezinbestekoa dela herrietako batzordeen laguntza. “Guk urtarrilean sortu genituen batzordeak: bana Pasaiako lau barrutietan, eta beste hirurak Lezon, Errenterian eta Irunen. Herrietako batzordeak ezinbesteko laguntzaile dira; zaila litzateke hau dena egitea haien laguntzarik gabe”, azaldu du Arrutik.

Oiartzualdean zein Urolan, AEK-ko euskaltegiek ere pisu handia dute antolaketan. Zestoan eta Azkoitian daude euskaltegiak Urolan. “Eta aitortu behar dut AEK-ko lankideek sekulako laguntza eta babesa eman didatela”, esan du Arrizabalagak. Oiartzualdean, berriz, Pasai Antxon, Lezon, Oiartzunen eta Errenterian daude euskaltegiak. Arrutiren arabera, hori “babes handia” da, “gehienetan euskaltegiak izaten direlako motorra, tokian tokiko batzordeak aktibatzen laguntzen dutenak”.

Korrikaren antolaketarako, Tolosaldeak eta Andoainek osatzen dute eskualdea, eta horien ardura egokitzen zaio Tolosaldeko arduradunari. “Modu autonomoan funtzionatzen du Andoainek, eta koordinatzailearen lana da haiek egiten dutenaren gainean egotea, jakitun izatea”, azaldu du Ayusok. Gainerako 28 herrietan ez dago AEKren euskaltegirik. “Eta horrek esan nahi du herri batzordeek izugarrizko garrantzia hartzen dutela, horiek gabe galduta zaude. Nik argi daukat, koordinatzaileak egin behar duen lehenengo lana eta lan inportanteena da herri guztietan presentzia izango duen kolaboratzaile sare bat osatzea, herri guztietan, gutxienez, kontaktu bat izatea”. Ayuso da aurten Aritz Peñagarikano Tolosaldeko koordinatzailearen kontaktuetako bat.

Ilusioa eta beldurra

Eskualdeetako koordinatzaileei pilatu egiten zaizkie lanak eta ardurak, azken bi hilabeteetan batez ere: ibilbidea neurtzea, kilometroak saltzea, Korrika Lagunak lortzea, kilometroak banatzea, Korrikako materiala eta euskarriak herrietan banatzea, Korrika Txikiak antolatzea, Korrika Kulturala, Korrikaren aurkezpena, eragileekin harremana, ibilbidearen errepasoa…

Korrika gaur pasatuko da euren eskualdeetatik, eta lau hilabetetik gorako lanaren emaitza neurtzeko ordua izango da beraientzat. Arrizabalagak lehen aldiz biziko du Korrika barrutik. “Beldurtuta nago, eta urduri; ardura handia da. Bestalde, lehengoan ikusi nituen AEBetan egindako Korrika baten irudiak, eta hunkitu egin nintzen. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango den Korrika iristean”. AEKn zazpi urte daramatza Arrutik, eta jada hiru ekitalditan izan du parada Korrika barrutik ezagutzeko. “Ilusioa eta poza sentitzen dut beti, eta hori berdin izango da aurten ere. Baina berezia izango da aurten: ardura handia sentitzen dut, urduritasuna, eta beldur pixka bat ere bai. Urduritasunaren eta ilusioaren arteko zerbait da”.

Duela bi urte Korrikan bizi izandakoa “esplikaezina” dela dio Ayusok. “Normalki, eskualdeko arduradunak Korrikaren aurretik joaten gara ibilgailu batean, ibilbidean dena ondo dagoela ikusteko eta furgonetako gidariei bidea erakusteko. Eta sekulakoa da hori, errepide bazterrean jendetza ikusten duzu pilatuta…”.

Ayuso irrati esataria izan da urte askoan, eta Korrikaren furgonetan mikrofonoa hartuta egindako kilometroak ditu bereziki gogoan. “Furgonetan joateko zortea izan nuen; zalantzarik gabe, hori izan zen onena. Hitzik ez dut hori azaltzeko. Korrika amaitu eta berehala, Gipuzkoako koordinatzaileari esan nion: ‘Xabi [Artola], ez dakit bi urte barru non egongo naizen, baina nik furgonetan joan nahi dut’. Eta uste nuen ahaztu zirela, baina Tolosaldeko koordinatzaileak esan zidan tokia egin zidatela furgonetan joateko. Urduri jartzen naiz pentsatze hutsarekin”. Andoaindik Ikaztegieta arteko zatia egingo du mikrofonoarekin. “Ahotsik gabe gelditu nintzen duela bi urte, baina berdin dit”.

Hirurek emozioei oso lotuta ikusten dute Korrika, eta eskualdetik pasatzean hunkitu egingo direla ziurtzat du Ayusok: “Izan ere, Korrika sentimendu eta emozio kolektibo bat da, indar bateratzailea duena; ideologia, adin, toki eta bizimodu ezberdineko jendea elkartzen duena. Oso zaila iruditzen zait kontra dagoen norbait aurkitzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.