Zientziari errimak jarriz

Zientziari errimak jarriz

Unai Zubeldia

Albert Einstein, Habaneran; Marie Curie, zortziko txikian; Isaac Newton, puntu erantzunean… Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedra duela lau urte hasi zen zientzia silabatan neurtzen. Zientzialariak jendaurrean jarri zituzten, azalpen labur eta argiak eman zitzaten, eta bertsolariak errima bidez lotzen hasi ziren gehienentzat oso arrotzak diren kontuak. “Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduriaz zientzia gizarteratzea” da Jakinduriek mundue erreko dau saioaren helburua.

“Xabier Artaetxebarriak egin zuen proposamena”, zehaztu du Juan Ignacio Perez Iglesias biologoak eta EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren arduradunak. “Berehala ikusi genuen oso ideia ona zela, baina lehen urte hartan ez zen gauzatu Gipuzkoarako zeukaten egitasmoa”. Bilbon egin zuten lehen saioa, EHUren Bizkaia aretoan, eta, Perez Iglesiasen hitzetan, “oso arrakastatsua” izan zen esperimentu hura.

Zientzia eta bertsoa uztartzen dituen ekitaldi horrek iaz eman zuen Gipuzkoarako pausoa, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) elkarlanean. Zarautzen, Bergaran eta Ordizian egin zituzten iazko hiru saioak, eta Beasainen egingo dute aurtengo lehenengoa, gaur, 19:00etan, Igartza jauregian. Miren Karmele Gomez, Josu Lopez-Gazpio eta Onintze Salazar izango dira hizlariak, eta Sustrai Colina eta Onintza Enbeita bertsolariak. Ordu eta erdi inguruko saioa izango da, eta Kike Amonarriz ariko da gidari. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Maiatzean beste bi saio ere egingo dituzte Gipuzkoan: Zarauzko Modelo aretoan lehenengoa, maiatzaren 14an, 19:00etan —Gorka Azkune, Miren Karmele Gomez eta Oscar Gonzalez izango dira hizlariak, eta Igor Elortza eta Alaia Martin bertsolariak—, eta maiatzaren 22an hirugarrena eta azkena, 19:00etan, Topic aretoan —Onintze Salazar, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Gorka Azkune izango dira hizlariak, eta Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus bertsolariak—.

Artaetxebarriak berak azaldu du nola sortu zitzaion horrelako saio bat gorpuzteko ideia: “Buruari bueltaka hasi nintzen 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusten ari nintzela telebistan. Hainbeste jende hainbeste orduz horrelako kultur ikuskizun batean zegoela ikustean jabetu nintzen bertsolaritzak, begiratu batean oso gauza arina ez izanda ere, gaitasuna daukala jende asko erakartzeko”. Bestalde, Artaetxebarriari “betidanik” gustatu izan zaizkio zientzia eta zientziaren dibulgazioa. “Eta joaten naiz hitzaldietara eta ikusten ditut dokumentalak. Baina jendeari ez zaio gehiegi gustatzen. Pentsatu nuen zientzia kontuak errazago zabal zitezkeela bertsoarekin uztartuta”.

Zientzialari bakoitzak hamar bat minutuko hitzaldia ematen du —gaur, adibidez, Juri Gagarin espaziora bidaiatu zuen lehen gizakiari buruz ariko da Miren Karmele Gomez; gaur bete dira 58 urte—, eta bertsolariek gai horiek izaten dituzte ardatz. “Saioek ez dute izaten eskema zurrunik”, zehaztu du Artaetxebarriak. “Zientzia alorreko hitzaldiak eta bertsoak: hori da oinarria, baina ikuskizun ukitu bat ematen ere saiatzen gara; sorpresak egoten dira tartean, jolas bat ere bai publikoarekin, sari banaketa…”.

Mundu osoan, “bakarra”

Perez Iglesiasek azpimarratu du hamar minutuko tartea “oso laburra” dela. “Eta ez da izaten aspertzeko aukerarik. Ezin izaten da sakondu gaietan, baina hamar minutu nahikoak dira gai bati buruzko interesa pizteko eta zertxobait ikasteko. Oso arinak izaten dira saioak, aldaketa askokoak”. Zientziazaleak bertsoetara hurbiltzen ari dira pixkanaka, eta bertsozaleak zientziara zaletzen.

Artaetxebarriak goratu du mundu osoan “euskaraz bakarrik” egin daitekeela horrelako saio bat. “Bertsolariak naturaltasunez aritzen dira bertsotan, noski, eta hizlari batzuk euskaraz aritzera ohituta ez dauden arren, pozik egiten dute saiakera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.