Errailetako memoriak

Errailetako memoriak

Karmele Uribesalgo Alzola

Joan den urtean ehun urte bete ziren Vasco Navarro trena Arrasatera iritsi zenetik, eta 50 behin betiko kendu zutela. Bailarako garraiobide garrantzitsuenetako bat bilakatu zen mende erdi horretan, baina Espainiako Gobernuak, errentagarria ez zela iritzita, kendu egin zuen Lizarra (Nafarroa), Gasteiz eta Bergarako Mekolalde auzoa lotzen zituen trena. Pasarte hori bideo labur batean biltzea pentsatu zuten Arrasateko liburutegiko langileek, baina ordubeteko dokumental bat osatu dute azkenean, Vasco Navarro trena Arrasaten izenpean. Historiaz aparte, trenak Arrasaten izan zuen eragina ere jaso dute lanean.

Gasteiz Bilborekin lotzeko asmotan bururatu zitzaion trenaren proiektua Juan Jose Herran Ureta ingeniariari, 1870eko hamarkadan. Olatz Bartolome liburuzainaren eta dokumentalaren egilearen arabera, helburua zen Arabako ekonomia suspertzea, eta probintzien arteko komunikazioa hobetzea.

“Arazo teknikoak eta finantzakoak izan zituzten, eta 1887ra arte ez zituzten hasi obrak”, azaldu du Bartolomek. Lanak ere dezente luzatu ziren, eta 1918an iritsi zen trena Arrasatera. 1927a zen, ordea, linea osoa amaitu zutenerako. “Ia 50 urte behar izan zituzten proiektua gauzatzeko; gerora martxan egon zen denbora tarte bera, hain zuzen”, azaldu du Bartolomek.

Bederatzi testigantza jaso dituzte dokumentalaren egileek: historialariak, trenaren erabiltzaileak, eta baita langile bat ere. “Istorio, bitxikeria eta pasarte hunkigarri ugari” kontatu dizkietela adierazi du Bartolomek. Dokumentazio lanak ere egin behar izan dituzte, eta irudiak biltzen ere aritu dira: “Oso harrera ona izan dugu, eta erraz eskuratu ahal izan ditugu baliabideak”.

Dokumentalaren egileek jakin ahal izan dutenez, trena iristean “aldaketa sakona” izan zuten Arrasaten, eguneroko bizimoduan. “Batez ere industriaren garapenean izan zuen eragina, eta, ondorioz, populazioaren igoeran, hirigintzan eta ondarean”, azaldu du Bartolomek. Herritarrek Bartolomeri eta haren lankideei kontatu diete ordura arte diligentziak eta gurdiak bakarrik zeudela: “Trenarekin, mundu berri batekin topo egin zuten; aukera berriak iritsi ziren”. Lanera, ikastera zein inguruko herrietako festetara joan ohi ziren trenean. Bartolomek nabarmendu du areagotu egin zela Gasteizera joateko ohitura, eta Debagoieneko herrien artean mugimendu handia sortu zela. Trenez iristen zitzaizkien posta, arraina eta zinemako filmak ere.

Tren “modernoa” zen Vasco Navarro. Baporezkoa zen hasieran, eta, herritarrek kontatu dutenez, sarri lehenago iristen ziren helmugara oinez trenean baino. Hala ere, 1938rako elektriko bihurtuta zegoen linea osoa. Bidaiariak eta merkantziak garraiatzen zituen. Industria asko du Debagoiena bailarak, eta oso baliagarria zen trena: “Garai batzuetan, estatuko trenbide estuko tren guztiek batera baino merkantzia gehiago garraiatu izan zuen Vasco Navarrok”.

Itxiera “polemikoa”

Munduko Bankuak gomendatu zuen errentagarriak ez ziren trenak kentzeko, eta hori egin zuen Espainiako Gobernuak. Bartolomek azaldu du “polemika handia” izan zela itxierarekin: “Trenaren alde zeuden herri guztietako alkateak, diputazioak eta prentsa, errentagarria ez bazen ere zerbitzu publiko bat zelako”. Bailaran ikerketa bat eginda, ondorioztatu zuten linea osoa kontuan izanda ez zitzaiola errentagarritasunik ateratzen trenari, baina eskualdean bestelakoa zela egoera. Hori dela eta, Eskoriatza eta Bergara arteko zatia mantentzeko eskatu zuten udalek, baina ez zuten lortu ezer. Vasco Navarro trenak 1967ko abenduaren 31n egin zuen azken bidaia. “Segituan kendu zituzten errailak, eta berehala saldu zituzten trenak; ez zuten eman aukera handirik”, erantsi du Bartolomek.

Liburuzainaren arabera, herritarrentzat “nahiko traumatikoa” izan zen itxiera: “Trenak aztarna utzi zuen Debagoienean, eta hutsune bat gelditu da hor”. Bailaran antzeko garraiobideren bat sortzeko asmoa izan dela gogoratu du Bartolomek, eskualdeko herriak lotzeko tranbia bat, esaterako.

Arrasateko liburutegiko langileek esperientzia berri bat izan dute dokumentala ekoizten, eta “gustura” daude emaitzarekin. Bi emanaldi egin dituzte herrian, eta Bartolomek adierazi du lanak oso harrera ona izan duela: “Trena ezagutu zutenek bizipen ugari ekarri dituzte gogora, eta bitxikeria asko kontatu zizkiguten saioa amaitzean”.

Dokumentala edonoren esku egotea da asmoa. Hori dela eta, liburutegiko webgunean egongo da. DVD formatuan ere atera dituzte ale batzuk, eta Arrasateko eta bailarako beste liburutegietan egongo dira, nahi duenak etxera eraman ditzan. Horrez gain, egileak gaineratu du proiekzio handiagoa egiten ahaleginduko liratekeela jendeak pantaila handian ikusi nahiko balu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.