“Pilotaz gehiena banekiela uste dut, baina sekula ez nuen jokatu semaiko bat”

“Pilotaz gehiena banekiela uste dut, baina sekula ez nuen jokatu semaiko bat”

Aitziber Arzallus

Luciano Juaristi (Azkoitia, 1932) da bizirik dagoen buruz buruko txapeldunik zaharrena. Bizirik eta sasoian dago, gainera. Ibilera bizkorra, buru argia eta hizketa garbia ditu, eta atzokoak balira bezala kontatzen ditu orain sei hamarkadako kontuak. Askorentzat inoizko pilotaririk onena izan zenaren, Mariano Juaristi Atano III.a-ren iloba da Luciano, atanotarretan hamargarrena, Atano X.a eta Atanillo gisa ezaguna.

Nolako familia zenuen?

Aita, ama eta bost anai-arreba ginen etxean; bi anaia nituen zaharragoak, eta bi arreba gazteagoak. Herrian beste askoren moduan, justu antzean bizi ginen gu ere. Orduan, bost edo sei familia ziren hobeto jaten zutenak, eta hori nahikoa zen aberats izateko.

Eskolara joan zinen?

Joango nintzen, baina, egia esateko, ez naiz gogoratzen. 7 edo 8 urte nituela orban bat azaldu zitzaidan biriketan, eta erabateko atsedena eta hobeto jatea behar nituela esan zion medikuak amari. Han gelditu ziren nire eskolak.

Denbora asko egin zenuen etxean gaixorik?

Ez dakit, neuk ez dut gogoan gaixorik egon nintzenik ere, baina laster hasi nintzen lanean. Amak arrandegira bidali ninduen behin, eta arrandegikoak esan zidan arraina bezeroei banatzen laguntzen banion etxerako doan emango zidala. Orduan gauza handia zen etxera jana eramatea, eta hantxe hasi nintzen. Bi edo hiru urte egingo nituen han. Etxe azpiko alpargata fabrikan hasi nintzen lanean gero.

Izan zenuen beste lanik?

15 urte nituela, Soraluzeko kanoi fabrikan hasi ginen lanean adin bertsuko zortzi azkoitiar. Ofizioa ikastera gindoazelakoan joan ginen hara. Gaur egun unibertsitateko ikasketak izatearen parekoa zen orduan ofizioa izatea. Gustura aritu nintzen han; aitak baino gehiago irabazten nuen. Han pasatzen genuen astea, eta larunbatetan oinez etortzen ginen Azkoitira. Urtebete pasatxo egin nuen han. Orduan entzun nuen lehenengo aldiz eventual hitza. Lanik ez zegoela eta, etxera bidali gintuzten. Hemen bazen Intxausti izeneko fabrika bat, alpargatetarako trentzak egiten zituena, eta han sartu ninduen aitak.

Noiz aritzen zinen pilotan?

Tarteren bat nuen guztietan. Alpargata fabrikan aritzen nintzenean, makinak bere partea baino azkarrago egiten nuen nik neurea, eta Kontzejupera joaten nintzen pilotan jokatzera. Eta ez pentsa umeak eta gazteak bakarrik ibiltzen ginenik; ezkondutako gizonak ere, eguerdietan, jaten denbora askorik galdu gabe, Kontzejupera etortzen ziren pilotan jokatzera. Partida jokatzen ari baziren, batzuk ordu erdi berandu ere joaten ziren lanera.

Etxean babesten al zuten pilotarako afizio hori?

Beharko, familian besterik ez zen-eta aurretik ere. Onenak ziren osabak, eta ez bakarra, asko baizik: Mariano, Joxe Mari, Martzelino, Luziano… Hala ere, errietaren bat entzun behar izan nuen noiz edo noiz. Gogoan dut behin bazkaritarako azak erostera bidali ninduela amak. Aita lanetik etxera etorri, eta artean ni falta. Hark bazekien non nengoen: Kontzejupean pilotan, azak txapapean lagata. Abiada ederra eraman nuen etxera aita ikusi nuenean.

Noiz hasi zinen pilota serioago hartzen?

Ni baino zortzi urte zaharragoa zen anaia, eta afizionatu mailako txapelketako partida zuen Legazpin. Zumarragako bat zuen laguna, Sanz, baina gaixotu egin zen hura, eta ni eraman ninduen. Txapela atera genuen; ordura arte sekula irabazi gabea zen anaia. 18 bat urte izango nituen. Gero etorri zen Gipuzkoako bailara arteko txapelketa. Finalera iritsi ginen. Anaiak eskuak minduak zituela eta, Etxabe zestoarrarekin joan nintzen, eta irabazi egin genuen. Oihartzuna izan zuen prentsan.

Zer zioten egunkariek?

Gipuzkoako egunkari denek segituan ipini ninduten neure osabaren pare. Harrezkero, pentsatu izan dut haiek esan zituztenak sinistu izan banitu izan nintzen pixka ere ez nintzela izango.

Gorantz hasi zinen, gelditu gabe.

Finaleko partida bukatuta, gizonezko handi bat etorri zitzaidan ea jokatzera Añorgara joango ote nintzen galdezka, ondo portatuko zela eta. Baietz esan nion. Gogoan dut Karmengo eguna zela [uztailak 16]. Afizionatuetako onentsuenak ginen Etxabe, Del Val, Ezkurra eta ni. Partida bukatzean, berriz etorri zitzaigun gizon hura eta 300 pezeta [1,8 euro] eman zizkion gutako bati, beste 300 bigarrenari… Niri ezkutuan eman zidan dirua, eta ezin nintzen egon zenbat eman zidan jakin gabe. Komunera joan nintzen, eta orduantxe bai erori nintzela atzerantz: 1.500 pezeta [9 euro] eman zizkidan! Ikaragarria zen. Sekula ikusi gabea nintzen horrenbeste diru batera. Hurrena, Beasainen, 2.000 pezeta eman zizkidaten [12 euro], eta, horrela, gero eta gehiago.

Zergatik ematen zizuten zuri besteei baino gehiago?

Txikia nintzelako, errukituta; seguru nago horretaz.

Gosea pasatuko zenuelakoan?

Horixe. Karmelo Baldak ere, nazioarteko federazioko presidenteak, Azkoitiko harakin bati agindu zion astero txuletaren bat edo beste emateko niri. Ez nintzen jatun handia, eta ikaragarri txikia nintzen pisuz.

Etxean pozik hartuko zituzten eskupeko haiek…

Pozez zoratzen zegoen ama. Lanean irabazitako jornalak etxera eramateko joera izaten genuen guk. Amari ematen genion laneko sobrea, eta pilotakoa ere bai. Ama berehala hasi zen dirua aurrezten. Alokairuan bizi ginen ordura arte, eta laster erosi genuen etxea.

Berandu egin zenuen profesionaletara jauzia, 28 bat urterekin. Zergatik?

Atzetik nituen enpresak, baina ez nintzen joaten haiekin. Oso gaizki ibiltzen nintzen eskuetatik, eta, gainera, ondo irabazten nuen neure erara ibilita; gero eta gehiago ordaintzen zidaten. Zirkuitu handia neukan: nahi adina jokatzen nuen hemen, eta asko joaten nintzen Frantzia aldera ere. Nire beldurra zen enpresa batera sartzea, arrakastarik ez izatea, eta ezer gabe gelditzea. Asko kezkatzen ninduen gerokoak; artean, Intxaustin jarraitzen nuen lanean.

Bateragarriak al ziren fabrikako lana eta pilota?

Moldatzen nintzen. Ez zidaten ematen baimenik pilotan jokatzeko. Partida neukanean egiten nuen neuk egun erdia sartu, eta besteren bati ondo pagatu beste erdia sartzeagatik. Behin, pilotaren eta fabrikaren artean aukeratzeko esan zidaten nagusiek, eta orduantxe esan nien kontua prestatzeko. Baina ez nengoen lasai, eta Ibarmia enpresako nagusiari esan nion pilotarako baimena ematen bazidan egokitzaile ikasteagatik doan joango nintzela bere enpresara lanera. Segituan hasi zitzaidan ordaintzen. Urtebetera-edo hondoa jo zuen enpresak, eta lanik gabe geratu nintzen. Horren ondoren, berehala sinatu nuen kontratua pilota enpresarekin.

Nola konbentzitu zintuzten?

Sei bat enpresa ziren orduan, baina Eibarkoak eta Bergarakoak agintzen zuten gehien. Deitu egin zidaten, eta bazkaltzeko geratu ginen. Osabarekin joateko esan zidaten, baina nik banekien zertarako zen, eta, ezezkoa eman behar nienez, bakarrik joan nintzen. Gauzak eskaintzen hasi zitzaizkidan, eta nik, ezetz. Baina ni baino azkarragoak izan haiek, eta zenbat irabazten nuen galdetu zidaten. Arrastorik ez neukan, baina pentsatzen hasi, eta pentsatu baino dezente kopuru handiagoa bota nien. Bi urteko dirua bankuan jarriko zidatela erantzun zidaten, eta diru hura niretzat izango zela, jokatu edo ez. Hantxe bertan sinatu nuen. Haiei esker izan nintzen izan nintzen pixka hura, eta beti eskertu izan diet ahalegindu izana, gainerakoan ni ez bainintzen joango haiengana.

Zer moduzko harremana izan zenuen enpresekin?

Oso ona. Bizitza honetan beldurrik handiena izan diot dauzkadan balioak zanpatu eta besterenak egin beharrari. Baina zortea izan nuen, enpresekin ondo moldatu izan nintzelako beti. Gauza xelebre asko gertatu zitzaizkidan, ordea, haiekin kontratua sinatu aurretik.

Adibidez?

Hendaian jokatu behar nuen uztailaren 14 batez [Errepublika Eguna Frantzian]. Hango alkateak deitu zidan lau egun lehenago, esanez federaziotik abisatu ziotela han jokatzerik ez neukala, enpresekin kontratua nuelako. Gezurra zen dena, ez neukalako ezer. Joateko esan zidan alkateak, ez nuela jokatuko, baina ondo portatuko zela. 5.000 pezeta eman zizkidan [30 euro]. Pasaporterik ere ezin nuen atera, ez zidaten uzten, eta Pase de favor-arekin ibiltzen nintzen beti. Garai hartan gertatzen ziren horrelakoak; bazenekien enpresak zeudela atzean, kontra egiteagatik, baina halaxe gelditzen ziren gauzak, ezer egiterik ez zegoela uste genuelako.

Pozik zaude profesionaletan egin zenuen ibilbidearekin?

Bai. Bigarren Mailan segituan irabazi nuen txapela, Lehen Mailara pasatu nintzen jarraian, eta oso aurrera joan nintzen han ere; Garcia Ariñoren kontra galdu nuen finalerdietako partida. Finalera iritsi nintzen hurrengo urtean, eta bost final jokatu nituen segidan. Bitan izan nintzen txapeldun, eta beste hirutan galdu egin nuen; Azkarate eta Garcia Ariñorekin jokatutako hiruko txapelketa bat ere irabazi nuen tartean. Garrantzitsua da norberak zenbat balio duen jakitea, eta uste dut zerbait banekiela pilotan. Gutxiagotasunean jardun nuen fisikoki, askoz indartsuagoen kontra aritu nintzen. Boxeoan luma pisuko bat pisu astunekoen kontra aritzea bezala zen. Ezkutuko zerbait izango nuen, beraz.

Entrenatzen al zenuen?

Bai, baina pilota bigunekin. Finala jokatzeko ere sekula ez nintzen entrenatu hango pilotekin. Eskuak ondo izatea nahiago nuen arriskuan ipintzea baino. Mendira joaten nintzen asko, eta asko zaintzen nuen neure burua.

Maisurik izan al zenuen?

Osaba izaten nuen botilero, baina neure botileroa eta bestearena, biak besteari emateko prest egoten nintzen ni tanto baten truke; ezetz esaten zidaten. Botileroak kendu egin dituzte orain, eta nik esaten nuenera etorri dira: balio balute, ez zituzketen kenduko.

42 urterekin utzi zenuen pilota. Penaz erretiratu al zinen?

Ez nuen izan batere penarik. Asko sufritu nuen eskuetatik, eta ohituta nengoen denbora luzean geldirik egotera. Erretiroa hartzeko prestatuta nengoen.

Ibili izan zara pilota irakasten?

Pilota utzi nuenean, eskatu zidaten. Beste batzuei irakastea eta haiek aurrera egiten ikustea, horixe izango zen nire desiorik handiena, baina neure burua ez nuen gai ikusten.

Pilotaria jaio egiten da ala egin egiten da?

Berezkoa behar du, eta ikasi ere egin daiteke. Berezkoa izanagatik, horretara jarri behar du pertsonak. Gerta daiteke berezkoa izan ez, baina saiatua izatea, eta berezkoa duena harrapatzea. Ez da erraza biak izatea.

Mesede edo kalte egin dizu Atano ezizenak?

Kalte ere bai. Markatu egiten zaitu aurrekoek lagatako arrastoak, onerako eta txarrerako.

Hamaika negoziotan ibili izan zara pilota utzi eta gero.

Pilotaz gehiena banekiela uste dut, baina sekula ez nuen jokatu semaiko bat. Hor geratzen dira barrutik bizi izandakoak: ondo aritu eta galdu, gaizki jardun eta irabazi… Mila gauzatan sartu nintzen gero, ezer ez nekien gauzetan, eta ez dakidala jakiteak salbatu nau haietan. Hori baldin badakizu, ikasten saiatuko zara, eta zer edo zer egingo duzu. Adibide bat jarriko dizut: behin, final bat jokatu behar nuen. Hemen ez zen telebistarik, eta Madrilgo telebistak eman behar zuen finala. Hiru egun lehenago esan zidaten telebistan hitz egin beharko nuela. Nik banekien erdaraz ez nekiela batere, baina ez nuen nahi barregarri gelditzerik. Lorik egin gabe egon nintzen hiru egunean. Banekien pilotan defendatuko nintzela, baina telebistan hitz egiteak sortzen zidan kezka. Gerora, zerbait ikasi nuen erdaraz.

Joaten al zara frontoira?

Dezente joaten naiz, ilobarekin.

Asko aldatu al dira pilota bera eta frontoiko giroa?

Zeharo aldatu dira. Zaharrenek asko antzematen dute hori, eta lehengoa nahiago izaten dute. Beldurtzekoa zen jendeak zenbat diru jokatzen zuen; beste isiltasun eta seriotasun bat izaten zen frontoian.

Pilotarien sehaska deitu izan diote Azkoitiari.

Beti pentsatu izan dut herriari ez dagoela ematerik hori baino izendapen handiagorik. Herriko pilotariren bati omenaldia egiten zaionean, herri guztiari egiten zaio omenaldia.

Baina azken urteotan ez da irten profesionalik, ez atanotarrenetik, ez Azkoititik…

Esaera bada, zerbait egingo bada, larre motzekoa behar duela izan, eta, ziurrenik, larre luzetxoagoan ohitu ditugu gure ondorengoak. Beldurra ere ematen dit gaur umeak hazten ari garen moduak. Uste dut egundoko kaltea egiten ari garela dena eman beharrarekin, ez dute izango-eta ezbeharrei aurre egiteko indarrik.

Omenaldiak, jaietan txupinazoa botatzea, biografia liburua… Gustura hartuko dituzu horrelako aitortzak, ezta?

Bai, noski; halakoek poza ematen dute beti. Oiartzunen bizi nintzela egin zidaten lehenengoa, herriko seme kuttun izendatuta. Izugarria da hori, sekulako ohorea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.