Goranzko sekuentziari segida

Goranzko sekuentziari segida

Eider Goenaga Lizaso

Hauteskundeek utzitako argazkiaz baino gehiago, fotogramaz hitz egitea gustatzen zaio Ion Ansa analista politikoari. “Mugimenduan dauden argazkiak dira fotogramak, eta sekuentziak osatzen dituzte. Nire ustez, erantzun egokiagoak aurkitzen ditugu emaitzen eboluzio bat sekuentzia gisa aztertzen dugunean. Oso zaila baita momentu bat bere testuingurutik bakartzea”. Ildo horretan, EAJ eta EH Bildu goranzko sekuentzia batean ikusten ditu Ansak, eta maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeak sekuentziaren segida izango direla aurreikusten du, “ñabardura batzuekin”.

Igandeko emaitzak aztertuz, EAJk (119.106 boto) eta EH Bilduk (95.901 boto) Gipuzkoan goranzko joera hori berretsi dutela ikusten da. EAJk, gainera, 1982 eta 1983an soilik lortu zuen igandean baino emaitza hobea lurraldean. Urte haietan, eszisioaren aurretik, 125.000 boto inguru lortzen zituen; ordutik, soilik EArekin batera lortu dituzte jeltzaleek halako emaitzak. Goranzko joera etengabeari 2015ean ekin zion EAJk, Batzar Nagusietarako hauteskundeetan. “Eta EAJ oso indartuta atera da orain. 2004ko autonomikoetan, Ibarretxerekin, 114.000 botora iritsi zen, baina azpitik ibili zen gero [80.000-90.000 boto inguruan]. 2015ean, berriz, mobilizazio izugarria lortu zuen [112.000] Bildu aldunditik kentzeko”.

2016ko autonomikoetan jada 117.000 boto lortu zituen, eta 2.000 gehiago orain. Bereziki garrantzitsua da emaitza, jeltzaleek ez baitute Espainiako Kongresurako hauteskundeetan eskuratzen boto gehien.

EH Bilduren kasuan, “2016an hasitako goranzko sekuentziaren jarraipena” ikusten du Ansak. 95.901 boto lortu ditu, Espainiako aurreko bozetan baino 26.000 gehiago. Halere, Bilduk 2011n Batzar Nagusietarako lortutako 119.000 botoetatik eta urte berean Amaiurrek Espainiako Gorteetarako lortutako 130.000 botoetatik urrun. “2011n bakegintza prozesu bat izan zen, pauso oso handiak eman ziren orduan, eta une hark emaitzak markatu zituen. Emaitza oso onak izan zituen Bilduk. 2012ko autonomikoekin [115.000 boto] sekuentzia bat osatu zuten”. 2012 eta 2016 arteko tarte horretan, Ansak beheranzko sekuentzia bat ikusten du, argi, EH Bilduren datuetan.

Bertakoa indartu

Igandeko bozetan, gipuzkoarrei, gainerako euskal herritarrei bezala, mahai gainean galdera bat jarri zitzaiela dio Ion Ansak: “‘Espainian gerta daitekeen eskuineko inboluzioaren aurrean, zein da emango dugun erantzuna? Nondik joko dugu?’. Eta galdera horri erantzunez, erasoen aurrean bertakoa indartzea erabaki dute gipuzkoarrek”.

Beste aukera posible batzuk ere bazeudela dio Ansak: “Gerta zitekeen, estatuan bezala, eskuinarekiko beldur horren ondorioz jendeak Pedro Sanchezi eta PSEri babesa ematea; edo bazegoen tarteko aukera bat ere, Unidas Podemos indartzea, sozialistek Ciudadanosekin ituna egitea eragozteko. Baina ez, beste aukera bat gailendu da: bertakoaren aldeko apustua egin da, eta hori da hauteskundeotako ondoriorik esanguratsuena”.

Ildo horretan, PSE-EEk gipuzkoan emaitza oso onak izan dituen arren (77.128 boto) “estatuko beste tokietan baino igoera txikiagoa” izan duela azpimarratu du: “Hemen ez da hainbeste igo. Eta, gainera, euskal esparrukoak ez diren alderdiek, oro har, boto beherakada izan dute”. Nahiz eta hauek izaten diren haientzat hauteskunderik onenak eta alderdi abertzaleentzat zailenak.

Unidas Podemosen emaitzak txarrak direnik ere ez du uste Ansak. “Podemosen fenomenoa, Gipuzkoan, ezin da azaldu PSOErekin daukan lehia horretan soilik; ezker abertzalea ukitu du, EAJ ere ukitu du, eta bere garaian abstentzioan egondako jende bat ere bai”. Podemosek hasieran erakutsitako indarra galdu du, gizartean sortutako ilusioa itzaliz joan da, eta espero izatekoa zen botoak galtzea. 2016ko Espainiako hauteskundeetan, 104.000 boto lortuta, Gipuzkoako lehen indarra izan zen Ahal Dugu, eta igandean, 70.671 boto bilduta, laugarren lekura pasatu zen. “Baina, testuinguru honetan meritua ere badela esango nuke, eta emaitza nahiko txukunak direla”.

Eskuineko alderdiei dagokienez, PPk aurreko hauteskundeetan lortutako 35.000 botoak hiru alderdiren artean banatu dira orain. “Eta porrotaz hitz egiten da, baina kontuan izan behar da hauteskunde hauetan, Espainian, eskuinak ez duela botorik galdu. 11 milioi eta erdi boto lortu dituzte, baina parte hartzea handitu denez, eta jende asko mobilizatu zenez, aulki kopuruan eragina izan du. Baina ezin da esan eskuinak halako kolpea hartu duenik: eutsi egin die botoei”. Gipuzkoan ere bai.

Voxek ateratako 6.683 botoei ez die garrantzi handirik eman politologoak. “Historikoki, Gipuzkoan, eta bereziki Donostian, beti egon da frankismo soziologiko bat, 40 urte diktadurapean bizitzeak bere soziologia sortzen duelako, bere funtzionarioak, aberats eta jauntxoak… Lehen, Maria San Gili ematen zioten botoa, eta orain, Voxi. Gainera, konbentzituta eta oso harro daude Voxekoak izateaz”. Kopurua handia den itxura eman dezakeen arren, “eragin gaitasunik ez duen emaitza bat” dela nabarmendu du Ansak.

Maiatzaren 26ari begira

Hurrengo hauteskundeak hain gertu egonik, Ansak ez du espero sekuentzia aldatuko denik. “EH Bildurentzat, udal hauteskundeak dira bere hauteskundeak: beti ateratzen du emaitza onena udal hauteskundeetan. Beraz, kopuru horri eutsi eta igotzea espero daiteke”. EAJrentzat, berriz, beldur handiena desmobilizazioa izan daitekeela uste du. “2015ean jende asko mugiarazi zuen EAJk, Bilduren kontra egiteko, eta foru hauteskundeetan, segur aski, bere kezka handiena izan daiteke mobilizazio gaitasun hori ez izatea”. Igandeko datuei erreparatuta, baina, Ansak ez du espero halako desmobilizaziorik.

PSE eta EAJri lau urteko legealdia “ondo” atera zaiela uste du Ansak, “eroso” egon direla, “gorabehera handirik gabe”, eta ez du uste horri eusteko arazorik izango dutenik. Dena den, nahiko ziur ikusten du udal eta foru hauteskundeetan PSEk botoak galduko dituela. “Mirakulua litzateke Pedro Sanchezen faktorerik gabe igandeko datuei eustea, nahiz eta Sanchez oso presente egongo den kanpaina honetan ere”.

PPri dagokionez, hartutako kolpearen ondoren, “maiatzaren 27an etorriko den zismara arte eustea” beste biderik ez zaio gelditzen. Emaitza hobea lortuko duenik, behintzat, ez du espero Ansak. Podemos zenbat bototan geldituko den, hori beste galdera: “40.000 bototan gelditzen bada, emaitza ona izango da. Ikusteko dagoena da zer gertatzen den beste 30.000 botoekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.