Hegaldirik gabeko bidaiak

Hegaldirik gabeko bidaiak

Unai Zubeldia

Bidaia bat barrutik bizitzeko, ez da beharrezkoa hegazkin txartela, maleta eta gida liburua ondoan izatea. Areto bateko aulkian eserita ere bidaia daiteke gaur egun, beste batzuek munduan barrena bizi izandakoak entzunez. Bidaiatzeko beste modu bat da hori. Bidaia bakoitzak txoko preziatu bat izaten du norberaren barruan, baina, duela 25 urte, esperientzia horiek gainerako herritarrei helaraztea ere “polita eta aberasgarria” izan zitekeela pentsatu zuten Donostiako Intxaurrondo auzoan.

Felix Etxeberriak, Ibiltariaren Astearen sortzaileetako batek, ondo gogoan dauka nola gauzatu zuten proiektua. “Garai bateko Ipar Haizea auzo elkartetik sortu zen ideia. Auzokide batzuek bidaia bat egin genuen Marokora, bizikletekin, eta beste bidaia polit batzuk egin zituzten lagun batzuei ere deitu genien euren esperientziak partekatzeko”. Helburu zehatzik gabe, “arratsalde eder bat pasatzea eta elkarrekin meriendatzea” zen lagun talde haren erronka. Ia oharkabean, ordea, urtez urte indartuz joan da proiektu txiki hura, eta gaur egun “oso sasoi onean” dago Intxaurrondoko Haizalde elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten egitasmoa. Etzi hasiko da aurtengo Ibiltariaren Astea, Intxaurrondoko kultur etxean, eta hurrengo ostiralera arte bost saio izango dituzte aurten.

Dokumentalak, filmak, argazkiak, hitzaldiak, bidaia antzeztuak… denetik izan dute 25 urteotan, eta hala gertatuko da aurten ere. “Gogoan daukat urte batean hitzaldia eman zuen kide batek nola ekarri zuen Afrikara joateko erabiltzen zuen kamioi egokitu horietako bat. Han ibili ginen barruan sartuta; oso esperientzia polita izan zen”. Lehenengo urte haietan “diapositiba gutxi batzuk bakarrik” izaten zituztela gogoratu du Etxeberriak. “Eta geroxeago hasi ginen VHS bideoak-eta baliatzen. Pixkanaka-pixkanaka, hobetuz joan dira bidaiarion baliabideak”.

Helena Taberna eta Oraitz Garciaren Sueños y Sabores filmarekin ekingo diote aurtengo ekitaldiari. “Zaporeak gure auzoko elkarteari buruzkoa da lana. Errefuxiatuen artean elikagai duinak banatzen dituzte egunero Atenasko Victoria Social Centerren, eta lan hori oinarri hartuta osatu dute filma”. Hain zuzen ere, aurten keinu berezia egin nahi diote Zaporeak elkarteari, eta egunero postu bat jarriko dute aretoan bertan. Papua Ginea Berria, Route 66 AEBetako ibilbidea, Mendebaldeko Sahara eta Marokoko basamortua, eta Hego Amerikan barrena seme-alaben heziketa oinarri hartuta garatutako egitasmoa landuko dituzte hurrengo lau saioetan.

Berrehun lagunentzako tokia

25 urteotan, askorentzat erreferentzia bihurtu da Ibiltariaren Astea. “Bidaiarietako batek behin esan zigun asko eskertzen zuela gure egitasmoa, bidaiak egin ondoren etxera itzuli eta inork ez zuelako ikusi nahi izaten bere lanik”, azaldu du Etxeberriak, barrez. “Oso ondo erantzuten du jendeak, eta oso giro polita sortzen da aretoan”. Proiektuaren sortzaileak azpimarratu duenez, ezaugarri berezi bat ere badauka Ibiltariaren Asteak: “Eguneroko merienda. Hasieratik egiten dugu hori, eta, aurten ere, Haizalde elkartearen eskutik, pintxoak jateko aukera izango da saio bakoitzean”.

Ez da sarrerarik ordaindu beharko emanaldietara joateko, baina urtero aretoa txiki gelditzen zaiela abisu eman du Etxeberriak. “Emanaldiak kultur etxeko areto nagusira pasatzea erabaki dugu aurten, eta berrehun bat lagunentzako tokia izango da bertan”.

25 urte beteta, etorkizunean ere hegaldirik gabeko bidaiak egiten jarraitzeko asmo irmoa daukate Ibiltariaren Astearen antolatzaileek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.