Lana eta festa erritmo berean

Lana eta festa erritmo berean

Kerman Garralda Zubimendi Ezkio

Batxilergoko ikasle askori selektibitatearen osteko parranda imajinatzeak ematen dio indarra liburu artean buru-belarri jarraitzeko. Berezkoa da ondo egindako lana ospatzeko festa antolatzea. Afterwork deitzen diote modernoenek (lanostea), baina edozeri ingelesezko izena jartzeko moda baino zaharragoa da joera hori.

Gaur egun, oraindik, ez dago argi zein den sagardoaren jatorria, baina jakina da sagardoa egiteko prozesutik datorrela kirikoketa. “Mazoak egurra jotzean egiten duen soinuaren onomatopeia da kirikoketa”, azaldu du Juan Mari Beltran musikologoak. “Sagarrak zanpatzeko erabiltzen ziren mazoak, baina behin lana amaitutakoan, ospatzeko, musika egiteko erabiltzen ziren sumilak”, osatu du azalpena Beltranek. “Txalapartaren aldaera bat da kirikoketa. Hiruzpalau lagunek txandaka jotzen dituzte mazoak, eta hala osatzen dira erritmoak”.

Hain zuzen ere, Igartubeiti baserri museoak kirikoketa ikastaroa antolatu du biharko. “Kirikoketarako talde bat osatzea da helburua”, dio Iban Maiz Igartubeiti baserriko langileak. “Urtero, Sagardo Astea antolatzen dugu urrian, eta sagarraren eta sagardoaren inguruko ekintzak antolatzen ditugu. Aurten, kirikoketa talde bat eratu nahi dugu, sagar muztioa festa giroan egiteko”. Ezkioko eta inguruko herrietako gazte talde bat prest agertu da ikasteko, eta jada hasiak dira prestakuntza lanekin. “Iaz ere egin nahi izan genuen antzeko zerbait, baina larri ibili ginen denboraz. Aurten lehenago hasi gara ikastaroekin”.

Zanpatze fasea, neketsua

XVI. mendean egiten zen bezalaxe, gazteek mazen bidez zanpatu beharko dituzte sagarrak, pats bilakatu arte. Ondoren, dolarearen azpian jarriko dituzte birrindutako sagar horiek, eta patsa zukutu egingo dute dolarearen pisuak egiten duen presioaren bitartez. Hazitzen egon ostean, urte amaierarako sagardo bilakatuko da muztioa; batek baino gehiagok festarako baliatuko du txotx garaia, baina lehenago ospatzeko ohitura izaten dute lanean jardun dutenek. “Luzea eta neketsua da sagarra pats bihurtzeko lana. Ospatzeko nahikoa arrazoi da zanpatze fasea amaitzea, eta eskura zituzten baliabideekin ospatzen zuten orduan”, dio Beltranek.

Ez zeukaten sumilak bezain tresna gertukoagorik. “Beste batzuetan eskuragarriagoa zen metala, eta toberarekin ospatzen zuten halakoetan”, azaldu du musikologoak. Txalapartaren aldaerak dira denak: erritmo bat ezartzen da kolpeen txandakatzearen bidez, eta erritmo horren gainean dantza egin edo abestu daiteke. “Lana da kirikoketa, baina musika eta jolasa ere bai”.

Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia-k egin zituen kirikoketaren inguruko lehen ikerketak. Musikologian burubelarri ibili zen lanean fraide kaputxinoa, eta dokumentazio lan handia egin zuen euskal musika folklorean. Kirikoketaren inguruan, ordea, ez dago informazio askorik. “Egituragatik eta izaeragatik, baliteke XVI. mende inguruko instrumentua izatea, baina ezin da esan zehatzmehatz”, esan du Beltranek; dolare baserriek loraldia izan zuten XVI. mendean, eta baliteke kirikoketak ere testuinguru horretan sortzea. “Txalapartak eta kirikoketak lotura zuzena dute sagardoarekin. Ez da kasualitatea kirikoketa nagusiki Donostialdean, Bidasoaldean eta Baztan inguruan garatzea. Oraindik ere, inguru horietan daude sagardotegi gehienak”.

Kirikoketa sinplea baina eraginkorra da musikalki. “Perkusioa dago musikaren oinarrian, eta oinarri horretan dago kirikoketa”. Talka bat nahikoa da erritmoa sortzeko; mazen talka, adibidez. “Denborarekin, garapen bat izan dute talka egiteko tresnek. Konplexuagoak bilakatu dira bidean, eta soinu berriak lortu dira: ez da gauza bera sagar artean talka egitea edo egur garbi batean, bibraziorako tokia duen ohol prestatu batean egitea; mazak ere txikituz joan dira pixkana-pixkana, eta arinagoak eta erabiltzeko errazagoak bihurtu dira”. Beltranek azaldu du desberdinak direla txalapartaren eta kirikoketaren soinuak.

Inork ez die muzin egiten jai giroari eta ospakizunei, eta musika ezinbestekoa da horretarako. Alde horretatik, perkusioa oinarrizkoa da erritmo bat sortzeko. Kirikoketak eta txalapartak ez dute sekretu handirik, egurrak talka egitean sortzen duen soinua baita haien muina; munduko beste herri askotan garatu izan dira antzeko musika instrumentuak: “Espainiako Estatuko eskualde askotan topa ditzakegu txalapartaren eta kirikoketaren antzeko musika instrumentuak”, argitu du Beltranek. “Eta baita Zeelanda Berrian ere, munduko beste puntan. Suitzan, esaterako, kirikoketaren berdin-berdina den instrumentu bat jotzen dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.