“Niretzat inportantea zen estudioa tokiz aldatzea”

E. G. L.

Zeramikazko pagoen baso bat osatu zuen iaz Txiki Agirre Keixeta artistak (Arroa, Zestoa, 1963) Sormenaren Kabia egonaldian. Luzatu egin zuen hamabost eguneko egonaldia, eta pagadi bihurtu zuen hiru pago behar zuena.

Zerk bultzatu zintuen Sormenaren Kabian parte hartzera?

Zeramika egosteko raku teknikari buruzko ikastaro bat eman nuen garai hartan, Itziarren, naturaz inguratuta, eta pentsatu nuen interesgarria izango zela Alkizan zerbait egitea; horregatik aurkeztu nintzen.

Zer topatu zenuen Alkizan?

Niretzat inportantea zen estudioa tokiz aldatzea. Nik kostaldean egiten dut lan; beraz, interesgarria iruditzen zitzaidan mendi ingurunera joan, nire estudioaren eta nire ingurunearen erosotasuna alde batera utzi eta natur ingurune berri horrek obran zein eragin zuen ikustea.

Nola bizi izan zenituen hamabost egun horiek?

Lanerako da egun osoa, eta erabat zentratuta egoten zara lanean. Bestalde, oso zehatza zen nire proiektua, aurrez oso landuta nuen, eta hamabost egunetan eman zidan denbora amaitzeko. Dena den, udalak aukera eman zidan egonaldia abendu arte luzatzeko, eta oso pozik egon nintzen.

Herritarrekin harreman zuzena izan zenuen.

Ikastetxearen eraikinean egiten nuen lana, eta umeak egunero etortzen ziren bisitan, nire lana ikustera. Bestalde, labe berezi bat eraiki nuen, piezak mila gradutan egosteko, eta jendaurrean egiten nituen labekadak, gauez. Oso polita izan zen nire lana herritarrekin partekatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.