Pantailak ezkutatzen duen errealitatea

Pantailak ezkutatzen duen errealitatea

Karmele Uribesalgo Alzola

Nerabeek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten online ohiturak, balioak eta usteak nola eraikitzen dituzten aztertu nahi izan dute Gipuzkoako Medicus Mundik, Farapi kooperatiba elkarteak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Ikerketa egin dute bikote harreman horiek online ikuspuntutik nolakoak diren jakin nahian. Gida batean argitaratu dituzte ondorioak, eta Euskal eta perutar nerabeen harremanen kudeaketa birtualean aldaketa sustatzeko gida izena eman diote lanari. Hainbat jarraibide eta dinamika proposatu dituzte dokumentu horretan, sentsibilizazioa eta prebentzioa helburu hartuta. Gipuzkoako hainbat gaztelekutara eta ikastetxetara joan dira ikerketarako datuak eta informazioa biltzera; tartean, Bergarako Ipintza institutura. Tailer bat eskaini zieten DBHko 3. mailako ikasleei, eta txostena garatzeko baliatu dute hor bildutakoa.

Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? proiektua aurkeztu zuten 2016an, eta horren jarraipen gisa ekin zioten Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? ikerketari. Euskal Herriko gazteez gain, Perukoak ere aztertu dituzte. Begoña Onkala Ipintza institutuko hezkidetza arloko arduradunak azaldu du Medicus Mundik Perun egiten duen lankidetza baten ondorioz sortu zela ideia: “Jakin nahi zuten ea hango gazteek eta hemengoek arazo berak dituzten teknologia berriekin eta sare sozialekin”. Manuela Ramos erakundearen bidez egin ahal izan dute azterketa Perun —Liman, Ayacuchon eta Ucayalin—. Adierazi dute eremu geografiko horretako errealitatea eta Gipuzkoakoa “ezberdinak” direla, baina erro bera dutela: “Hierarkikoki gizonezkoen aldekoa den sexu-genero sistema”.

Gidaren egileek adierazi dutenez, azken urteetan sare sozialek eragin handia izan dute gizartean, eta eraldatu egin dituzte komunikatzeko eta elkarrekin harremanak izateko moduak. “Nerabeen artean, sare sozialena da harremanak sortzeko modurik ohikoena”, adierazi du Onkalak. Ikerketarekin ondorioztatu dute teknologia berriek indartu egin dituztela maitasun erromantikoaren elementuak eta bizitza pertsonala ikusgai jartzea. Onkalak adierazi du gazteak, sarri, ez direla konturatzen horretaz: “Askotan uste dute bikotekidea etengabe telefonoz deitzen ari bada asko maite duelako dela; ez dira ohartzen kontrolatzen ari dela”.

Ikertzaileek azpimarratu dute generoen arteko berdintasunik eza eta sexismoa ere indartu dituztela sare sozialek. “Harremanetarako modu berriez gain, besteak beste indarkeria matxista berriak ere badakartzate teknologia berriek”. Horri aurre egiteko, hainbat dinamikaz osatutako saioak proposatu dituzte gidan, hiru publikori zuzenduta: 13 eta 18 urte arteko nerabeak, hezitzaileak eta gurasoak. Nork bere atala du gidan.

Gidan azaldu dutenez, sare sozialak tresna boteretsua dira maitasun erromantiko heterosexual eta monogamoa hedatzeko, sustatzeko eta erreproduzitzeko. Onkalaren ustez, maitasun erromantikoaren kasuan hainbat erronka dituzte ikastetxeek eta familiek. Mitoak “apurtu” egin behar direla azaldu du, adibidez: “Berdintasunean oinarritutako harreman sanoen alde egin behar dugu”. Ikasleei ikusarazi nahi die “maitasun mota asko” daudela, eta beharrezkoa iruditzen zaio helduak ere horretaz jabetzea.

Hala ere, hezkidetza arloko arduradunak azaldu du helduek sare sozialak ez dituztela ikusi behar erreminta “kaltegarri” moduan. “Teknologia berrien inguruko ezagutzak izaten saiatu behar dugu, gazteak behar bezala bideratu ahal izateko”. Gaur egun komunikatzeko gehien erabiltzen diren bideetako bat izanik, “alde positiboa” bilatu behar zaiela gaineratu du.

Eguneroko tresna

Ziberjazarpena adinaren “alderantziz proportzionala” dela azaldu dute gidan; zenbat eta gazteagoa izan, jazarpena jasateko orduan eta arrisku handiagoa dagoela, hain zuzen. Onkalak adierazi du teknologia berriak nerabeen baliabide nagusietako bat direla, “edozertarako” erabiltzen dituztela. Gidaren arabera, besteak beste, eguneroko baliabidea izateagatik eta ardura faltagatik gertatzen dira erasook.

Argitaratutakoa “erabiltzeko gida” dela nabarmendu du arduradunak; uste du erabilgarria izan daitekeela hezitzaileentzat, gurasoentzat eta udalentzat. “Oso grafikoa da, tailerren bidez aplikatzekoa”. Joan den astean, ikerketaren ondorioak jakinarazi zizkioten Bergarako Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Partaidetza Sailari, eta nerabeen arteko harremanak nola kudea daitezkeen azaldu zuten. Gipuzkoako Medicus Mundiren webgunean dago eskuragai gida. Formakuntza saioak jaso dituzte nerabeekin harremanetan izan ohi diren zenbait eragile sozialek, eta gidaren inguruko jardunaldi batzuk egitea aurreikusita dauka Medicus Mundik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.