Sabiñanigorako prestatzen

Sabiñanigorako prestatzen

Aitziber Arzallus

Hiru aste barru jokatuko dute aurtengo Quebrantahuesos txirrindularitza proba, Sabiñanigon (Aragoi, Espainia). Galdu ezinezko ekitaldia da gipuzkoar askorentzat. Zenbakiak dira horren adierazgarri: 29. aldia izango da aurtengoa, eta 47 herrialdetako 11.500 txirrindularik parte hartuko dute. Proba luzea egingo dute 9.500ek, berrehun kilometrokoa; Treparriscos izeneko proba motza, berriz, beste 2.000k, 85 kilometrokoa. Askoz gehiago izan ziren, ordea, bi proba horietakoren batean parte hartzeko izena eman zuten txirrindulariak: 20.000, hain zuzen ere. Antolatzaileek zozketa bidez erabakitzen dute nork parte hartuko duen eta nork ez.

Jon Altuna azpeitiarra da zortea izan dutenetako bat, eskuan baitu ekainaren 22an berrehun kilometroko proba egiteko txartela. Zazpigarren aldia izango du, eta gogotsu dago, ikaragarri gustatzen baitzaio Sabiñanigon hasi eta bukatzen den proba. “Lehenengo aldian lagun artean egin nuen ibilbidea, lasterketa egunetik kanpo, eta asko gustatu zitzaidan”. Horregatik, urtero saiatzen da parte hartzen, nahiz eta urteren batean huts egin behar izan duen, “beste konpromiso batzuk” zituelako.

Eli Aizpuru azpeitiarrak ere primeran ezagutzen du Quebrantahuesos probaren ibilbidea, askotan egin baitu. Duela urte batzuk arte, ohiko txirrindularietako bat izaten zen Sabiñabigoko irteera gunean. “Zortzi bat aldiz egindakoa naiz, baina azken urteotan ez naiz joan, zozketa sistemarekin ez nagoelako ados”.Ez du kritikatu zozketa egitea bera, zozketa horren kontura negozioa egin nahi izatea baizik. “Zozketan parte hartzeagatik hiru edo lau euro kobratzen dizkiote txirrindulari bakoitzari, eta kanpoan geratzen direnei ez diete itzultzen dirua”. “Printzipio kontua” da Aizpururena.

Zozketan txartela eskuratzen dutenek beste 70 euro ordaindu behar izaten dituzte gero proban parte hartzeko. Hori da proba horretan parte hartzeko pagatu beharreko gutxieneko kopurua. Azken urteotan, baina, probak sortzen duen interesaren jakitun, hamaika eratako eskaintzak merkaturatzeari ekin diote antolatzaileek. Adibide gisa, Premium pack-ak jarri dituzte salgai: Quebrantahuesos proban parte hartzeko bi lagunentzako txartela eta lau izarreko hotelean gaua, 1.042 euroren truke.

Hiru asteren faltan, kilometroak egin eta egin ari dira Quebrantahuesos proba egiteko asmoa duten txirrindulariak, lasterketara sasoi onean iristeko. “Izugarrizko lehia egoten da”, kontatu du Aizpuruk. “Baina, batez ere, norbere buruarekin, denbora jakin bat egitera joaten delako jendea”. Horren eraginez, eta parte hartzaileen kopuruagatik, irteera gunean “tentsio handia” sortzen dela azaldu du, eta “arriskutsua” izaten dela hori.

Altuna ere “denbora jakin bat egitera” joan izan da beste aldietan, baina lasaiago joango da aurten. “Beste urte batzuetan baino askoz gutxiago ibili naiz aurten, eta eguna pasatzera joango naiz lehenengo aldiz, kilometro batzuk egiteko intentzio hutsarekin”. Beste proba bat dauka helburu gisa: Andorrako Purito. Aizpuruk duela pare bat urte egin zuen proba hori, eta Sabiñanigokoa baino gogorragoa dela dio, baina ez duela Quebrantahuesosekoak duen sonarik. “Jende gutxiagok parte hartzen du, eta askoz tentsio gutxiago egoten da”.

Uda zein negu

Urte guztian entrenatzen dira Altuna eta Aizpuru, neguan zein udan, eta ahal duten guztietan irteten dira errepidera. Hala ere, negu partean gehiago ibiltzen dira barruan. “Beti egiten dut zerbait, kiroldegiko gimnasioan ez bada, etxean daukadan arrabolan. Behin udaberrian sartutakoan, saiatzen naiz astean buelta luze bat egiten. 150 kilometrokoa egin nuen duela bi aste, 180koa joan den larunbatean…”, azaldu du Altunak. Antzera ibiltzen da Aizpuru ere. “Neguan barruan gehiago ibili behar izaten dugunez, aldatze aldera, beste kirol batzuk ere egiten ditut; igeriketa, esaterako”. Hala ere, larunbatero eta igandero irteten da errepidera, taldean. “Hori gustatzen zait gehien”.

Eguraldi onaren eragina asko antzematen dela gaineratu du Mikel Yeregi Azpeitiko kiroldegiko spinning irakasleak. Haren esanetan, neguan “jende asko” ibiltzen da kiroldegian. “Baina apiril-maiatz aldera beti jaisten da kiroldegira etortzen den jende kopurua, askok nahiago izaten dutelako kirola kanpoan egin”.

Bizikletan istripu larririk ez du izan Aizpuruk; erorikoren bat eta sustoren bat bai, ordea. “Baina, egia esan, gero eta beldur handiago ematen dit errepidera ateratzeak, eta ahuntzak bezala ibiltzen naiz bakarrik irteten naizenetan, aldapan beti”. Aldiz, Altuna lasai ateratzen da errepidera. “Norbera ohitu egiten dela uste dut. Hemen inguruan buelta politak egiteko aukera dago trafiko handiegirik ez dagoen errepideetan barrena”. Nafarroa eta Goierri aldera joaten da buelta luzeak egitera ateratzen denean. “Kostaldera abiatzen bazara, badakizu zer topatuko duzun. Baina Goierri aldean-eta badira oso ibilbide politak, oso auto gutxi ibiltzen direnak”. Elkar errespetatuz gero arazorik gabe ibil daitezkeela uste du Altunak.

Iaz, 26 txirrindulari larri zauritu ziren Gipuzkoan izandako istripuetan, eta hildako bat izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.