Aniztasunaren plaza erraldoia

Aniztasunaren plaza erraldoia

Unai Zubeldia

Euskara erdigunean jarrita, jatorri ezberdinetako hizkuntzak eta kulturak elkarrengana biltzeko ariketa da Auzoko Jaia. Bere txikian, duela hamar urte hasi zen gorpuzten egitasmoa, Euskaltzaleen Topagunearen eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ekimenez. Proiektuak ideia bat zeukan oinarrian: herri euskaldunetara iristen ziren herritar berriei hizkuntza harrera egiteko programa bat diseinatzea eta lagun talde txikiak sortzea. Bidea eginez-eginez, gaur egun Gipuzkoa eta Arabako bederatzi herri eta hiritan dago martxan proiektua: Aretxabaletan, Eskoriatzan, Soraluzen, Arrasaten, Bergaran, Ibarran, Oñatin, Donostian eta Gasteizen.

Hain zuzen ere, herriz herriko lana ikusarazteko eta parte hartzaile guztiak elkartzeko, Auzoko Jaia egingo dute etzi, Aretxabaletan. “Ospakizun giroan, herrian dagoen hizkuntza aniztasuna ikusgarri egiten saiatzen gara urtean behingo jaiarekin”, zehaztu du Jurdana Martin Retegik, Topaguneko aniztasun teknikariak. 10:30ean ekingo diote festari, dianarekin, eta ekitaldi ugari izango da 14:30 aldera arte: urte osoko dinamiken plazaratzea, munduko janarien dastaketa, haurren jolasak, plaza dantza… 2014an egin zuten lehen aldiz, Bergaran; 2015ean, Eskoriatzan egin zuten; 2016an, Oñatin; 2017an, Antzuolan; eta iaz, Soraluzen.

Martinek azaldu duenez, asteroko dinamika bat izaten da Auzoko Egitasmoan. “Euskaraz badakiten boluntarioek euskararako lehen pausoak ematen laguntzen diete iritsi berriei, astean behin, ordu eta erdi edo bi ordu inguruko saioekin”. Auzotar eta auzokide rolak erabiltzen dituzte egitasmo horietan; euskaraz bizi diren herritarrak auzotarrak dira, eta euskarara gerturatu nahi dutenak, auzokideak. Martinek argitu nahi izan du proiektua ez dela herri euskaldun batera iritsi berri direnentzat soilik. “Soraluze adibide gisa hartuta, esaterako, egitasmoa egokia izan liteke betidanik herrian bizi izan arren oraindik euskara ikasi ez duen herritar horrentzat. Euskaratik urrun eta euskaratik gertu daudenak, bi profil horiek lantzen ditugu guk”.

Dinamizatzailea saioetan

Topaguneko aniztasun teknikariak argi utzi du Auzoko Jaia ez dela euskara ikasteko egitasmo bat. “Modu ludiko batean euskarara gerturatzeko proiektu bat da. Euskara ikasteko badaude beste leku batzuk, eta gure helburua ez da gune horiek ordezkatzea”. Irakaslerik ez, baina dinamizatzaile bat izaten da herriz herriko saio bakoitzean. “Eta boligraforik eta koadernorik gabe funtzionatzen saiatzen gara, alfabetatua ez den jendea ere izaten baita tartean; karga edo oztopo hori kentzen saiatzen gara ahal dugunetan”.

Auzoko Jaiaren dinamikan, euskara tresna gisa hartzen saiatzen dira, gero herrian bestelako sare batzuetara iristeko. “Harrera linguistikorako eta inklusiorako aukera ematen du proiektu honek, euskaraz ez zekiten horiek ordura arte iristen ez ziren hainbat lekutara iritsiko baitira euskarari esker”. Saio arruntak eta ekintza osagarriak egiten dituzte Auzoko Jaian. “Eta, azken horietan, parte hartzaileek eurek adosten dute zer landu nahi duten. Ibarran babarrun jana antolatuta baldin badaukate, esaterako, horrelako ekintzetan parte hartzeko babarrunen inguruko lanketa egiten dute saioetan. Herriko hainbat ekintzatan parte hartzeko atetxo bat irekitzen laguntzen du Auzoko Jaiak”.

Bi norabideko ariketa da Auzoko Jaiarena, eta euskara dakiten horiei edozein egoeratan lehen hitza euskaraz egiteko gonbita egin die Martinek. “Kalean atzerritar bat ikustean, gaztelaniara jotzeko joera izaten dugu gehienetan, eta garrantzitsua da lehenengo harreman horiek euskaraz egitea”. Euskara “tresna bat” dela gogoratu du Topaguneko aniztasun teknikariak. “Eta, euskaraz eginda, lagundu egiten diegu. Gainerako hizkuntzak bezala, parte hartzeko, inklusiorako eta guneetara iristeko tresna baliagarria izango dute euskara; ez gehiago eta ez gutxiago”.

Duela hamar urte, lauzpabost herrik ekin zioten bideari, eta, pixkanaka, sendotzen ari da proiektua. “Bestelako dinamizazio modu batzuk ere lantzen ari gara, baina boluntario asko behar dira, eta ikusiko dugu”. Adibidez, saio arruntak egin ordez, tailerretan elkartzen hasi dira Soraluzen eta Arrasaten. “Joskintza tailerra baliatzen dute, esaterako, gune horretan euskara sartzeko”.

Etziko jaiari helduta, Martinek azpimarratu du gaur egun Auzoko Egitasmoan parte hartzen ari direnak eta parte hartzen ez dutenak, “guzti-guztiak” daudela gonbidatuta. “Euskaratik urrun sentitzen diren horiek ere bai”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.