Argazkiak, errekorrak eta esperantza

Leire Narbaiza

Irudi batek mila berbak baino gehiago balio duela errepikatzen zaigu etengabe. Ia beti egia izaten da. Argi dago argazki batzuek sakon-sakonean eragiten digutela, eta memorian iltzatuta geratzen zaizkigula. Horrela, elkarrizketetako berbagai ez ezik, erreferente bihurtzen dira, eta imajinario kolektiboa ilustratzen dute.

Inarrosten gaituzten erretratu horietako bat oraintsu ikusi dugu nonahi. Everesteko tontorrean atera zuten, eta hamarnaka lagun ikusten ziren gailurra lortu nahian, erromesaldia balitz lez. Hainbeste jende zegoen (zebilen jartzekotan nengoen, baina geldi zegoen jende-aldra!), non ezin zuten ez atzera ez aurrera egin, Herri Urrats egunean Lapurdi-Gipuzkoako mugan Guardia Zibilen kontrola jarri izan balute moduan! Ilara ikaragarri horiek ikusita bazirudien munduko sabaian Berri Txarrak taldearen kontzertu sorpresa bateko sarrerak erosteko gunea zabaldu zutela!

Everest topera dago, ez ederrena delako, altuenetan altuena delako baizik. Gailurra egitea errekor bat betetzea da, eta horregatik, hain zuzen, lortu beharrekoa ezinbestean. Errekorgintzaren gizartean ez du balio beste edozein mendik, garaiena izan behar da, kosta ahala kosta egindakoa. Gainera, forma fisikoak ere ez du gehiegi ardura, antza. Dirua izanez gero, arreburritxiko ere eramango dute ustezko mendizalea. Dana emon biar yako matte dan markari.

Eta ahaztu barik, tontorrean bertan argazkia egin, momentua betikotu dadin sare sozialetan jarri, balentria denek jakin dezaten. Inor baino ausartagoa izan, inor baino bipilagoa.

Ez dakit, baina, zelan jaio zen moda hau. Seguruenera, pertsonok izango dugu joera inork baino gehiago, hobeak, azkarragoak, lehenak… izateko, bestela ez da ulertzen. Baina ez da hor geratzen kontua. Badirudi gaur egunean ez dela nahikoa mendian ibiltzea, egindako tontorren zerrenda luzea erakustea, orain mendian antxintxika egin behar da. Korrika aldats gora. Eta mendi maratoiak, kilometro bertikalak eta abarrak ditugu. Zorakeria, nire uste harroan. Lasaitu beharrean, estresatu mendian ere.

Eta mendi lasterketa hauen artean Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan dugu protagonista. Zer da hori! Lokatzetan, euripean, eguzki galdatan… doaz aldapan gora, ez pausorik pauso, hinka luzean baizik. Ez dakit zeren bila, sufritzen eta gozatzen, denak Kilian Jornet izan nahian.

Baina inoiz ez da nahikoa. Zer izango ote da hurrengo erronka, mendian lasterka ibiltzea mainstream bihurtzen denean? Zer izango da hurrengoa? Zer egin desafio gose hori asetzeko? Zergatik disfrutatu nekadura infinitua lortuta? Zeri egiten diete ihes? Zein furiadak eragingo digu hurrengo? Ze nezesidade?

Afanean ibiltze horrek ezin du ekarri ezer onik, anbizio neurribakoak positibotik gutxi duelako normalean, lortzeko antsiak beste guztia apaldu eta estaltzen duelako. Hala eta guztiz ere, Zegama-Aizkorri lasterketa honetan izan da kontu berezi bat, benetako erronka eta ausardia. Mikel Lizarralderena, hain zuzen. Mikel da esklerosi anizkoitza izanda parte hartu eta mendi maratoi hau amaitu duen lehenengoa. Dortsal bat eskatzen ibili ostean, eskuratu eta ametsa bete du. Esperantzari ate bat zabaldu.

Mendian gora eta irribarrez agertzen den argazkiak barruan eragiten du zeharo. Bejondeizula, Mikel!

Leave a Reply

Your email address will not be published.