“Erraketistak bistaratu behar genituen, plaza bat behar zuten”

“Erraketistak bistaratu behar genituen, plaza bat behar zuten”

Ikerne Zarate

Kazetaritza ikasketak egin zituen Ainhoa Palomok (Oiartzun, 1974), baina irakaslea da lanbidez, Pasaia Lezo Lizeoan, Lehen Hezkuntzan, eta afizioz, berriz, ikerlaria. Ikerlari sena horrek eraman zuen duela bost urte erraketisten inguruko hari muturrari heldu eta tiraka hastera. Elkartea sortu dute bost urteko bide horretan, Palomo bera da presidentea, eta Hego Euskal Herriko 47 herritako 237 errakestita profesionalen berri emango dute urte amaierarako.

Ikerketa ordu ugari dago lan horren atzean. “Eta badakigu askoz erraketista gehiago ere egongo direla oraindik”. Erraketisten berri izatea eta ikerketari esker horiek argitara ateratzea “izugarria” izaten ari dela aitortuta, mina ere sentitzen du oiartzuarrak: “Batez ere, berdintasunetik erantzuten ari dira erraketisten kontuari, baina ez kirol edo kultur arlotik. Emakumeak ziren erraketistak; kirol profesionala egin zuten Euskal Herriko lehen emakumeak ziren, eta, zalantzarik gabe, kultur ondarea ere bada eurena”.

Kazetaritza ikasketak egin zenituen. Zergatik?

Oso argi nuen. Ikerketa kazetaritza nuen gustuko, baina kontua da gerora sekula ez dudala jorratu alor hori. Oiartzunen Kontakatilu irratia jarri genuen martxan bi lagunek, Arkaitz Goikoetxeak eta nik neuk, baina utzi egin behar izan genuen urte batzuk igarota. Euskaldunon Egunkaria-n aritu nintzen lanean, baina ez kazetari gisa, koordinazio lanetan batez ere. Lezoko Kilometroak jaian ere, 2010ean, eta Errenteriakoan, 1999an, hilabete batzuez aritu nintzen koordinazio lanetan. Orain arte ez naiz aritu kazetaritza lan hutsean; ikerketa arloan aritu izan naiz beti.

Orain irakaskuntzan ari zara Pasaia Lezo Lizeoan.

Hala da. Nire bizitzan aldaketa bat egitea erabaki nuen, eta irakaskuntzan gustura senti nintekeela iruditu zitzaidan. Pasaia Lezo Lizeoan hasi nintzen lanean, DBHn, dibertsifikazio kurrikularreko taldeekin. Oso gustura aritu nintzen. Irakasle ikasketak egin nituen han nenbilela, eta Lehen Hezkuntzan hasi nintzen. Horretan nabil azken hamar urtean.

Ikerkuntza lanetan edo irakaskuntzan, non aritzen zara gusturago?

Oso gustura nabil irakaskuntzan. Konplexua da, ahalegin berezia eskatzen duelako pertsonekin lanean aritzeak; oso pertsonala da. Ikerketak, berriz, deskubritzearen eta ezagutaraztearen poza ematen dit. Lan mundurako utziko dut bata, eta afiziorako bestea.

Pilotan ere aritu izan zara, eta Oiartzungo Txost elkarteko kidea ere izan zinen.

Bai, baina afizionatu bezala aritu izan naiz beti pilotan. Txost elkartean, berriz, pasaka modalitatea sustatzeko aritu nintzen lanean. Horretan ari da Txost elkartea, galdutako modalitateak berreskuratzen saiatzen. Hura sustatu nahian, jolasean, ondo pasatze aldera hasi nintzen han, eta taldean parte hartzeko aukera eskaini zidaten segidan. Zer edo zer egin dut pasaka modalitatea sustatzeko, baina erraketistena tokatu zitzaidan gero parean, eta buru-belarri hasi nintzen han. Taldetxo bat badauka Txostek eta uztea erabaki nuen iaz, ezin iritsi nenbilelako eta eurek hori baino gehiago merezi zutelako.

Zuretzat pilotak zer du berezitik? Erraketistengana heltzea ez baita izan kasualitatea, ezta?

Berez dut gustuko pilota. Berdin dio zein modalitate izan, guztiak gustatzen zaizkit. Erraketistenak, ordea, badu berezitik zerbait; gaiaren gainean dagoen ezjakintasunak ukitu nau ni bereziki. Nola da posible pilota gustuko duen pertsona batek ez jakitea erraketistak izan zirenik ere? Nik ez nuen haien berririk.

Elkarrizketa baten bidez, elkartean kide dudan Jon Juanesen ama erraketista izan zela jakin nuen duela bost urte. Aurkikuntza izan zen niretzat. Erraketistak izan ziren lehen emakume kirolari profesionalak, eta pilota maite dudan moduan maite izanda, nik ez nuen haien berri. Ez ikastolan eta ez herriko elkartean inoiz ez dut ikasi edo ikusi haien inguruko ezer; ez erraketarik, ez argazkirik, ez aipamenik… Uste dut hori guztia ezin dela utzi kontatu gabe.

Lanketa ez naiz ari egiten ikuspegi feminista batetik bakarrik. Berdintasun alorra da zalantzarik gabe, baina bada ondare kulturala ere, eta, batez ere, kirol ondarea.

Ikerketa ez duzula ikuspuntu feministatik egin azaldu duzu, baina erraketistek ez badute bere lekua izan, emakumeak zirelako izan dela pentsa daiteke, ezta?

Ziur asko, bai. Kirol ikuspegitik pilota gizonen eremua izan dela uste dut, eta ikaragarria da ikustea 1940. hamarkadako estatistikak aztertuta emakume lizentzia gehiago zeudela. Errealitatea hala izanik ere, ordea, ez da hala jaso. Garrantzitsua da, beraz, erraketisten historia, eta leku berezia eman behar zaio. Munduko lehen emakume kirolari profesionalak izan ziren, ziurrenik, baina Euskal Herrian non gelditzen da erreferentzia hori? Lehenak izan ziren Gizarte Segurantza lortzen, eta hori guztia ez dago inon jasota; Euskal Herriko familia ugari mantendu zituzten, beharrak eraman zituelako kanpora; sakrifizioa izan zen eurentzat, gainerakoan ez zuketelako egingo kanpora joateko hauturik. Izugarria da kontraesana, hemen sekula ez delako hitz egin erraketaz.

Kirol arloan, konpetentzia ziren emakumeak: frontoiak betetzen zituzten erraketistek, eta ikusgarria zen euren modalitatea, ikaragarria; enpresariak ere mugitzen ziren jokora. 1917tik 1980ra aritu ziren erraketistak, Espainiako Estatuan, Kuban, Mexikon, Argentinan, Brasilen…

Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkarteko presidentea zara gaur egun. Zergatik erabaki zenuten elkartea sortzea?

Agustina Otaola frontoiarekin hasi ginen bueltaka. Errenteriako frontoia da Euskal Herrian emakume izena duen lehenengoa, eta haren ondotik heldu zen Lezokoari Koldobike Gezala izena jartzea. Txikita de Aizarnak ere badu bere plaka Aizarnan. Errenteriako frontoiari Agustina Otaola izena jartzea proposatu genuen guk, erraketistek plaza bat behar zutela uste genuelako, bistaratu egin behar genituela sentitzen genuelako. Oso polita izan zen prozesua, Errenteriako Udalari proposatu eta aho batez onartu zuelako udalbatzak; guretzat oso adierazgarria izan zen hori. Kontua ez da orain frontoiak emakumeen izenekin betetzea, baina bai gizon pilotarien moduan beren lekua ematea.

Lanketa hori egiten ari ginenean, artean, osatu gabe genuen elkartea, eta gaiak zein bilakaera izan duen ikusita eta behar administratibo batzuk sortu zirenez, elkartea eratzea erabaki genuen. Ikerketa lanean, erraketista batek beste baten etxera garamatza eta horrela ari gara osatzen puzzlea. Gaur da eguna, eta gaur diot bihar aldatu egin daitezkeelako datuok, non 237 erraketista profesional aurkitu ditugun, Hego Euskal Herriko 47 herritakoak [Gipuzkoko 28, Bizkaiko hamasei, eta Nafarroako eta Arabako hiru]. Askoz gehiago dira, baina ez dugu jakin nortzuk ziren edo nongoak ziren. Iparraldekorik ez dugu topatu oraindik, baina horrek ez du esan nahi izan ez zirenik. Erraketisten berri daukan jendearekin, zerbait entzun duenarekin ari gara osatzen zerrenda hori, eta argazkiak eta kontakizunak parekatuta ari gara osatzen puzzlea; Jon Juanes ari da lan horretan. Benetako baliabideak eta denbora gehiago izango bagenitu, askoz luzeagoa litzateke kopurua.

Zuretzat zer izan da ikerketa abiatu eta datu horiekin topo egitea? Espero zenuen?

Inondik inora ez nuen espero. Badira urte askoan jokatu zuten oso pilotari onak, Valentzian [Herrialde Katalanak] 36 urtez pilotari profesionala izan zen bat, adibidez. Eta baditugu hemezortzi, hogei edo 22 urtez aritu zirenak ere. Urte pila bat dira profesionaletan. Beste batzuek, berriz, 14 urterekin jokatzen hasi, bolada batean jokatu, eta utzi egin zuten bost urte geroago. Niretzat gogorra da ikustea gaia zein garrantzitsua den eta zenbat borroka egin behar dugun garrantzitsua dela adierazteko.

Erraketisten lana ez dela aitortzen esan nahi duzu horrekin?

Ez da eskaintzen baliabiderik, eta ez dago historia bera, lorpenak eta mamia bilduko dituen ikuspegirik. Frontoiak itxita, frankismoak neurriak hartu zituen erraketisten partidak bertan behera uzteko. Ekonomia, jurisprudentzia, kirola, emakume horiek bizi izan zutena… Dena nahasten da, eta punta asko dituen gaia da. Izugarrizko ondare materiala dago berez: argazkiak, kartelerak, erraketak… Mutrikuko Valentin Zumalabek egiten zituen erraketak, eta 3.000 egitera heldu zela diote batzuek. Hori guztia ez dago inon jasoa. Gauzak bere lekuan jartzeko beharra dago, baina ez dago laguntza nahikorik lan hori egiteko; denbora falta da, gainera, etsigarriena, adinean aurrera doazelako oraindik bizirik daudenak.

Mexikon izan gara aurten, eta elkarteak hartu du bere gain gastu hori, aurten laguntzarik jasoko ote dugun jakin gabe. Han bizi da Julita Beraza anoetarra; 93 urte ditu, eta ikaragarri lagundu digu informazio ekarpenarekin. Beste batzuek, bizirik egonda ere, ezin izan digute egin ekarpenik. Urte bukaerarako jasotzen dugun laguntzaren arabera, 237 emakume horiek bistaratzea da helburua. Udalerriz udalerri ari gara ate joka eta oso harrera ona egin digute horietako batzuetan; ezezkoa ere jaso dugu beste batzuetan. Laguntzarik ez badugu, ezingo dugu egin.

Bizirik dauden erraketistentzat zer izan da euren historia argitara ateratzea?

Harrituta daude. Batetik, ez dute oso ondo ulertzen zertan ari garen, bakoitzak bere bizipena duelako baina historia ez dutelako ezagutzen osotasunean. Ez dakite erraketistek zein bilakaera izan duten 1917an jokatzen hasi zirenetik. Harrituta gelditzen dira kontatzean. Eskertuta ere badaude, baina hain berandu zergatik iritsi garen ere galdetzen digute, ea zergatik ez ginen hasi lehenago lan honetan. Ni ezin nintzen hasi lehenago, izan zirenik ere ez nekielako. Zorionez, batzuek burua oso argi daukate oraindik, eta euren ekarpenei esker nahiko txukun ari gara osatzen puzzlea.

Ondarea aipatu duzu, erraketisten partiden kartelak, kromoak, erraketak… Ez da modurik horiek guztiak bildu eta erakusgai jartzeko?

Egokiena litzateke zentro egonkor bat izatea, bai ikusteko baina baita ikertzeko ere. Hainbat erraketistak esan digu pozik emango luketela euren ondarea esku onetan geldituko dela eta helburu jakin baterako erabiliko dela jakingo balute. Oso bereziak dira Zumalabek egiten zituen erraketak, larruzko pilotarekin jokatzeko zirelako. Erraketisten kromo bilduma ere badago, erraketisten irudia duen anis botila bat ere bai… Ondarea ez da nolanahikoa.

Eskatu duzue halako zentro bat egitea?

Horretan ere ari gara, baina webgunean jarriko ditugun erraketisten fitxak osatzen ari gara orain, batez ere. Hori izango da hurrengo urratsa; zentro egonkor hori bultzatzea, alegia. Munduan erreferente izan daitekeela uste dugu, emakume horiek aitzindariak izan zirelako euskal pilotan.

Merezi du erraketistak izan zirela erakustea, bizi izan zutena azaltzea, horrek guztiak zer eragin izan zuen kontatzea… Are gehiago, nire ustez ezinbestekoa da isiltasunetik argitara ateratzea, eta guregana hurbiltzeko eskatuko nioke jendeari. Berdin dio erakundea izan, elkartea edo norbanakoa. Bereziki pilota arloko jendeari eskatuko nioke hurbiltzeko; jende asko etortzen ari da guregana berdintasun arlotik, eta mina hartzen dut kirol arloan ez dudalako sumatzen harrera hori.

Emakume hauek diskriminazioa jasan zuten kirol arloan ere, emakume izate hutsagatik, eta min ematen dit gaur egun gauza bera egiten ari garela pentsatzeak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.