Eskemak apurtu eta lekua hartzen

Eskemak apurtu eta lekua hartzen

Karmele Uribesalgo Alzola

Pentsatu izan dut mundu honetan ez zegoela lekurik niretzako”. Sarah Spatzek (Sao Paulo, Brasil, 1977) behin baino gehiagotan izan du sentsazio hori. Gizonezkoen genitalekin jaio zen, baina ez da hala sentitzen. Spatzek ez binariotzat du bere burua; hau da, ez dator bat gizartea emakumeen eta gizonen artean bereiztearekin: “Konplexua da gizakia, eta ezin gara mugatu esatera pertsona bat emakumea edo gizona dela”. Hala ere, azalpenen bat eman behar duenean, emakume sentitzen dela dio, gehiago identifikatzen baita genero horrekin. “Marka bat jarri behar badiot nire buruari, nahiago dut emakume izatea, ez baitut izan nahi talde zapaltzaile baten parte”, adierazi du.

Spatz 6 urterekin hasi zen eskolan, eta orduan konturatu zen gizartean generoen arteko bereizketa egin ohi zela. “Jabetu gabe nengoen zatiketa horretaz”. Inguruko elementuak kontuan izanda, identitate propioa eraiki zuen Spatzek. Eskola garai horretan nesken zein mutilen taldeetatik kanpo gelditzen zela adierazi du. “Fisikoki gizonezkoa nintzen, eta, beraz, neskek ez ninduten onartzen; baina antzeko arazoa neukan mutilekin: emakume taxua zuten nire jokaerek”.

Gizartean onartua izateko eta integratuta egoteko, “esfortzu bat” egin behar zuela pentsatu zuen Spatzek, eta gizonei ezarri izan zaizkien rolak hartu zituen. Hala ere, 16 urterekin alde batera utzi zituen jarrera eta jokaera horiek, ingurukoak “engainatu” zituelakoan baitzegoen: “Pertsonaia bat sortu nuen; ez nintzen jendeari ikusarazten niona”. Depresioa ere izan zuen garai horretan, eta homosexuala zela zioten psikologoek, baina Spatz ez zen hala sentitzen. Ama hil zitzaionean, bakarrik gelditu zen Sao Paulon, eta izandako rolak eta jokamoldeak aldatu egin zituen. Besteak beste, makillatzen hasi zen eta ekintzaile bihurtu zen. “Galera mingarria izan zen amarena, baina, aldi berean, aske sentitu nintzen; ez neukan galtzekorik”.

Trans Murder Monitoring elkartearen arabera, iaz Brasilen izan zen transgeneroen aurkako hilketa gehien; guztira 369 bildu zituen elkarte horrek, eta horietatik 167 izan ziren Spatzen jatorrizko herrialdean. Spatzek berak ere bizi izan ditu pasarte gogorrak. Sao Paulon bizi zenean, eliza ebanjeliko bat zeukan etxe alboan. Behin, handik igarotzean, hogeita hamar pertsona inguruko talde batek iraindu egin zuela azaldu du Spatzek, eta harriak eta makilak botatzen hasi zitzaizkiola. “Hots handi bat entzun nuen bat-batean. Bi tiro eman zizkidaten: bat hankan, eta bestea besoan”. Zortzi egunez koman izan zen, eta hogeita hamar haustura baino gehiago izan zituen. Ospitaletik atera bezain pronto, Brasiletik ihes egitea erabaki zuen.

Argentinara joan zen, baina hango egoera “antzekoa” zela ikusi zuen. Hori dela eta, Europara egin zuen salto, Lisboara (Portugal), hain zuzen ere. “Gogorra” izan zen bizitza berri horren hasiera, baina LGTBI elkarte batera batu, eta lortu zituen erresidentzia baimena, babes psikologikoa eta lana.

Hormonak eta feminismoa

Hormonak hartzen ere hasi zen Spatz, baina bertan behera utzi behar izan zuen tratamendua. Izan ere, albo kalteak eragin zizkion; giltzurrunetako eta gibeleko arazoak, esaterako. Mugimendu feministaren inguruan informazioa biltzen hasi zenean, pentsaera aldatu zuen: “Konturatu nintzen gizonezkoen zapalkuntzak ezarritako zenbait rol hartzen ari zirela emakume transak; gustagarriak izatea zuten helburu”. Hori buruan izanda, makillatzeari eta emakumeen artean ohikoak diren jantziak erabiltzeari utzi zion. “Atzean utzi nituen hainbat talde transgenero, nire jarrera kolektiboarentzat kaltegarria zela esaten baitzidaten”. Spatzek ez du berriz hormonarik hartuko, eta ez du egingo ebakuntzarik. Gaineratu du ez duela gomendatzen horrelakorik egitea: “Zalantzan jarri behar da trantsizio sistema, oso determinatzailea baita”.

Sistemak ez zuela onartzen sentitu zuenez, sistema horrekin atxikimendurik ez izatea erabaki zuen. Erresidentzia baimena iraungitzean, ez zuen berritu, eta Portugalen hamar urtez egon zen halakorik izan gabe. 2016an harrapatu egin zuen Poliziak, eta herrialdea uzteko 21 egun zeuzkala jakinarazi zioten. Hori dela eta, Lisboa utzi, eta, Donejakue bidetik, Vigora iritsi zen Spatz, baina Galizian Brasilera deportatu beharko zutela esan zion Poliziak. “Ezin nintzen itzuli Brasilera; hil egingo ninduten”. Parisera joatea erabaki zuen, baina Frantziako Poliziak ez zion utzi Frantziako Estatuko lurretara igarotzen, eta Donostian gelditu zen. “Gehitu elkarteaz hitz egin zidaten [Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea], eta asilo eskaera egiten hasi nintzen horien laguntzarekin”. Eskaera egiten den unean, asilo eskatzaile guztiak harrera zentro batera bideratzen ditu Espainiako Barne Ministerioak, eta Madril egokitu zitzaion Spatzi. Bi urte pasatxo igaro zituen Espainiako hiriburuan, baina Donostiara itzultzea erabaki zuen CEAR elkarteak ematen dituen laguntzak agortu zitzaizkionean.

“Euskal Herrian nengoela jakinarazi zidaten nire asilo eskaera ukatu egin zutela, hamabost bat urte baineramatzan dokumentazioa berritu gabe”. Helegite bat aurkeztu zuen, hala ere, egoera horren zergatiak azalduta. Laurehun orrialdeko dokumentu bat idatzi zuen, haren ama hizkuntzan: portugesez. “Bi arrazoi nituen horrela egiteko: alde batetik, banituen argudioak, eta bestetik, hain dokumentu luzea izanda, tramitea luzatu egingo zen, eta denbora gehiago izango nuen modu legalean Donostian bizitzeko”. Helegite horrek eman zituen fruituak: asilo eskaera egin eta hiru urtera baimena eman zioten Spatzi. Kasu bakanetakoa dela nabarmendu du; iaz, Espainiako Estatuan, lau asilo eskaeratik bat onartu zuten. “Erabaki humanitarioa baino gehiago, burokratikoa izan zen, elkarte askoren babesa nuela ikusi baitzuten, eta beldur ziren ea zarata handia egingo nuen”, aitortu du. Lorpena “zapalduta” dauden beste batzuei laguntzeko erabiliko duela adierazi du Spatzek.

Diskriminazioa jasaten duten bi kolektibotako parte da Spatz, baina aitortu du Euskal Herrian ez dela sentitu bereziki baztertua. Haren ustez, etorkina izatean, zerikusi handia du jatorriak: “Brasildarra naizenez, Latinoamerikako beste toki batzuetakoek baino ongietorri hobea izan dudala esango nuke; zer esanik ez Afrikatik edo Asiatik iritsitakoekin alderatuta”. Gizartean “ongi ikusia” egoteko, aberastasunak garrantzia handia duela dio: “LGTB kolektiboko pertsona bat, diru asko badauka, onartua izango da”. Kultura mailak ere eragina izaten duela uste du.

Etorkizunerako, laguntzen

“Oso harro” dagoela adierazi du Spatzek. “Gizartean onartua izan nadin, nik ez daukat aldatu beharrik; gizartea bera da aldatu behar duena”. LGTBI kolektiboaren egoera zein den ulertzeko pauso bat eman behar dela uste du Spatzek, eta ez luketela errudun sentitu beharko nahi duten modukoak izateagatik. Horrez gain, “gizakiaren autodeterminazioa” ahalbidetzen duen lege bat aldarrikatu du: “Horrela, ez litzateke transexualetara bakarrik mugatuko; gizarte osoarentzat izango litzateke”, zehaztu du.

“Nire helburua da nolabait gizartea eraldatzea, eta etorkizunean, nahiz eta neurri txiki batean izan, lan horrek ondorio positiboa izatea”. Ekintzaile izaten jarraituko du, inork ez dezan bizi behar izan antzeko esperientziarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.