“Etorkinei lagungarria zaie bertako pertsona bat alboan izatea”

“Etorkinei lagungarria zaie bertako pertsona bat alboan izatea”

K. Uribesalgo Alzola

Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkartea da Gehitu, eta bi helburu nagusi ditu: kolektibo horrentzat sozializazio gunea izatea, eta gizartearen sentsibilizazioan eta pedagogian eragitea. Gehituko kidea da Jesus Estomba (Irun, 1960), eta errealitate berri bati aurre egiteko lanean ari direla azaldu du: gero eta gehiago dira sexu identitatea dela medio mehatxupean bizi, eta jatorrizko herrialdeetatik ihes egin behar izan dutenak. Etorkin horiei asilo eskaera egiteko laguntza eskaintzen die Gehituk.

Nola kudeatzen dituzue asilo eskaerak?

2016an hasi ginen kontu horrekin, garai horretan iritsi baitzitzaizkigun lehen kasuak. Ordutik, 30 bat pertsona iritsi zaizkigu asilo eskaera egiteko interesarekin. Batik bat, Gurutze Gorriak bideratzen ditu guregana.

Zertan laguntzen diezue?

Lehenengo kasuak iritsi zitzaizkigunean, ez genekien eskaerak nola egiten ziren, baina ikasten ari gara pixkanaka. Bi pertsona mota iristen dira guregana: batetik, CEARekin edo Gurutze Gorriarekin harremana izan dutenak, eta ondorioz, jada eskaeraren prozesuari ekin diotenak; bestetik, Euskal Herrira iritsi, baina asilo baimenaren inguruko informaziorik ez daukatenak. Bigarren horien kasuan, informazioa eman, eta CEARera laguntzen diegu. Horrez gain, bizi izan duten egoeraren txostenak egiten dizkiegu, eta horrek indar handiagoa ematen die eskaera espedienteei. Egoera latzak bizi izan dituztela erakutsi nahi izaten dugu, eta ez datozela kapritxoz; jatorrizko herrialdeetako egoera sozialetik eta politikotik ihes egin nahian dabiltza. Kontuan izan behar da NBEko 70 herrialdetan debekatuta daudela sexu berekoen arteko harremanak, eta horietatik seitan, heriotza zigorra ezarri diezaieketela.

Zein egoerarekin egiten dute topo asilo bila datozenek?

Nahiko kolapsatuta dago harrera sistema ofiziala. Izan ere, gora egin dute eskaerek, baina bere horretan mantendu dira baliabideak. Hori dela eta, kasu askotan oinarrizko beharrei ezin izaten zaie eman erantzunik. Horri aurre egiteko, baditugu zenbait ideia. Pentsatzen ari gara boluntario talde bat sortzea prest egongo litzatekeena harrera programa horietan sartu ezin direnak etxean hartzeko. Gainontzean, diru bilketak egitea ere izan daiteke beste egitasmo bat, baina ideiak besterik ez dira oraindik.

Bertakoen eta kanpotik datozenen arteko harremanak eratzeko proiektu bat lantzeko asmoa ere baduzue, ezta?

Oraindik ez dugu jarri martxan, baina gai horri buelta batzuk ematen ari gara. Harremanetarako sareak sortu nahi ditugu. Horretarako, boluntarioak beharko genituzke asilo eskaera egin dutenekin denbora pasatzeko.

Zertan lagun dezake proiektu horrek?

Kontuan izan behar da pertsona horiek daukaten guztia atzean utzita egiten dutela ihes jatorrizko herrialdeetatik. Hona iritsi, eta hutsetik hasi behar izaten dute berriz ere. Oztopoei aurre egiteko, etorkinei lagungarria zaie bertako pertsona bat alboan izatea. Horrez gain, beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ere izaten dute horri esker. Komenigarria da egoera berean dauden pertsonak ezagutzea, baina interesgarria da bestelako bizipenak dituztenekin ere harremanak izatea. Gizartearentzat ere aberasgarria da kanpotik datozenak integratuta egotea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.