“Ez zen izan gardentasun faltarik”

“Ez zen izan gardentasun faltarik”

Unai Zubeldia

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen herenegun, eta hamar egun lehenago alarma sortu zen Hernanin; alarma lehenengo, eta zalantza gero. Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea kontrolatzeko osasun etxean jarrita daukan estazioak 1.339 mikrogramo sufre dioxido neurtu zituen une batean, eta lau orduz ohiko zifretatik oso goitik ibili ziren balioak. Eguzki talde ekologistak Hernaniko Udalari abisu eman ondoren, Jaurlaritzak biharamunean jakinarazi zuen ez zela izan isuri kimikorik, matxura batek eragin zuela gorabehera guztia; neurketak ez zirela errealak.

Jaurlaritzak “oso modu epelean” erantzun zuela nabarmendu zuen Eguzkik. “Kezkagarria iruditzen zaigu erreakzionatzeko erakutsi duen gaitasun eskasa”. Hernaniko Udalak, berriz, agintarien “gardentasun eza” salatu du. “Isil-isilik gelditu zen Jaurlaritza; ez ziguten abisatu. Datuak moztu egin zituzten, eta kito”, azaldu du Mattin Aldaia Hernaniko Ingurumen zinegotziak.

Hamar egun igarota, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak berretsi du sufre dioxidoa neurtzen duen gailua matxuratu egin zela maiatzaren 27an, “ura sartu zitzaiolako”. Horrez gain, gailu hori ondo funtzionatzen ari dela kontrolatzen duen sistemak ere “akats bat” izan zuela gaineratu du, “software bertsio berria daukagulako”: “Bi gauza horien ondorioz, zuzenak ez ziren datuak iragarri ziren webgunean”. Hernaniko Udalaren salaketaren aurrean, Ingurumen Sailak erabat ukatu du gardentasunik gabe jokatu izana. “Ez zen izan gardentasun faltarik. Gertatu denarekin argi ikusten da automatikoki egiten dela balioak neurtzen diren momentutik iragartzeko momentura arteko prozesu osoa”. Zentzu horretan, sistemak kale eginez gero, “zuzenak ez diren datuak iragartzeko arriskua” dagoela gogoratu du Jaurlaritzak. “Horregatik, aditu batek balidatu arte, behin-behinekoak izaten dira datuak. Horregatik sortzen dira batzuetan endredoak eta desadostadunak”.

Neurgailua, jada, martxan dagoela ziurtatu du Jaurlaritzak, eta, ondorioz, ez dagoela arriskurik egunotan isuriren bat egongo balitz herritarren osasuna arriskuan jartzeko —maiatzaren 26koa da azken datua, 04:00etakoa, eta ekainaren 4koa matxuraren ondorengo lehena, 01:00ekoa—. Are gehiago, Ingurumen Sailaren hitzetan, “Euskadin ez dago herritarren osasuna arriskuan jarriko lukeen sufre dioxido mailarik”.

Ez da iritzi berekoa Garikoitz Plazaola Eguzkiko kidea. “Hernani da Gipuzkoan arrisku kimikoa duen gune nagusia, eta neurri bereko zaintza merezi duela uste dugu. Gure ustez, joan den asteko gertakariak argi utzi du ez dela ari hala izaten, guk deitu arte ez zelako eman abisuaren berri; eta ezohiko balioak neurtu eta hurrengo egunean jakinarazi genuen guk”. Plazaolaren esanetan, edozein gorabeheraren aurrean, “udalei jakinaraztea” da protokoloaren lehen urratsa. “Baina maiatzaren 27an ez zuten egin halakorik; oinarrizkoenak huts egin zuen: lehen alertak”.

Horrez gain, Eguzkiko kidearen ustez “oso-oso murritza” da Hernani inguruan dagoen neurgailu bakarrak bospasei elementu bakarrik neurtzea. “Ez ditu neurtzen beste hainbat elementu, eta gure ustez hori ez da biderik egokiena herritarron osasun publikoa zaintzeko, horretaz hizketan ari garelako: osasun publikoaz”.

Beste pauso bat ere eman du Plazaolak: “Hor daukagu errauste planta ere, eta lau neurgailu berri jarri dituzte airearen kalitatea neurtzeko. Orain arteko neurgailuak nola funtzionatzen ari diren ikusita, zer-nolako sinesgarritasuna eta bermea daukate aparatu horiek?”. Egunotan Gipuzkoako beste hainbat herritako estazioen azterketa ere egin du Eguzkik. “Eta gabezia batzuk aurkitu ditugu, Usurbilen, Lasarte-Orian eta Lezon, esaterako. Ingurumen Saila ez da ari behar bezala zaintzen arnasten dugun airearen kalitatea”.

Kataluniarekin elkarlanean

Duela bi urte bere kabuz aire kalitateari buruzko azterketa egiten hasi zen Hernaniko Udala, “herritarrak oso arduratuta daudelako sortzen diren kirats episodioekin, eta Eusko Jaurlaritzaren neurgailuak airearen kalitateari buruzko datu berdina ematen duelako beti: ona edo oso ona. Datu horiek ez datoz bat errealitatearekin”. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin elkarlanean hasi ziren 2017an. “Eta bestelako kutsadurak neurtzen ari gara ordutik. Gure ustez oso urria da aire kalitatearen araudia; oso gauza gutxi neurtzen da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.