Filosofia egarria asetzeko, kafea

Filosofia egarria asetzeko, kafea

Kerman Garralda Zubimendi

Ekaineko ostiralak eztabaida eta hausnarketa sakonetarako dira Zumarragan. Pello Biain filosofia irakasleak antolatuta, Kafe Filosofikoak topaketak egingo dituzte hirugarrenez: “Filosofia egarriz sumatzen dut gizartearen zati bat”, azaldu du Biainek. “Inguratzen gaituzten gai politikoez, erlijio gaiez, gai etikoez… hitz egin nahi du jendeak, baina ez daukagu foro egokirik. Inoiz baino behar handiagoa dugu halako gaien inguruan hausnartzeko, baina ez dago aukera askorik. Horregatik antolatzen ditut Kafe Filosofikoak”. Gaur egingo dute aurtengo lehen eztabaida, 18:00etatik aurrera, Zelai Arizti kultur etxean. Sarrera irekia da, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.

Filosofiaren inguruan bi joera identifikatu ditu Bianek: “Duen garrantzia kendu nahi diote batzuek; hau da, ezabatu egin nahi dute, nolabait. Beste batzuek, aldiz, kalera atera nahi dute filosofia”. Bigarren korronte horretakoa da Zumarragako irakaslea. “Duela hamar urte hasi zen mugimendu hau, Frantzian bereziki. Umeentzako filosofiaren, praktika filosofikoaren eta kafe filosofikoen bidez, herritarrengana gerturatu nahi da filosofia”. Biainen ustez, “nolabait, filosofiaren hasierako zereginera itzultzea” da gizartea filosofiarekin harremanetan egotea: kalean, hiritarren artean, eztabaidatzea eta hausnartzea. Horrela sortu zen demokrazia, lotura estua baitute biek ala biek”.

Herritarrek “ongi” erantzun dute orain arte. Biainek onartu du kezka izan zuela ea bera bakarrik agertuko ote zen lehen topaketara, baina beti izan dira, gutxienez, dozena bat lagun. “Helduak izaten dira gehienak, baina 20 eta 30 urte arteko gazteren bat ere hurbildu izan da. Hori bai, emakumeak izaten dira gehienak”, azaldu du. “Galdera filosofiko on bat dago hor. Zergatik etortzen da emakume gehiago halako ekitaldietara?”. Erantzunik gabe, airean utzi du galdera.

Eztabaidetara hurbiltzen den jendeak erabakitzen du saio bakoitzean zeren inguruan hitz egingo duten. “Badaezpada, nik ere eramaten ditut poltsikoan eztabaidari ekiteko galdera batzuk, baina inoiz ez ditugu behar izan”. Askotarikoak izaten dira eztabaida hasteko galderak: heriotzaren ingurukoak, maitasunari buruzkoak, etika arlokoak, identitateari buruzkoak… Adibidez, Egia behar dugu bizitzeko? eta Maitasun erromantikoari agur esan behar diogu? galderetatik abiatu ziren aurreko saioetan.

“Erantzun guztiak balekoak diren galderak izaten dira”, borobildu du Bianek. “Galdera filosofikoek ez daukate behin betiko ebazpenik, eta horregatik dirau bizirik filosofiak. Baina beharrezkoa da galderen inguruan aritzea, arazoa hobeto ulertzeko eta ezagutzeko, eta norberaren ikuspuntua lantzeko”.

Topaketen asmoa ez da mundua egun bakarrean konpontzea. Bakoitzak beretzat gordetzen ditu ateratako ondorioak, eta norberak egin behar izaten du jarraipena. “Ordu eta erdiko eztabaidak egiten ditugu. Gaiaren mamira heltzen hasten garenean etortzen zaigu joateko ordua, eta noizbait jarraitu izan dugu hurrengo astean”.

Biainentzat garrantzitsua da eztabaida aurrez aurrekoa izatea. Teknologiari esker, edozein tokitan jarrai dezake eztabaidak, “baina galdu egiten dira ñabardurak”, eta eztabaida “narrastu” egiten da. Izan ere, foroetan nahiz sare sozialetan egiten dira sareko eztabaidak, “eta bertan zailtasunak egoten dira argudioak luze eta zabal plazaratzeko”. Gainera, pantailak ematen duen babesak sarritan hauspotu egiten ditu hitz txarrak eta troll-ak. Filosofoaren ustez, “sakonagoak eta lasaiagoak” izaten dira aurrez aurreko eztabaidak.

Filosofia, bogan

Iaz, 9,9koa izan zen Filosofiako gradura sartzeko gutxieneko nota, duela bi urte baino lau puntu gehiagokoa eta duela hamar urtekoaren bikoitza. Ohartarazpen bat egin du Bianek: “Esku bakarrarekin zenba ditzaket Filosofia gradua egin duten nire ikasleak”.

Ikasleek maitasungorroto lotura izaten dute filosofiarekin. “Adinagatik, jendaurrean hitz egiteko lotsagatik, besteek zer pentsatuko ote duten beldurragatik… hasieran kosta egiten zaie parte hartzea. Baina askatzen direnean nabaritzen da gazteak ere gogotsu daudela euren inguruko gaiez filosofatzeko”. Adituaren ustez, “gainerako materiei tokia kendu gabe”, ikasleen artean posible da elkarrizketa filosofikoak lantzea.

Ordea, Biainek zailtasunak ikusten ditu ikasleen gogoa asebetetzeko garaian: “Irakaskuntzan gero eta pisu gutxiago du filosofiak, eta, antolatuta dagoen moduan, azterketa bat gainditzeak soilik axola digu irakasleoi eta ikasleei”, azaldu du. “Filosofia oso alor akademikoa bilakatu da azken urteotan, eta edukiak pentsatu gabe transmititzeko modu bat bilakatu da, jarduera praktiko bat baino gehiago”.

Joera horrek kezkatuta dauka Biain, “hondarmateriatzat” har daitekeelako filosofia. “Baina, bestalde, gero eta jende gehiagok uste du oso diziplina transbertsala dela filosofia, eta edozer egiteko baliagarria dela”. Esaterako, enpresa eta ekonomia jardueretan ugaritzen ari da filosofoaren lanpostua. “Erabakiak hartzean oso komenigarria izaten da filosofiak eskaintzen duen ikuspegi orokorretik egoera aztertzen duen pertsona bat edukitzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.