Hauspoa zabaltzeko pausoa

Hauspoa zabaltzeko pausoa

Irati Saizar Artola

Trikitia jotzen hastean, hauspoa zabaldu egin behar izaten da lehen notek melodia sor dezaten. Bada, hauspo hori irekitzen hasi berri da Tolosaldean, Hauspotuz izenarekin sortu baitute trikiti elkarte berria. Igandean egin zuten lehen topaketa, Tolosan. Elkarteko kidea da Manex Torrealdai trikitilaria, eta hark azaldu du nola sortu zen proiektua: “Saretxo bat osatu genuen batekin eta bestearekin hitz eginez, eta whatsapp talde bat sortuta zegoen konturatzerako. Bilera deialdi batekin hasi ginen”.

Tolosaldean badago afizioa trikitia jotzeko. Horren adibide dira, esaterako, eskualdeko herri gehienetan dauden trikiti eskolak. Elkarteko kidea da Maixa Lizarribar trikitilaria ere, eta badu kezka bat: “Herri ezberdinetan trikitia ikasten duten ikasleek ez dute elkar ezagutzen; hortaz, afizio bera duten gaztetxoen arteko harremanak sustatzea da gure elkartearen asmoa”. Iritzi berekoa da Torrealdai ere. “Izan ere, oso ohituta gaude bakoitza bere herrian eta betiko trikitilari lagunekin elkartzera, eta gure ustez garrantzitsua da eskualde bezala indarra edukitzea”. Trikitiarekiko zaletasun horri ikusgarritasuna ematea ere bada asmoetako bat.

Trikitia maite duen oro bildu da elkartearen bueltan. “Aniztasun handia” dutela azaldu du Torrealdaik. Irakasleak, txapelketetan aritzen direnak, erromeria taldeetan ibiltzen direnak eta beste elkartu dira; hogei bat lagun denera.

Elkar ezagutzea bada asmoa, zer hoberik batzen dituen instrumentua hartu eta egun osoko festa antolatzea baino. Halaxe egin zuten igandean, Tolosan. 35 trikitilari inguru elkartu ziren lehen topaketa horretan. Goizean trikipoteoa egin zuten alde zaharrean barrena, eta Anoetako Benta Aldea jatetxean bazkaldu zuten eguerdian. Bazkalostean ere ez zituzten albo batera utzi trikitiak, eta pieza mordoa jo zutela azaldu dute trikitilariek. Elkartearen izen berria jakinarazteko aprobetxatu zuten tarte hori. Izan ere, Tolosaldeko Trikitixa Elkartea izena jarri zioten hasiera batean. “Jendea biltzen ari ginen, eta izen horrekin errazagoa izan zitekeela ikusi genuen”, azaldu du Torrealdaik. Behin taldetxoa osatuta, ordea, izen proposamen batzuk bildu zituzten hainbatek, eta bozketa baten bidez erabaki zuten aurrerantzean izango duen izena: Hauspotuz trikitilarien elkartea. Torrealdairen ustez, “asko” transmititzen du izen horrek, “trikitilariok hauspo horrekin joaten garelako beti”.

Lizarribarren hitzetan, “izugarrizko etekina” ateratzen zaie topaketei: “Jendea ezagutzeaz gain, trikitia elkarrekin jotzeko aukera izaten dugu egun horietan. Kalera ateratzen gara, elkarrekin hitz egiten dugu, ezagutzak partekatzen ditugu, eta kontaktu berriak egiteko aukera ederra izaten dugu”.

Trikitiarekin kalera irtetea eta jotzea, ordea, jendeari kosta egiten zaiola nabari du Torrealdaik. “Lotsa edo nagia ematen dio jendeari”. Eta horrelako topaketek kezka horiek albo batera uztea errazten dutela gaineratu du: “Egoera berean dagoen jende ugari ikusten duzu topaketetan, eta horrela errazagoa izaten da pausoak ematea”.

Horrelako egunetan, aurrez entsegurik egin gabe irteten dira kalera. “Normalean, piezaren bat jotzen hasten da norbait, eta besteek, kanta ezagutzen badute, jarraitu egiten dute. Ezagutzen ez badute, berriz, panderoa jotzen dute edo trikitia itxi eta entzuten egoten dira”, azaldu du Torrealdaik. Kontrolpean ez dituzten kanta asko jotzeko arriskua egoten da ikasle asko daudenetan, baina parte hartzaile guztiak hartzen dituzte kontuan. “Hasierako partean, behintzat” saiatzen dira kanta errazagoak edo ezagunagoak jotzen. “Denok piezak jotzea eta ondo pasatzea baita helburua”. Gehienetan, trikitilariek eurek erabakitzen dituzte piezak, baina prest egoten dira begira dagoen edonork eskatutako kantuak jotzeko ere. “Karaoke ibiltari bat da gurea”, adierazi du Torrealdaik.

Aurrera begira

Lehen pauso bezala, beharrezko ikusi zuten elkartea sortzea, eta orain elkarte horri indarra eman asmoz ari dira lanean. “Denok pentsatu behar dugu ea eskualde honetan zer egin dezakegun trikitiari indarra emateko”, azaldu du Torrealdaik. Proposamenak entzuteko erabat prest daudela gaineratu du. “Polita da alde horretatik, definitu gabeko zerbait sortzen ari garelako”.

Ez da Gipuzkoan dagoen trikitilarien mugimendu bakarra. Badira aurrez sortutako beste batzuk ere; Azpeitiko Triki Giro edo Debagoieneko Trikitixa Eguna, esaterako. Tolosaldeko elkartearen oinarrian, ordea, ez dago beste elkarterik. “Gure elkartea da, eta nahi dugun moduan egin nahi dugu lan; hainbat eredu hartu, konparatu eta Tolosalderako onenak diren ekimenak hartuko ditugu kontuan”.

“Ekintza indartsu baten beharra” ikusi dute eskualdean, baina urrirako utzi dute hori. Garai horretan plazaratzeko ekitaldi bat gorpuzten ari dira orain. “Nahiko argi daukagu ikasleentzat izan behar duela ekitaldi horrek, eta guk oraindik ere detektatu gabe dauzkagun horiek, trikitia urtean behin jotzen dutenak, guregana etortzeko eguna izan behar duela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.