Ixabel Fernandez: “Adinekoak izan arren, gure bizitzaren jabe izan nahi dugu”

Ixabel Fernandez: “Adinekoak izan arren, gure bizitzaren jabe izan nahi dugu”

Karmele Uribesalgo Alzola

Adinekoentzako etxebizitza kolaboratiboak —cohousing izena ere eman izan zaie— sortzeko asmoarekin eratu zen Elkarbidean elkartea. Bere etorkizunaren jabe izan nahi du adineko pertsona talde horrek. Autogestioa eta prozesu parte hartzailea oinarri izanda jarriko dute martxan egitasmoa. Urtarrilaz geroztik, hainbat tailer egin dituzte proiektua nolakoa izango den zehazteko. Aste honetan aurkeztu dituzte tailer horien emaitzak. Elkarbidean-eko kidea eta egitasmoaren sortzaileetako bat da Ixabel Fernandez (Donostia, 1948), eta adierazi du “ilusioa” nabari dutela parte hartzaileen artean.

Zer dira etxebizitza kolaboratiboak? Zer sortu nahi duzue?

Etxe multzo bat da, eta bizilagun bakoitzak apartamentu bat izango du. Horrez gain, espazio komun batzuk ere eraiki nahi ditugu; hala nola, sukaldea, gimnasioa, liburutegia eta aretoa. Izan ere, adinekoak izan arren, gure bizitzaren jabe izan nahi dugu, eta guk antolatu nahi ditugu gure azken urteak. Printzipioz, ez dugu nahi erresidentzia batera joatea, etxean zaintzaile bat edukitzea edo seme-alabentzat karga bat izatea. Horretarako sortu nahi dugu komunitatea. Euskal Herrian ideia berria dirudien arren, aspaldikoa da kontua. Duela laurogei urte inguru sortu zen Danimarkan, eta asko zabaldu da ordutik, bai Europan, baita Amerikan ere.

Non kokatu nahi dituzue etxebizitza kolaboratibo horiek?

Asmoa da Donostialdean kokatzea. Adinekoak gara, eta ezin gara egon hiritik oso urrun; komunikazio ona behar dugu eta beharrezkoak diren baliabideak eskura izatea gustatuko litzaiguke. Ez dugu izan nahi komunitate itxi bat, eta auzoarekin harremanetan egoten saiatuko gara.

Nola sortu zen ideia?

Lagun batek eta biok beti aipatu izan dugu zahartzean horrelako proiektu bat jarri behar genuela martxan. Behin, lagun horrek esan zidan zahartzen ari ginela jada, eta bazela ordua zerbait egiten hasteko. Informazioa biltzen hasi ginen, eta taldetxo bat sortu genuen. Bi urte pasatxo daramatzagu lanean. Oso nekagarria izan zen lehenengo urtea, oztopo ugari izan baikenuen. Horren ondorioz, jende askok utzi egin zuen proiektua, eta lau kide bakarrik gelditu ginen. Hala ere, jarraitzea erabaki genuen, eta indarra hartu dugu. 25 pertsona inguru ginen taldean, eta aste honetan beste 30 inguru batu dira.

Kooperatiba bat sortu nahi duzue proiektua garatu ahal izateko, ezta?

Elkarteko kideek osatuko genuke kooperatiba, eta hori izango litzateke etxebizitzen jabea. Hala, kooperatibistak eta erabiltzaileak izango ginateke gu. Guk jarriko dugu dirua etxeak eraikitzeko, kooperatibari ekarpena eginda. Kideren batek proiektua utzi nahi badu edo hiltzen bada, erabiltzaile berri bat sartuko da itxaron zerrendatik. Utzi duenari itzuli egingo zaio egindako ekarpena, eta, beraz, ez du galduko dirurik. Etxebizitza guztietan egiten den bezala, hilero ordainduko dira gainontzeko gastuak: ura, argia…

Zer onura dute etxebizitza kolaboratiboek?

Bakardadeari aurre egiteko modu bat da. Bakarrik bizi da adineko jende asko, eta harremanak egiteko aukera eskainiko digu proiektu honek. Beste alde positibo bat da ezbeharren bat gertatuz gero, elkarri lagundu ahalko diogula. Bizikidetza esperientzia berri bat ere izango dugu etxebizitza hauei esker.

Parte hartzeko eskatu diezue udalei, aldundiari eta Jaurlaritzari. Zertan lagun zaitzakete?

Batez ere, Donostiako Udalarekin izan gara harremanetan, eta oso harrera ona egin digute. Esan digute badaudela lursailak, baina pasa berri diren hauteskundeak direla eta, udazkenera arte itxaron beharko dugu negoziatzeko. Gisa honetako hainbat proiektu daude martxan Euskadin, eta bilera bat egingo dugu larunbatean [bihar]. Komunean dauzkagun interesak eta helburuak kontuan izanda, zehaztuko dugu nola irits gaitezkeen instituzioetara.

Beraz, badaude antzeko asmoarekin lanean ari diren beste talde batzuk.

Donostian, esaterako, etxebizitza kooperatiboak sortu nahi dituen gazte talde bat dago. Abaraska izena du, eta indartsu dabiltza. Hala ere, momentuz, etxebizitza kolaboratiboen proiektu bat bakarrik dago martxan Euskal Herrian; Gordexolan (Bizkaia), zehazki. Hainbat generazioa batu dira bertan. Ametxe du izena, eta udaberri honetan ireki dute.

Zeintzuk dira hemendik aurrera eman beharreko pausoak?

Antolaketarekin jarraituko dugu. Horrez gain, udan hainbat ekintza egiteko eta elkarbizitzari ekiteko asmoa daukagu. Bileretatik ezagutzen dugu elkar, baina ez dakigu egunerokoan nolakoak garen. Elkar gehiago ezagutzea ahalbidetuko digu horrek.

Interesa duen edonor batu daiteke zuen elkartera?

Zabalik dauzkagu ateak. Interesa dutenek gurekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar, elkarbidean@gmail.com helbidera idatzita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.