Baratzean, harremanak ereiten

Baratzean, harremanak ereiten

Aitziber Arzallus

Modan daude baratze parkeak. Sei urte dira Kutxa Ekoguneak Baratze Parke Sarea egitasmoa martxan jarri zuela. Hernani, Lezo, Usurbil, Tolosa eta Alegia izan ziren egitasmo horretara batu ziren lehen udalerriak. Eta urtez urte handituz joan da kopurua. Gaur, Gipuzkoako 22 herritan daude baratze parkeak, eta 1.309 lursailek eta 58.383 metro koadrok osatzen dute sare hori. Baina baratze parkeak badaude Gipuzkoako herri gehiagotan ere, nahiz eta Ekoguneko sarean egon ez. Zestoako Iraeta auzoko baratze parkea da horren adibide bat.

Azpeitiko baratze parkeak ere bere kasa egin zituen lehen urratsak, Ekogunearen egitasmorik ez zegoelako artean. 2006an, zaharrei eta erretiratuei baratzeak egiteko lursailak eskaintzen hasi zen udala, denbora modu osasuntsuan pasatzeko jarduera gisa. Eta egitasmoak oso harrera ona izan zuen herritarren artean. Ekoguneak gerora ekin zion Baratze Parke Sarea sortzeko proiektuari, eta proiektu horretan bidelagun izan du Azpeitiko Udala. Bi erakundeak 2012an hasi ziren elkarlanean, eta elkarlan horren emaitza da gaur egun Azpeitiak duen baratze parkea: Gipuzkoako parkerik handienetakoa da, 122 lursail baititu.

“Erretiratuentzako aisialdiko baratzeak ziren hasiera batean; gerora, beste profil batzuetako herritarrei eman zieten aukera; eta, gaur egun, ia nahi duen guztiak du lursail bat erabiltzeko aukera”, dio Joxe Arzallusek, Azpeitiko baratze parkea kudeatzeko eta antolatzeko batzordearen arduradunak. Bi gunetan banatzen da Azpeitiko baratze parkea: Otzakan, Ekogunea sareko eredura egokitu zuten lehendik zegoen aisialdi baratzea; eta Izarraizpen, baratze eremu berri bat sortu zuten. Izarraitzen magalean daude bi eremuak: Otzakakoa, herriaren ipar-mendebaldean; eta Izarraizpe, Loiolabide hiribide nagusiaren albo batean. Laurogei metro koadroko hogei lursail daude Otzakan; eta berrogei metro koadroko 46 lursail, hirurogei metro koadroko bi eta irisgarritasun arazoak dituztenentzako bi lursail egokitu Izarraizpen.

Azpiegiturak eta baliabideetako asko Ekoguneak berak eta udalak jartzen dizkie eskura erabiltzaileei, hala nola ura, materiala gordetzeko txabolak, komunak… “Gastu guztiak ordaintzen dizkigute, gastatzen dugun uraren faktura izan ezik. Hori da erabiltzaileok ordaintzen dugun gauza bakarra”, zehaztu du Arzallusek. Baina erabiltzaileek badute egiteko garrantzitsu bat: “Geure gain geratzen da baratze parkea kudeatu eta antolatzeko ardura. Geuk arduratu behar izaten dugu ongarria eta simaurra ekartzeaz, geure arteko gorabeherak konpontzeaz eta beste lan batzuez”. Lauzpabost laguneko batzorde bat daukate horretarako, eta Arzallus da batzorde horren burua.

Arzallusek ondo ezagutzen du baratze parkearen egunerokoa, sei bat urte baitaramatza han. “Baratzeak ditugunok oso ondo pasatzen dugu normalean”, adierazi du. Haren esanetan, izaten dira hasi eta utzi egiten dutenak, gustatu ez zaielako, esperotakoa ez zelako, aspertu egiten direlako, lan gehiegi dela iruditzen zaielako edo asmatzen ez dutelako. “Baina jarraitu egiten dugu hamarretik bederatzik, eta seinale ona da hori”.

Hala dio Jose Carrascok ere, beste erabiltzaile batek. Erretiroa hartu zuenetik du baratzea Izarraizpeko gunean, duela ia bost urtetik, hain zuzen, eta hara joatea da bere denbora-pasarik gogokoenetakoa. “Erretiroa hartzean baratzetxo bat edukitzeko ilusioa izan dut beti, eta primeran etorri zait aukera hau. Beste betebeharrik ez badut, behintzat, egunero etortzen naiz, oso gustura jarduten bainaiz hemen”. Oporretan izan berri da, eta orain badu baratzean zer txukundua. Lekak, letxugak, piperrak, kuiatxoak, luzokerrak, kalabazinak… denetik dauka landatuta. Laster hasiko da uzta jasotzen, eta gogotsu dago. “Denak batera heltzen dira gero, eta etxerako gehiegi izaten denez, paretik pasatzen direnei oparitzen dizkiegu. Dirua galtzeko eta denbora pasatzeko leku paregabea da hau”, dio, barrez.

Baratze horien helburua ez baita negozioa egitea; ezin dituzte saldu handik ateratako barazkiak. “Eman bai, baina saldu, ez”, adierazi du Arzallusek. Haren arabera, uzta polita jasotzen dute “lan pixka bat” eginez gero. “Denetik landatzen dut nik: tomateak, letxugak, lekak, babak, ilarrak, zerbak, patata…”. Baina etxerako generoa baino are ordain hobea lortzen dute baratzetik edo baratzearen bueltan. “Gehienak ingurukoekin harremanak izatera etortzen dira hona, elkarri kontu batzuk esanez denbora aldarte onean pasatzera”.

Beste baratzezainekiko harremanez gain, naturarekiko harremana ere lantzen dute. “Gustura egoten gara geuk landatutako landareei begira, nola hazten ari diren ikusiz, tomateei ale koskorra noiz aterako zain, gorritzen noiz hasten diren begira… Gauzak beti ez dira ateratzen nahi bezala. Landatu ditzakezu dozena bat letxuga eta, agian, bareek jango dizkizute dozenatik bost, baina polita da hori ere, horixe baita natura”.

Furgobaratzaren bisita

Ekogunea sareko baratze parkeetan Furgobaratzaren bisita izaten dute tartean behin. Batetik, aholku teknikoak eta gomendioak ematen dizkiete baratzezainei, eta baita gai jakinen inguruko ikastaroak eta tailerrak ere; eta, bestetik, landare eta produktu ekologikoak erosteko aukera ematen diete. “Baratze parke bakoitzaren beharretara egokitzen ditugu jarduerak”, azaldu du Aitziber Otegik. Azpeitiko Kimubat enpresako langilea da Otegi, eta hura da Furgobaratzaren arduraduna eta baratze parkeen dinamizatzailea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.