“Mantentzea hainbeste kostata, pena da euskara hain gutxi erabiltzea”

“Mantentzea hainbeste kostata, pena da euskara hain gutxi erabiltzea”

Unai Zubeldia

Gerra atarian jaio zen Miren Salaberria, 1933an, Donostiako Herrera auzoan. Oso gaztetan hil zitzaion aita, eta, etxera dirua eramateko premiagatik, lanean hasita zegoen 10 urte betetzerako. Ume zaintzen, goma fabrikan, Donostiako ospitalean erizain… Emakume borrokalaria izan zen, eta irmo aritu zen lanean langileen eskubideen alde. 63 urterekin hartu zuen erretiroa, “ama zaintzeko”, eta Donostiako San Ignacio egoitzan bizi da gaur egun, “familiari karga gehigarririk ez jartzeko”. Ez dago geldirik egoteko, ordea, eta, 85 urterekin, Mintzanet programari esker, ordenagailu bidez Nafarroako emakume bati euskaraz mintzatzen laguntzen aritzen da astean bi aldiz. 2016an izan zuen baxualdia ahaztuta, erabat piztuta, “lasai, gustura eta pozik” bizi dela aitortu du.

Alde ederra egongo da garai bateko sukaldeko saguetatik gaur egungo ordenagailuetako saguetara, ezta?

Haiek bezain azkarra da hau ere, ez pentsa [barrez]. Askotan ez da joaten nik nahi izaten dudan lekura.

Nola sortu zitzaizun aukera Mintzanet programan izena emateko?

10:00etatik 13:00etara, goizero hainbat ekintza egiten ditugu hemen, eta gizarte langileak aipatu zidan euskaraz ondo hitz egiten dudanez ea animatuko nintzen ordenagailu bidez beste batekin euskaraz aritzera. Nik ez dut ondo hitz egiten euskaraz, ez dudalako ikasi; analfabetoa naiz. Etxeko euskara da nirea. “Nik nola irakatsiko diot, ba?”, erantzun nion, “nik baino gehiago jakingo du berak!”. Ordenagailuen kontrakoa izan naiz, gainera, beti, baita 22 urtez Donostiako ospitalean erizainen zuzendari izan nintzenean ere, baina gustura aritzen naiz orain; hain txarra ere ez dela ikusi dut.

Gustatzen al zaizu teknologia berriek ematen duten aukera?

Kosta egiten zait pixka bat, baina gustatzen zait, bai. Astean bi aldiz aritzen gara ordenagailu bidez hizketan, astelehenetan eta asteazkenetan, egunean ordubete. Euskaraz aritzea da kontua. Hainbat gai lantzen ditugu, aldez aurretik prestatuta. B2 titulua atera nahian ari da, eta askatzea falta zaio. Erizaina da bera ere, eta, adibide modura, ni erizain zuzendari nintzenean medikuekin-eta nola moldatzen ginen aztertzeko asmoa daukagu hurrengo saioan, ez baikinen oso ondo moldatzen; gehiegi agintzen zuten medikuek. Gaixoekin harremana izatea gustatzen zitzaidalako egin nituen nik erizain ikasketak, baina gaixo askori aurpegia ikusi ere egin gabe joaten nintzen etxera askotan. Oso erizain gutxi geunden orduan, eta talde bat sortu genuen gure eskaerak lantzeko. Garai hartan aldundiarena zen ospitalea, eta hara joaten ginen protestan. Gaixoari pastilla bat ematea ez da gaixoa zaintzea: hori da gaixoak ez molestatzea. Orduan hasi ginen borrokan.

Zuk oso umetatik zeneukan barruraino sartuta ondokoei lagundu behar hori, 10 urte bete berritan hasi baitzinen ume zaintzen, ezta?

Hala da, bai. Herreran jaiotakoa naiz, eta jertseak-eta egiten zituen auzoko emakume batek. Gure ama alargundu ondoren, haurrak zaintzen hasi nintzen, trukean jostun ofizioa irakatsiko zidatela pentsatuz; baina ez zidatenez ezer irakasten, eta egunetik egunera lan gehiago ematen zidatenez, utzi egin nuen azkenean. 14 urterekin, berriz, Letamendia goma fabrikan hasi nintzen lanean, Intxaurrondon. Ia hamahiru urte egin nituen han, lan gutxi zegoela-eta jendea bidaltzen hasi ziren arte. Jendea bidali eta hurrengo egunean beste txanda bat egin behar nuela esan zidaten niri, lana aurrera atera behar zela eta goizez eta arratsaldez joateko lanera. Ezetz erantzun nien, etxera bidali zituzten haiei emateko lana, nire txanda bakarrik egingo nuela nik.

Berehala deitu zidaten, etxera joan behar nuela esanez. Langile batzordera joan nintzen egoera azaltzera, eta etxera joateko esan bazidaten etxera joan beharko nuela erantzun zidaten. Halaxe joan nintzen. Hasieran ez nuen jaso kalte-ordainik, baina epaiketara joan gabe, adiskidetze agiria sinatu genuen azkenean. Nagusiak estimu handia zidan, egia esan, eta honela esan zidan: “Miren, baina nola egin didazu hau?”. Zuzen erantzun nion eurek bidali nindutela etxera. Lanera bueltatzeko eskatu zidan, baina ordurako lana aurkituta neukan Kontadores fabrikan. Gogoan daukat 4.000 pezeta eman zizkidatela kalte-ordain gisa [24 euro]. Oso garai gogorrak izan ziren haiek.

Zer egoera aurkitu zenuen Kontadores fabrikan?

Toki guztietan bezala, kexa eta greba giroa zegoen han ere, eta sindikatu bertikala zegoela konturatu nintzen; han ezin zen ezer egin. Langile batzordean sartuta, agian, zerbait egin nezakeela pentsatu nuen, eta sartu egin nintzen. Gipuzkoako metaleko langile batzorde guztiek bilerak egiten genituen tarteka, eta presidenteorde izendatu ninduten berehala. Barrutik ere gauza askorik ezin zela egin konturatu nintzen, baina saiatu ginen, behintzat.

Nolako egoera zeneukaten etxean? Zer-nolakoa zen garai hartako bizimodua?

Diru premia handia geneukan familian, eta etxerako izaten zen irabazten genuen guztia; zazpi pezeta irabazten genuen astean [0,04 euro]. Lau ahizpa ginen etxean, bigarrena naiz ni, eta oso gazte hil zitzaigun aita. Azaroan hamasei urte beteko dira, berriz, ama hil zela; 96 urterekin hil zen. Guri ez zitzaigun falta izan janaririk; gogoan daukat gerra garaian ere zer edo zer izaten zela beti mahaian. Xerra erdia-edo jartzen zigunean, zera esaten nion amari: “Ama, Gabonetan xerra osoa jarri guri, e!”. Etxe aurrean geneukan denda, eta janaria noiz iritsiko begira egoten ginen, bila joateko. Juxtu-juxtu ibiltzen ginen, eta hamaika lekutan aritzen zen lanean ama.

30 urterekin, mailegua eskatu zenuen batxilergo ikasketak egiteko, eta erizaintza ikasketak egin zenituen jarraian.

Zain egon nintzen hiru ahizpak ezkondu arte, eta 32-33 urte nituela egin nuen batxilergoa, etxetik lehenengo, eta institutuan azken urtean, 14-15 urteko neska-mutilekin. Parrokian lanean aritu nintzen aurretik, eta Juan XXIII.a eskola profesionala sortu genuen Altzan, apaiz baten laguntzarekin. Emakumeentzako Espainiako lehen eskola profesionala izan zen hura. Beti hasten, beti hasten, horrela ibili izan naiz ni bizitza guztian; gauza bat ez bazen, bestea buruan. Joaten nintzen lekura joaten nintzela ere, gauzak iritsi nintzenean baino hobeto uzten saiatzen nintzen beti.

Ez al zenuen tentaziorik izan ahizpen bide berari heltzeko?

Ez. Izan nuen bikotekide bat, goma fabrikako langile bat. Soldaduskan zegoela, enpresako nagusia etorri zitzaidan behin, esanez mutila baimenarekin zetorrela eta enteratu zela egun hartan ez nintzela lanera joango. Ezetz, lanera joatekoa nintzela erantzun nion, ez nuela jai hartuko, ordurako erabakita neukalako mutilarekin ez jarraitzea. Gauzak serio joanez gero, ezkondu-eta egin beharko nuela ikusi nuen, eta konturatu nintzen ezingo nuela jarraitu besteen alde lanean; etxea zaindu beharko nuen, eta aukera gutxiago izango nuen nire zereginetarako. Ez naiz damutzen emandako pausoez.

Ikasketak amaituta, hogei urte baino gehiago egin zenituen Donostiako ospitalean, erizain. Nola zegoen osasun sistema?

Mojak zeuden orduan ospitalean, eta otoitzak-eta egiteko denbora hartzen zuten. Zortzi orduz aritzen ginen lanean, eta, lau pisutan, ehun gaixori baino gehiagori kasu egin behar izaten zien erizain bakoitzak. Ez ginen iristen, eta mugitzen hasi ginen. Talde bat sortu genuen gure eskubideen alde borroka egiteko, eta aldundian, halakoren batean, sortu zuten ospitaleko batzordea. Erizainen lana ez zen baloratzen orduan, medikuena bakarrik hartzen zen kontuan, eta hori aldatu beharra geneukala esaten nuen nik. Ospitaleko pisu bakoitzean erizain talde bat izatea lortu genuen azkenean, eta baita erizain laguntzaileak izatea ere. Erizainen lana eta medikuena, bakoitzarena zein zen zehaztea izan zen hurrengo pausoa. Osakidetza sartu zenean hobetu ziren baldintzak benetan.

1933an jaio zinen, gerra atarian. Zer oroitzapen dauzkazu?

Nire ahizpak ez bezala, oso ume bihurria nintzen ni; ahizpa zaharrenak bizpahiru urte egiten zituen, agian, soineko berberarekin, eta urte bakarrean bizpahiru behar izaten nituen nik, puskatu egiten nituelako. Herrerako tren geltokiaren ondoko etxe altu horretan bizi nintzen ni, eta jolasean ibiltzen ginen etxe aurreko errepidean; gogoan daukat Altzatik karroan jaisten zituztela esnea eta barazkiak. Zigorrak franko izaten genituen ume garaian, baina amarekin sekula ez nuen izan arazorik; asko babesten gintuen.

Euskara etxetik ikasi zenuten zuek, baina kalean entzuten al zen batere?

Amarekin ikasi genuen euskaraz, bai, baina kalean ezin zen hitz egin. Ni 8 urterekin atera nintzen eskolatik, Espainiako banderari begira gloria, gloria… kantatuz.

Gaur egun, jakinda ere, askok ez dute hitz egin nahi izaten euskaraz. Zer esango zenieke horiei?

Garai gogorrak igaro genituen guk, eta ikastolen sorreran, esaterako, Herreran bertan aritu nintzen ni eskola batzuk ematen. Pena ematen dit mantentzea hainbeste kosta zaigun hizkuntza gaur egun gehiago ez erabiltzeak; hainbeste aukera izan eta aukera horiek galtzea… Ikastoletan bertan ere jolastokira atera eta gaztelaniaz aritzen dira haur gehienak. Ez dakit zer ari zaigun gertatzen, eta ezkor nago. Euskal Herria bera arriskuan ikusten dut, haur gutxi ari direlako jaiotzen eta adineko asko gaudelako. Altza aldean badaukagu esperientzia; Espainiatik jende asko etorri zen garai batean, eta horiek ez ziren moldatu edo guk ez genien lagundu gure errealitatera moldatzen. Mundu paralelo batzuk sortu zituzten, eta arrisku hori daukagu berriz ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.