Trenbidearen araberako hirira

Trenbidearen araberako hirira

Julen Aperribai

Irungo Hiria Gara proiektua martxan jarri zen legealdi moduan gogoratuko dugu pasa berri dena”. Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen osteko agerraldian, legealdia errepikatuko duen ziurtasunarekin aritu zen hizketan Irungo jarduneko alkate Jose Antonio Santano, Hiria Gara udal gobernuaren proiektu nagusiaren inguruan. Bihar argituko da beste lau urterako kargua berritzerik izango ote duen edo ez, baina baietz dirudi, EAJk joan den larunbatean baieztatu baitzuen azkenean ez duela aurkeztuko Xabier Iridoiren hautagaitza.

Proiektu urbanistiko baten bidez hiriko trenbidearen ingurua eraberritzeko asmoa du Irungo Udalak, eta eremu hori urbanizatzeko prozesua abian jarri nahi du legealdi berrian. Urtarrilean sinatu zuten proiektuari bultzada emateko akordioa udalak berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Trenbide Sareak eta Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak.

30 milioi euroko aurrekontua dauka proiektuak, eta tren geltoki berria eraikitzera bideratuko dituzte 23 milioi. Trenbidearen gainean eraiki nahi dute geltoki berria, eta trenbideak banatzen dituen bi auzoen lotura ere egingo du. Renfek, Adifek, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak kudeatuko lukete geltokia, hainbat zerbitzu eskainiko bailituzke; tartean, Abiadura Handiko Trenarena. 30 milioi euroko aurrekontutik, beste zazpi milioi euroak ingurua eraberritzera bideratuko dituzte. Adifena den eremua libratu, eta eremu urbanistikotik ateratako irabaziekin finantzatu nahi dute proiektuaren zati handi bat.

“Trena hirira iritsi zenetik izango den hirigintzako birsorkuntza proiekturik garrantzitsuena izango da”. Santanok hala izendatu zuen proiektua, urtarrilean sinatutako akordioaren ostean. Izan ere, mugikortasun arloan eta hirirako sarbideetan ez ezik, bertako jardun ekonomikoan eta bizimoduan ere erabateko aldaketa eragingo du proiektuak. 360.000 metro koadroko eremu bat berritu nahi dute Irunen erdigunean. Trenbideari irabazitako lurren gainean eraiki nahi dute proiektua, tren geltoki berri bat tartean. Hori bai, pixkanaka egingo dute eremuaren birmoldaketa.

Momentuz, 64.000 metro koadroko eremuan esku hartzeko aukera du udalak, Adifek bere eskumeneko hainbat lur erabileratik kanpo utzi ostean. “Udalak egin dezakeena da prozesu urbanistikoa martxan jarri, eta lur horiei, Adifek erabileraz kanpo utzitakoei eta inguruko zenbaiti beste erabilera bat eman”, azaldu du Naiara Zabala Irungo Udaleko arkitektoak eta Hiria Gara proiektuaren arduradun teknikoak. Hiri antolamenduko plan orokorrean “aldaketa txiki bat” egin beharra dauka udalak horretarako. Aldaketa txiki hori udalbatzan onartu beharko du udalak, hala eskatzen baitu lurzoruan egin beharreko edozein aldaketak.

Hasierako fasea osotasun baten barruan ikusten du Zabalak: “Etorkizunean, hiriak beste zatiak garatzeko aukera duenean, kohesio bat beharko da zati guztien artean”. Proiektuaren orain arteko diseinua hiritarrei helarazten aritu da udala azken hilabeteotan. Informatzeko eta herritarrek parte hartzeko hainbat saio egin ditu udalak, eta Zabalak ziurtatu du prozesu horretako ekarpenak kontuan hartuko dituztela hurrengo fasean. “Herritarrei parte hartze prozesu guztian galdetu diegu ea egindako bidea aproposa iruditzen zaien eta ea nahiko informazio badaukaten. Baietz erantzun dute gehienek”. Ekarpenak jasota, proiektuaren irizpideak eta helburuak zehaztuko dituen dokumentua lantzen ari da orain udala.

Geltokiaz gain, ingurua

Irungo Udalak hiriaren garapenerako “estrategikotzat” jo du proiektua, eta hala uste du Zabalak ere: “Aukera berezia da. Hiriaren erdigunean egongo da, eta hiria bera toki estrategikoan dago, Gipuzkoaren eta EAEren Europarako atea delako”. Udalak Hiri Barruti Berritzaile izena eman dio eremuari. Garraioari loturiko azpiegituretara ez ezik, ezagutzara, jardun ekonomiko berritzailera, eragile teknologikoetara, ekipamenduetara, ekintzailetzara, etxebizitzetara eta merkataritzara bideratu nahi du trenbideari irabazitako 64.000 metro koadroko ingurua.

Udalak ikerketa bat egin du lur horietan garatu daitekeen jardun ekonomikoaren inguruan, eta antzeko prozesuak bizi izan dituzten Europako zenbait hiri hartu ditu adibidetzat: Lille (Frantzia), Goteborg (Suedia) eta Kopenhage (Danimarka), besteak beste. Horrez gain, ikerketa batek kontuan hartu ditu hiriaren ezaugarriak. “Eta ondorioztatu dugu hau izan daitekeela EAEn intermodalitate handiena duen proiektua, eta hiri barruan dagoen bakarretakoa”.

Udalak aurreikusi du erabilera askotako espazioa izango dela, eta Zabalak onartu du hainbat enpresak bertara lekualdatzeko asmoa agertu duela; mugikortasunarekin lotura daukaten enpresak dira gehienak. Ezagutzarako espazioak ere sortu nahi dituzte. “Unibertsitateak edo beste formakuntza maila batzuetako eragileak sar daitezke; bai publikoak, bai pribatuak”. Enpresa pribatuak, eragile teknologikoak, erakunde publikoak eta ezagutzaren eragileak Hiri Barruti Berritzailearen barruan kokatu nahi ditu udalak. Etxebizitza berriak ere egin nahi dituzte, baina oraindik zehazteke daukate etxebizitza horien antolamendua.

Oraindik ez dago argi udalak nola kudeatuko duen eremua. “Ordenantzarik ez dagoenez, ezin da hitz egin azalera zehatzen inguruan”. Dena den, zati handi bat publikoa izango dela azpimarratu du Zabalak: “Alde batetik, legeak dio publikoa izan behar duela lurzoruaren zati handi batek, eta, bestetik, ulertzen dugu espazio publikoak egiten duela espazioaren erabilera askotariko horien guztien arteko lotura”.

“Epe luzerako proiektua” da Hiria Gara, baina hasiak dira urratsak egiten. Adif, momentuz, garbiketa lanak egiten ari da bere eremuan. Bulegoetako lanak ere “luze” joko duela uste du Zabalak, eta erakunde publikoekin egin beharreko lanean jarri du fokua. Legealdi berriak proiektua egonkortu dezakeelakoan dago: “Uste dut udal egitura berriarekin martxa hartuko dugula, eta ea datorren urtean lortzen dugun emaitzak ikustea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.