Antzerkiari ziztada berriak emateko

Antzerkiari ziztada berriak emateko

Erik Gartzia Egaña

Errenteriako Mikelazulo elkarteak urte asko daramatza sormenaren faktoria izaten. Iaz, baina, bidegurutze batera iritsi zen hortik sortutako kumeetako bat: Eztena arte eszenikoen jaialdia. Iaz, hamargarren ekitaldia izan zuen jaialdiak, eta antolatzaileek ez zekiten agurra ala ziztada moduko bat, inflexio puntu bat izango zen. Hala azaldu du Oier Guillan Eztenaren antolakuntzan buru-belarri lanean ari denak: “Hamar urteotan jaialditik igaro den jendea gonbidatu genuen ospakizun galara, eta orduan ikusi genuen zenbat jendek baloratzen zuen urteotan egindako lana eta zer garrantzitsua zen horrelako plazak eskaintzea”. Animatu egin ziren erantzunarekin. “Baina, jarraitzekotan, ezin zuen jarraitu ordura arte bezala; etapa bat amaitu zela sentitzen genuen”.

Gaurtik etzira ikusi ahal izango da saiakera berri horren emaitza. Aspaldi hasi ziren lanean, formatua “modu erradikalean” aldatuta, Eztenaren betiko espiritua alde batera utzi gabe. “Hiru estreinaldi bultzatzea polita izango zela pentsatu genuen, eta Eztena jaialdiaren aurreko asteetan sortuko ziren obra horiek, laborategietan”, zehaztu du Guillanek. Ondorengoak izango dira estreinaldiak eta zuzendariak: Espe Lopezen La mirada, Metrokoadroka kolektiboaren Aldarri, eta Horman Posterren Eraikitzen gaituzten hitzak.

Deialdi ireki baten bidez osatu dute estreinaldi bakoitzean parte hartuko duen aktore taldea. Hainbat herritako aktoreak izango dira Errenterian, baita Euskal Herritik kanpokoak ere. Guillanek azaldu duenez, jende askok eman zuen izena parte hartzeko, eta aukeraketa lanean aritu dira. “Azken asteotan buru-belarri ari gara lanean. Hogei pertsona eta antzezlan bakoitzaren zuzendariak ari gara zeregin horretan”. Antolatzaileak zehaztu duenez, Eztenaren filosofiarekin bat egiten duten herritarrak hurbildu dira laborategietara. “Aktoreak dira gehienbat, antzerki estilo ugaritakoak eta hainbat egonezin dituztenak. Antzerkiaren mundu zabalean interesa piztu du proposamenak”.

Antzokia, sotoa eta kalea

Hiru formatutako lanak sortzen ari dira. Antzokirako moldatutakoa da bat, La mirada. Formatu txikikoa da beste bat, Eraikitzen gaituzten hitzak, eta soto batean egingo dute. Aldarri, berriz, kalerako prestatu dute, eta egun bakoitzean toki desberdin batean eskainiko dute: “Zumardian, Beraunen eta jaialdiaren erdigunea izango denaren backstage-an”.

Antolatzaile taldeko kideak azaldu duenez, Eztenaren formatu berrian “estreinaldirako bidea edo prozesua” da garrantzitsuena: “Garrantzi handia ematen diogu gauzak egiteko moduari; ez produktuari berari, baizik eta gauzen zergatiari eta nolakotasunari. Emaitza baino baliotsuagoa da aktoreen bi aste hauetako bizipena”. Hainbesteko garrantzia eman diote prozesuari, ezen beste hiru sortzaile ere ari diren jarraipena egiten: Alaia Martin dokumentazio lanean ari da; Amets Badiolak argazki kronika egingo du, eta Zazpit’erdi ekoiztetxea grabaketa lanetan ari da. Liburu bat edo dokumental bat egin nahi dute gero.

Metrokoadroka kolektiboko kidea da Guillan bera, eta zuzendaritza lanetan ere ari da, beste lau lagunekin batera; Aldarri antzezlana ontzen ari dira guztiak. Errenterian oinarrituta dago, eta herrian bertan bakarrik eskainiko dute, asteburu honetan. “Ez da beste edozein tokitan egin daitekeen ikuskizun bat; tokira bertara moldatutakoa da. Herriarekin, bertakoekin elkarrizketan jarri ditugu aktoreak”. “Talka” horretatik sortu dute antzezlana. “Kanpoko begirada bat eskainiko dio herriari, egunerokotasunean txertatuko dute, eta herriari bueltatuko diote. Ispilu lana egingo dute”.

Guillanek zehaztu du Eztena jaialdiko zuzendari bakoitzak “bere erara” kudeatzen duela elkar ezagutzen ez duen aktore taldea. Alde horretatik, Metrokoadrokan hasieratik saiatu dira jolasen eta esperientzien bidez “elkarbizitza bat sortzen”. Ondoren, pixkanaka sortu dute antzezlana. Horren erakusgarri, azalpenak ematean Guillanek berak ere artean ez zeukan erabat argi Aldarri antzezlana nolakoa izango zen.

Antonin Artaud frantziarraren hitzak erabili izan dituzte Eztenaren filosofia deskribatzeko: “Erritual bat da antzerkia, erraietatik bultzaka datorren izurrite gordin eta eder bat”. Eztenkada bakarra eman ondoren, hil egiten dira erleak, eta eztenak ziztada bakarrarekin zabaldu du izurritea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.