Etiketarik gabeko melodietan

Irati Saizar Artola

Villabona-Amasako Santio jaietan hasi zen guztia, 2016an. Jon Urbizu saxofoi jotzaileak denbora bat bazeraman musika talde berri bat sortu nahian, eta parrandan tupust egin zuen Antton Telleria bateria jotzailearekin. Jai giroa tarteko, gonbidapena egin eta jarraian eman zion baiezkoa Telleriak. Adi taldea hortxe hasi zen forma hartzen.

Taldearen sorrera hartan, Mariano Hurtado baxu jotzailea izan zuten hirugarren kidea, eta hirurek grabatu zuten bost abestiz osatutako diskoa. Jarraian, taldea utzi zuen Hurtadok eta “krisi momentu bat” pasatu zutela aitortu du Telleriak. “Diskoa grabatu berri genuen, eta prest geunden guztiarekin hasteko. Baina, bat-batean, baxu jotzailea falta genuen; noraezean ibili ginen”. Beste bide bat ireki zien, ordea, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin zuten poesia errezital batean jotzeko aukerak. Urbizuk ezaguna zuen Joanes Ederra zarauztarra eta hura aritu zen baxu jotzaile kontzertu horretan. Egiten zuten musika gustuko zuela onartzearekin bat, taldekide bihurtu zen.

Hiru lagun taldean: bi tolosar eta zarauztar bat. Hortik, betiko galdera: “Nongoa da taldea?”. Bi lagun, baten aurka. Telleriak onartu du Ederrak hasieratik eman izan duela amore: “Izan ere, Tolosan egiten ditugu entseguak, eta bi tolosar gara; beraz, Tolosakoa da taldea”. Hala ere, kontzertuetako aurkezpenetan, Urbizu ez da esan gabe geratzen Tolosako taldea dela, bai, baina baxu jotzaile zarauztarra dutela.

Saxofoia, baxua eta bateria. “Ezin da deskribatu guk egiten dugun musika”, azaldu du Urbizuk: “Zaila da”. Ez dute oso gogoko etiketak jartzea eta sailkatzea, baina behin baino gehiagotan eman behar izan dituzte azalpenak: “Taberna batetik-edo deitzen gaituztenean, zer jotzen dugun galdetzen digute, eta zerbait erantzun behar izaten da hor; jazz rock gisa definitu izan dugu gure musika”, azaldu du bateria jotzaileak. Gogokoago dute, ordea, Karlos Osinaga Txap Bonbereneako teknikariak haien diskoa entzutean emandako definizioa: “Kea dario zuen musikari”.

Musika instrumentala egiten dute, letrarik gabea. Etiketak gustatu ez arren, zalantza izpirik ez dute eurena euskal taldea ote den galdetuta. “Euskarazkoak dira diskoaren eta kantuen izenak; beraz, euskal taldea garela esan beharko dugu”, dio Urbizuk. Telleriak zalantzati erantzun dio saxofoi jotzaileari: “Zuk euskaraz jotzen duzu saxofoia?”. Euskaraz egiten dituzte kontzertuetako aurkezpenak, eta sare sozialetan ere ez dute erabiltzen beste hizkuntzarik; hori horrela, euskal taldearen etiketa jarri diote euren buruari.

Telleriaren hitzetan, Urbizu da oraindik ere taldearen motorra, lehen hariak mugitu zituen pertsona. Sortze prozesuan, esaterako, konpas batzuk osatuta eramaten ditu entseguetara, melodia bat eginda. Hortik tiraka sortzen dute denen artean abestia: “Jon da sortzailea, eta moldatzaileak gara Joanes eta biok”, zehaztu du Telleriak.

Musika proposamen “ezohiko samarra” izanda, ikusleen erantzunaren zain egoterik ez dagoela dio bateria jotzaileak: “Jotzea da gure helburua, disfrutatzea eta disfrutaraztea”.

Disko bakarra kaleratu dute oraingoz. “Baina gauza asko dauzkagu esateko”, azaldu du Urbizuk. Hiru urte pasatu dira taldea sortu zutenetik, eta kontzertu sorta bat eman dute jada. “Kontzertuak ematen ari gara, baina bost kanturekin ezin da eman kontzerturik”, azaldu du Urbizuk. “Kantu berriak baditugu, material berria badugu, eta ona da hori, gauzak kentzeko edo aukeratzeko ahalmena ematen duelako. Buruan daukagu beste disko bat kaleratzeko intentzioa ere”. Primiziak primizia, ez dute aurreratu datarik.

Udarako motorrak berotzen

Udaberri erdirako, sei kontzertuko bira lotuta zuen Adi taldeak. Lehen bi kontzertuak emanda, hirugarrenaren bila doaz orain; gaur dute horretarako eguna. Izan ere, gaur iluntzean egingo dute kontzertua, Tolosako San Joan jaietan, etxean. Plaza Berrian entzun ahalko dira, 23:00etatik aurrera. Izaki Gardenak taldea taularatuko da Adirekin batera.

Hamabi kantu prestatu dituzte orain arte aritu diren plazarik handienean jotzeko. “Berezia da lekua, orain arte jo dugun handiena, eta erronka handia izango da guretzat”. Izan ere, taberna, elkarte eta gaztetxeen gisako leku itxietan jo izan dute orain arte. “Giro bildua eduki izan dugu normalean, goxoa eta intimoa, eta oso leku handia da Tolosako Plaza Berria”.